Garikoitz Goikoetxea / 2015-09-20 / 1.336 hitz
Abantaila handi batekin heldu da Nafarroako Hezkuntza kontseilari postura Jose Luis Mendoza (Carcar, Nafarroa, 1954): urteetan izan da irakasle. Oso ondo ezagutzen du arloa. Ikasturte hasierako ekitaldiaren ondoren hartu du kazetaria, bulegoan. Hiru bandera ditu mahai alboan: Nafarroakoa, Europakoa eta Espainiakoa. Halere, departamentuan ari dira beste gauza batzuk aldatzen. BERRIA jasotzen dute orain. Kazeta honetako kazetariak ere bai: Jose Iribasen lau urteko betoaren ondotik, Nafarroako Hezkuntza kontseilariari egindako lehen elkarrizketa da.
Ia bi hilabete kontseilari. Nola aurkitu duzu departamentua?
Martxan zegoen. Hauteskundeek ez dute izan eragin handirik funtzionamenduan. Aurreko kontseilariarekin lau ordu eta erdiko bilera eduki genuen. Normaltasun osoz. Lehen erronka zen aurtengo ikasturtea martxan jartzea.
PAI Ingelesez Ikasteko Programak jarri du zeresana. Ikastetxe gehiagotan abiatu dute aurten…
Akordioan agertzen da moratoria. Ikasturte honetan ezinezkoa zen, hankaz gora jarriko baikenukeen funtzionamendua. Hori saihestu nahi dugu. Hasi gara ebaluazioa egiten. Ez dugu ezer aurkitu hemen, ordea. Programa bat indarrean jartzeko, beti egiten da memoria: helburuak, baliabideak eta ebaluazioa. Guk bakarrik dekretu bat aurkitu dugu. Garapen pedagogikorik eta egutegirik, ez. Gu hasi gara. Ikastetxeei galdetzen ari gara zer garapen izan duten. Departamentuak ez duenez zehaztu, eskola bakoitzak ahal duena edo nahi duena egin du.
PAIren ebaluazio hori departamentuak berak egingo du?
Bai. Objektibotasuna bermatzeko, batean programazio atala daukagu, eta bestean, ebaluazio atala. Ondorioak erabiliko ditugu hanka berriro ez sartzeko eta eredu on bat indarrean jartzeko. Baina ez guk bakarrik: hezkuntza komunitateari eskainiko diogu ekarpenak egitea. Ez ingelesez ikastea bermatzeko, baizik eta ingelesaren erabilera ahalik eta hobekiena izateko. Lortzen badugu ikasturte honetan, primeran. Bestela, moratoria egingo dugu, eta behar dugun denbora hartu eredu on bat egiteko, alderdi politiko guztiak inplikatuta.
EAEko hiru eleko eredua gustatzen zaizu? Gobernuak ezarri gutxienekoa, eta gero ikastetxeek autonomiarekin zehaztu.
Eredu bat izan da. Horrekin uztartzen dugu beste helburu bat: ahalik eta autonomia gehien ematea ikastetxeei. Denborarekin, zuzendaritza taldeak bihurtu dira Hezkuntza Departamentuaren enbaxada: zer egin behar den errateko, zer dagoen galarazia… Alderantziz. Hezkuntza komunitatearen solaskide izan behar dute departamentuaren aurrean.
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarterekin egon zara?
Bai. Erkidegoen konferentzian elkartu ginen. Nahiago nuke erkidegoko garapena hemengoa baino. Jakin izan dute nola garatu, LOMCE bortxatu gabe, bide ia propioa. Hemen, ez: salbuespen txiki batzuekin, aitzindari izan dira, eta batzuetan ematen du harago joan nahi zutela. Ez dakit hitz egokia den, baina joko zikina ere egin zuten: Batxilergoko curriculuma uztailean onartu zuten.
LOMCEri dagokionez, zure itxaropen bakarra PPk gehiengoa galtzea da? Baduzu B planik?
