Urtzi Urkizu / 2015-09-29 / 353 hitz
David Fincher zinemagilearen Seven filma 1995eko irailean estreinatu zuten aretoetan, eta harrera beroa izan zuen. Aste berean, ETB2 katean zinema saio batek bere ibilbidea hasi zuen: La Noche de… Felix Linares irrati esatari eta zinema aditua aurkezle, hogei urtez ez du saioak etenik izan. Eta, gaur, 20. urteurrena ospatzeko, Seven filma emango dute (22:30). Linaresen arabera, saioko taldeko kideei «detaile polita» iruditu zaie programaren debutarekin batera estreinatu zen film bat eskaintzea. «Denborarekin klasiko bat bihurtu da, gainera». Filmaren ostean, Paco Leonen Vaca paloma estreinatuko dute.
Duela hogei urte, saioaren helburu nagusia ondoren emango zen pelikula aurkeztea zen. Baina urteak igaro ahala, programak izaera propioa garatu du. Hainbat urtez ikus-entzuleen oso gogokoak izan ziren saioan jasotzen zituzten filmetako hutsak. Lehiaketak ere egiten zituzten hutsak bidaltzen zituztenekin. «Gaur egun, ordea, filmen hutsek ez dute funtzionatzen. Sare sozialetako materia dira, denek ikusi dituzte, eta, filmaren arabera, albistegietan ere ager daitezke», azaldu du programako aurkezleak. Ikusleek beste eskakizun batzuk dituzte orain, Linaresen arabera: «Bizkortasun handiagoa eta gaurkotasuneko kontuekin aritzea eskatzen dituzte. Lehen, klasiko zahar batzuk eskain zenitzakeen, baina egun ez, zailagoa da».
Ikusle datu onak
Saio batek hogei urtez irauteko ikusle datu onak behar ditu, eta halakoak izan ditu zinema programak. Paul Verhoevenek zuzendutako Basic Instinct filma aurrenekoz eman zutenean, pelikularen osteko tarteak %67ko ikusle kuota lortu zuen. Hogei urteotan ikusle gehien izan dituen filma, berriz, Jan de Bonten Speed izan da. Duela urte batzuetako ehunekoetara ez da iristen egun zinema saioa. Hala ere, katearen batez bestekotik gora dabil ia beti. Aurten, %9,7ko ikusle kuota lortu du, batez beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Linaresek nabarmendu du ikusleen partetik jasotako tratua «sekulakoa» izan dela: «Oso maitatuak sentitu gara. Zinemaz gehien dakigunak bagina bezala hartu gaituzte. Hogei urtez irautearen meritua ikusleena da».
La Noche de… saioan ematen dituzten filmak ez ditu Linaresek erabakitzen. «Nire irizpidea zinemazale batena da, eta ikuspuntu komertzial batetik, ez ginateke oso urrutira iritsiko». Aurkezleak urteotan tirabirak izan ditu ETBko programatzaileekin, aukeratutako film batzuen erruz. «Baina programatzaileen irizpideei esker, espero dut saioaz hemendik urte batzuetara hitz egitea». Film bat ala bestea izan, Linaresek bere estiloarekin segitzen du zazpigarren artearen datu, istorio eta pasadizoak kontatzen.