Arantxa Iraola / 2015-09-11 / 457 hitz
Orain arte ezagutzen ez zen giza espezie baten aztarnak aurkitu dituzte Hegoafrikan. Inoiz aurkituriko espezie zaharrena izan daitekeen susmoa dute. ‘Homo naledi’ izena jarri diote.
Ikusi nuen zerbait nire lan ibilbidean inoiz ikusiko ez nuela pentsatzen nuena». Era arranditsuan mintzatu zen atzo Lee Berger ikertzailea hedabideen aurrean. «Paleontropologo gisara 25 urte egin arren, ez nengoen horretarako prest». Hegoafrikako leize batean —Rising Star izena du, Johannesburgotik 50 kilometrora dago— aurkitutako giza fosilez mintzatu zen era horretan. Izan ere, Elife aldizkarian Bergerrek beste hainbat aditurekin batera argitaratu duen ikerlanaren arabera, orain arte ezagutzen ez zen giza espezie batenak dira: homo naledi izenarekin aurkeztu duten espeziearenak, hain justu.
Ikertzaileek azaldu dute Hegoafrikan hitz egiten den hizkuntza batean —sotho deitua— naledi hitzak izarra esan nahi duela, eta, atzo behintzat, hedabideetako izarra izan zen espezie berria: oihartzun handia izan zuen albisteak, eta hainbat adituk nabarmendu zuten aurkikuntzaren garrantzi apartekoa. Izan ere, espeziea australopitekoaren eta lehen homo espeziearen —homo habilis, orain dela 2,5 milioi urte inguru bizi izandakoa— arteko espezie bat dela iradoki dute aurkikuntza egin duten ikertzaileek: baieztatuko balitz, inoiz aurkitutako giza espezie zaharrena litzateke.
Dataziorik gabe
Alvaro Arrizabalaga arkeologoa (Oñati, Gipuzkoa, 1965) Aranzadi elkarteko kidea da, historiaurreko aditu esanguratsua: Lezetxikiko (Arrasate, Gipuzkoa) indusketetan haren gidaritzapean egin diren lanek egin dute, batez ere, ezagun. Arreta handiz erreparatu dio ikerketari. Bat dator mundu zabaleko beste hainbat zientzialarirekin: benetan kontuan hartzeko moduko ikerketa bat da. Aurkitutako fosil kopuruagatik, batez ere. Hamabost gizakiren hezurrak aurkitu dituzte aztarnategian —helduenak zein haurrenak—, eta argi du oso informazio garrantzitsua lortuko dela horiek ikertuta. «Froga» gehiago behar ditu, ordea, aurkeztu duten espeziea austrolopitekoaren eta homo habilis espeziearen arteko «zubia» dela ontzat emateko: «Zalantzak ditut kronologiari dagokionez, baina aurkikuntza oso garrantzitsua da».
Arrizabalagaren zalantzek motibo nagusi bat dute: aurkeztu dituzten hezurren datazioa egiteko dago. Aurkitutako hezurren irizpide «morfologikoetan» oinarrituta dago ikerketa, eta horiekin bakarrik nekez egin daiteke atzera historiaurrearen barrunbe lausoetan barna. Ohartarazi du, gainera, usu zailak eta luzeak izaten direla datazioak egiteko prozesuak. «Gutxienez urtebete-edo beharko da datazioren bat izateko», azaldu du. Esplikatu du fosiletan egindako neurketak usu ez direla «fidagarriak» izaten, eta saihestu egiten direla, gainera, askotan; materiala «txikitu» egin behar izaten da datazioetan, eta eragozpen handia da hori.
Hain justu, azaldu du datazioa aurkikuntza egin duten leizeko sedimentuekin eta faunarekin egingo dela: «Metodo ezberdinak badira horretarako». Eta ondorioak ikerketa horien emaitzei erreparatuta atera beharko dira: ez lehenago. Izan ere, ohartarazi du eboluzioaren alorreko ikerketetan izaten direla hainbat ezuste, usu iragartzen zailak. «Eboluzioan ez dago bide edo ildo bakar bat; badira, esaterako, bidezidorrak, eta inora ez doazen bideak».
Pentsamendu sinbolikoa
Hezur guztiak leize batean pilatuta aurkitu zituztenez, aurkikuntza egin duten adituek iradoki dute giza espezie horren «pentsamendu sinbolikorako gaitasunaren» erakusgarri izan daitekeela hori; hain justu, gizaki haien hobi bat izan daitekeela pentsatzen dute. Oso garrantzitsua litzateke aurkikuntza hori, baina, horren aurrean, are uzkurragoa da Arrizabalaga: «Artikulua behin eta berriz irakurri dut; ez dut daturik aurkitu hori frogatzeko. Horretarako bide luzea geratzen da».