Nora Arbelbide Lete / 2015-09-04 / 562 hitz
Elikagaietan zenbat pozoi gordetzen den eta hori nola den posible azaltzera joango da zientzialaria igandean Lekorneko Garroa gaztelura, han egingo duten Asunak bestan parte hartuko du.
Tumorez bete arratoien argazkiek munduaren itzulia egin zuten. Arratoi horien ondoan zientzialari bat zegoen: Gilles Eric Seralini (1960, Bone, Annaba, Aljeria). Roundupak eta Genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) epe luzean eragin kalteen frogatzeko azterketen emaitzetako bat izan zuen hura. Aspaldian ari da Seralini epe luzeko ikerketa independenteak bultzatzen. Azken argitalpena Jerome Douzelet sukaldariarekin osatu du: Plaisirs cuisines ou poisons caches (Plazer kozinatuak ala pozoi ezkutatuak, Acte Sud).
36 pestizida, 128 hondakin kimiko eta beste 81 lehengai. Hori da egun bakarrean jan dezakeguna supermerkatuetan erosiarekin, biologikoak ez diren elikagaiekin.
Bai, banaz bertze bat da hori. Elikadura biziki kutsatua da gaurko egunean. Kontrolatua ez den janari industrialez elikatzen gara.
Zehazki, nola da posible?
Kutsatua den elikadura bati zernahi produktu kimiko gehitzen dizkiote. Pestizidek, metal pisuek edo garraioen gasek kutsatua duten elikadurari kontserbadoreak gehitzen dizkiete, gehigarriak, hormonak. Petrolioez eginak direnak gehienak. Produktu nahasketa horrek gaixotasun kronikoak laguntzen ditu izugarri. Produktu horiek hiltzeko eginak dira jatorrian. Gure zelula eta organoen artean hondarra sartzen balitz bezala da.
Gure gorputza elikatzen dugula uste dugu, baina pozoitzen ari gara, ohartu gabean.
Nire ustez, ohartu gaitezke. Familia guztiak eri dira. Gaixotasun kronikoak dituzte. Izan dadin minbizia, hormonei lotu eritasunak, zainetakoak, edo ugalketari lotuak. Medikuntzak ezin ditu esplikatu gaixotasun horiek bakterio edo birusen kopuruen emendatze batekin, edota genetikoki. Aldiz, jakina da kutsadura kimikoek sorraraz ditzaketela.
Janaria ez dela kontrolatua diozu. Baina alta kontrolak badira. Liburuan, ordea, salatzen duzu horien zorroztasun zientifiko eskasa.
Lobby-en mafia salatu nahi dugu liburuan. Epe luzeko osasuna, beren epe laburreko irabazien aldarean sakrifikatu dutela. Horien artean daude, bai industrialak, baina baita osasun agentziak eta aditu zientifikoak. Epe luzeko ondorioak neurtzeko azterketak ez dituzte egiten. Pestizida, erremedio eta produktu kimikoentzako baimenak gezurrezko konfidentzialtasunean oinarritzen dira.
Konfidentzialtasuna ere sakonki kritikatzen duzu liburuan.
Fabrikatze sekretua babestea normala da. Baina osasun eta ingurumenari lotu azterketak jakinarazi egin behar dira. Eta ez dira jakinarazi. Sekretu industrialarekin nahasten dituzte nahitara. Alta, legeak badira. Baina ez dira errespetatuak. Horregatik, auzi bat irabazia dugu Monsantoren aurka. GEOari lotu azterketak jakinarazi egin behar izan dituzte. Nahasten dituzte arriskuen gardentasuna eta osasun agentzien iritziak. Osasun agentziek aditu ustelek infiltratuak dituzte. Horren baieztatzeko aukera ukan dut, bederatzi urtez aditu gisa aritu naizelako osasun agentzia horietan.
Anitzek pentsatzen dute zientzia aitzinamenduaren sinonimo dela.
Hori dena ez da zientzia. Hori da produktu teknologikoen abiadura biziko garapena eta komertzializazioa. Eta hori ez da aitzinamendua. Baina, luzaz, gai horrekin ezkondu dute zientzia.
Beste zenbaki bat: 1950ean banana batek zuen bitamina A kopurua lortzeko, bost banana behar dira jan gaurko egunean.
Bai. 50 fruitu behar dira orain, lehengo fruitu bakarraren elikatzeko gaitasuna lortzeko. Abiadura bizian hazten direnak hautatu direlako. Eta ororen buru, kaloria hutsak dira. Ez dira uzten barazkiak emeki hazten, behar bezala osatzen.
Dena ez da beltza. Zuen liburuan zenbait soluzio dakartzazue.
Bai, hala da. Norberak bere elikadura kontrolatzea. Tokikoak eta tratatuak ez direnak hautatzea, laborariak nola lan egiten duen jakitea. Baratze bat eskuragarri izatea. Sasoikoak jatea. Askotariko elikadura izatea. Ez betiko zerealak. Irrisa, garia, artoa eta sojak osatzen dute munduko elikaduraren %60.
Gorputzetik toxikoak kanporatzeko trukoak ere ematen dituzue.
Landare eta fruitu naturalak, baldintza onetan hazi direnak, garbitzeko balio duten ongailuz beteak dira.
Adibide zehatzik?
Azido ferulikoa eta azido kafeikoa. GEOetan eskas dira. Gibela eta giltzurruna garbitzeko balio dute. Orokorki hartuz, menda, erromania, perrexila, xarbota, banillaren ongailuak… medikuntza tradizionalak hautatu zituen, justuki, garbitzeko eta digestioa laguntzeko balio dutelako. Belarrek gustua, ahogozoa eta gibeleko entzimak estimulatuko dituzte. Entzimek gure gorputzeko kutsadurak kentzen dituzte.