Lehena hori da. Baina horrek ere ez du problema saihesten. Nik konferentzian proposatu nien PSOEkoei, katalanei eta EAEkoei esatea lege berri bat behar dugula baina ez hau bezalakoa. Gutxienez, alderdi guztien artean adostua, PP barne, ahal bada. Hezkuntza lege iraunkorra, ez gobernu berri bakoitzak berea. Hori egiteko, agian, legealdi osoa erabiliko da. Esan nien PSOEkoei orain defenditzen dena gero gogoratzeko. Badira hainbat erkidego osasuneko eta hezkuntzako eskumenak itzuli nahi dituztenak. Nafarroan, ez. Guk berreskuratu nahi ditugu gobernu bakoitzak murriztu dizkigunak. Izan daiteke hiru-lau urteko trantsizio bat. Eskatu nuen bitartean uzteko guri gure curriculum propioa jartzen.
Eta planteamendu horrek badu aurrera ateratzeko aukerarik?
PSOEkoek onartu zuten.
Lehen Hezkuntzan azterketak egingo dituzte ikasturte honetan hirugarren eta seigarren mailan. Nafarroan ere bai?
Egingo ditugu. Legea bortxatu gabe, baina saiatuko gara gureak ere egiten.
Intsumisio kasuak izan ziren iaz. Zer egingo duzu halakoetan?
Ikusiko dugu. Ikasturte hasieran gaude, eta beste lehentasun batzuk ditugu. Lehengoan aipatu zidaten zergatik ez garen intsumiso LOMCErekin. Intsumiso orain, ikasturtea hasia dagoela? Nahaste-borraste gehiago familiengan? Ikasturtean zer gertatuko den, baditugu gure baliabideak eta planak egoera horri aurre egiteko.
Bakarka elkartu zara Iñigo Mendez de Vigo ministroarekin?
Bai. Konferentzia aurretik. Ordu eta erdi egon ginen, eta ordu laurden batean bukatu genuen alor pedagogikoa: uztarrezinak ziren planteamenduak. Hori bai, oso modu onak ditu. Gero hitz egin genuen Tourrari buruz, sanferminez, Nafarroa zein polita den… Modu atseginean.
Beraz, Hezkuntza ministroa jatorra da, baina berea egiten du.
Eskarmentua du. Pentsatzen dut Europan nahiko ondo zegoela, bizimodu lasaian, eta bat-batean jarri dute pil-pilean dagoen gai baten aurrean. Gainera, berak ez du baliabiderik. Lehenbiziko, gaiaz jabetu behar da. Pentsatzen nuen kontseilarien bileran izango zuela zerbait bere burua zuritzeko. Ez: jaun eta jabe egon zen. Batxilergoko dekretua atzeratzea bakarrik lortu zen; baina bi urte barrurako da, eta bera ez da egongo. Beraz, malgutasunik ez. Tira, gauza batean bai, baina ez dizut esango, zeren agian konturatu egingo da eta bertan behera utziko du.
LOMCEri buruz ari zara?
Lortu genuen hitz bat jartzea gai batean, eta horri esker irtenbideak izango ditugu.
D ereduaren zabaltzea kudeatzea dagokizu. Aurrematrikulan eskainiko da Nafarroa osoan?
Bai. Aurten, bai.
Orain bertan euskaraz ikasteko kilometroak egin behar dituztenek jasoko dute laguntzarik?
Bai. Jangelarako ere bai. Ziur aski, eskari asko herri txikietakoak direnez eta gutxienekora ez direnez iritsiko, eskualdeka antolatuko dugu D eredua: herri batean jarri, eta besteetatik garraioa. Beste ereduetan egiten den moduan.
Gutxienez zenbat ikasle eskatuko dituzue D eredua jartzeko?
Alda daiteke hori. Orain hamazazpian dago kopurua. Izan daiteke irizpide bat. Ezin zaio begiratu urte zehatz bati. Malgutasunez jokatu behar dugu. Landa eskolak izango dira beste lehentasun bat. