Iñaki Lasa Etura / 2015-09-25 / 879 hitz
Informazioa oroimenean atxikitzeko abilezia berezia dute memoria azkarra erabiltzen dutenek, eta edonork egin dezake hori, burmuina garatuta. Egunerokoan ere baditu onurak: hezkuntza arloan eta buruko osasunean.
Sistema bitarreko zenbat zenbaki ikas ditzake pertsona batek buruz hiru segundoan? Bost? Hamar? Hamabost, asko jota? Bada, 80 zifra memorizatzeko gai da Ramon Campayo (Ayna, Albacete, Espainia, 1965), munduko markaren jabea. Memorizatzailea da Campayo, harritzeko moduko abilezia du ikusten dituen irudi edo zenbakiak oroimenean gordetzeko. Eta ez da kasu bakana, hainbat pertsonak garatu dute beren memoria azkarra. Pentsa daitekeenaren kontra, espainiarrak garbi du edonork gara dezakeela halako ahalmena: «Jendeak uste du estralurtarrak garela, edo oso pertsona bereziak; baina ez da hala, edonork treba dezake bere memoria. Interesa baduzu, entrenatzeko prest bazaude, zure gaitasuna areagotzeko gai zara».
Baina, zer da zehazki memoria azkarra? Nola memoriza ditzake pertsona batek hainbeste zenbaki hain denbora txikian? Campayok du erantzuna: «Ezinbestekoa da oso azkar irakurtzea; agudo, eta zehaztasun osoz. Gurea ez da zeharkako irakurketa». 2.500 hitz irakurtzen ditu minutuko, 40 hitz segundo bakoitzeko; eta azkarrago egin dezake. Baina azkar irakurtzea ez da aski, irakurritakoa barneratu egin behar baita. «Prozesatu egin behar duzu, memorizatzeko azkartasuna garatu. Horri oroimenean atxikitzeko gaitasuna deitzen diogu, eta entrenamendu bidez treba daiteke soilik». Kontzentrazioa ere ezinbestekoa da. «Ezin duzu arnasarik hartu, ezta begirik kliskatu ere; leherketa bat da».
Kontrakoa irudi litekeen arren, erraz has daiteke memoria azkarreko entrenamenduekin. Beharrezko material guztia dohainik eskura daiteke www.speed-memory.com webgunean. Campayok berak garatu du teknologia hori, eta mundu osoan homologatua dago. Zenbakiak, sekuentziak eta kolorezko figurak memorizatu behar dira ariketa horietan. Behin teknika hartuta, indarra lortzea besterik ez da geratzen, eta hori behin eta berriz praktikatzen erdiets daiteke. «Entrenamendu osoa da, eta egunerokoan nabari duzu. Abiadura handiko memorizatzailea informazioa oso azkar prozesatzeko gai da, eta mundua oso erritmo geldoan mugitzen dela iruditzen zaio. Guztia egiteko denbora ematen dio». Asko entrenatzea da gakoa. Eliteko memorizatzaileek bospasei egun entrenatzen dute astean, ordubete inguru. Asmo apalagoak dituztenentzat, berriz, nahikoa da egunean hamar bat minutu entrenatzearekin. Horrekin, jada, onurak nabari daitezke.
Hezkuntza eta osasuna
Baina, zertarako balio dezake eguneroko bizitzan zenbakiak eta geometria figurak memorizatzeak?, pentsa dezake batek baino gehiagok. Bi dira memoria azkarraren onura nagusiak: hezkuntza arloa eta buruko osasuna.
Alzheimerraren moduan, memoria falta eragiten duten buruko gaixotasunak arintzeko baliagarria da burmuina trebatua edukitzea. Hainbat ikerketatan parte hartu du Campayok, eta ikusi du neuronen arteko sinapsiaren abiadura bikoiztu egiten dela entrenatzen ari denean, askoz bortitzagoa dela sinapsi hori. Neuronek indar handiarekin lan egiten dute, gihartu egiten dira. Hala, adinean gora egin ahala neuronak galdu arren, osasuntsuak dira geratzen direnak, ez daude kalteturik.
Hezkuntza arloan, memoria sekulako tresna baliagarria da ikasketak prestatzeko. Ez da kasualitatea, beraz, memoria azkarraren munduan murgildu diren asko, oposizioak prestatzeko edo unibertsitateko ikasketekin laguntzeko asmoarekin hurbildu izana. Horregatik, memorizatzaile askok ikasteko hainbat teknika menderatzen dituzte, eta halakoak irakastea dute ogibide. Campayok azaldu duenez, «ikasteko teknika ikaragarriak daude. Norbait memorizatzaile ona bada, eta ondo ikasten badaki, abantaila ugari izango ditu».
Victor Rodrigo (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1989) da oposizioak prestatzeko ikastaroak ematen dituen memorizatzaileetako bat. El arte de estudiar enpresaren sortzailea da (elartedeestudiar.com/), eta hiriz hiri dabil ikasteko teknikak irakatsiz. «Izugarria da zenbat ate ireki dizkidan memoria azkarrak prestakuntza ikastaroak emateko orduan».
Goi mailako memorizatzailea da, eta hainbat lehiaketatan parte hartu du. Orain dela hiru bat urte hasi zen, eta aitortu du berehala konturatu zela memoria azkarrak eragin ziezazkiokeen onurez. «Kirol honen gauza atsegingarrienetako bat abiadura da, segituan ikusten duzu zenbat hobetzen ari zaren. Orain gaitasun handiagoa duela uste du Rodrigok: «Memoria azkarra praktikatzen dudanetik, informazio berria aztertzeko, ulertzeko eta oroimenean atxikitzeko gaitasun handiagoa daukat».
Iritzi berekoa da Alvaro Alonso (Cordoba, Espainia, 1984). «Buru bizkortasun handiagoa duzu». Alderdi askotan nabaritu du hobekuntza:«Oroimen hobea dut, hobeto prozesatzen dut informazioa, arreta handiagoarekin eta azkarrago; eta, noski, imajinazioa handitzen da, burmuinak duen tresnarik ahaltsuena». Egiten duenak zentzurik ba al duen galdetzen diotenean, erkaketa bat egiten du Alonsok: «Gimnasioan dagoen pertsona bati ez diogu galdetzen zergatik egiten dituen flexioak, gihartsuago egon nahi duela pentsatzen dugu. Berdin gertatzen da burmuinarekin, eta esker hobekoa da, gainera». Iaz parte hartu zuen lehen aldiz memoria azkarreko txapelketa batean, Valentzian, eta «oso gustura» egon zela azaldu du, lehiakideen artean oso giro ona dagoelako.
Ikusle gisa egon zen Fermin Abellan (Albacete, Espainia, 1973) Valentziako lehiaketan. Orain dela urte eta erdi hasi zen memoria azkarrean trebatzen, Campayok bultzatuta. Finantza aholkulari gisa lan egiten duen arren, gogoko du hezkuntza, eta ikasteko teknikak irakasten ditu zenbait ikastetxetan. Oraindik elitera iritsi ez bada ere, hasi da emaitza onak lortzen, eta pozik dago. «Buruargiago zabiltza, burmuinak lan gehiago eskatzen dizu, eta arin sentitzen zara». Bitxikerietarako tartea ere hartu du: «Ez dut telefono zenbakietarako edo pasahitzetarako agendarik; tira, badut bat, baina ez dut erabiltzen».
Emakumezko gutxi
Oraingoz, gizonezkoak gehiengoa dira memoria azkarraren munduan, emakumezko gutxiago daude. Horrek ez du esan nahi andrazkoak maila apalagoan dabiltzanik. Izan ere, Chus Garcia munduko memorizatzaile onenetako bat da, eta ez da bakarra.
Memoria azkarraren onurak bat baino gehiago izan arren, oraindik ez da errotu gizartean. Bat egin dute horretan Campayok, Rodrigok, Alonsok eta Abellanek; «tamalez». Ikastetxeetan halako ikasgai bat txertatzeko saiakera guztiak antzuak izan dira orain arte. Campayoren iritziz, akats bat da hori, «ikasgai garrantzitsuena» izango litzatekeelako, «nola ikasi behar den irakatsiko balute, prestatuago egongo ginateke».
Interesa duen oro memorian trebatzen hastera animatu dute, hobekuntza «segituan» nabarituko duelako. «Bizkortu dezatela burmuina edozerekin, hizkuntzak ikasten, solfeoarekin, nahi dutenarekin», zehaztu du Abellanek. Santiago Ramon y Cajal pentsalariaren hitzak ekarri ditu gogora Alonsok: «Gizaki orok ahal du, hala nahi izanez gero, bere burmuina zizelkatu».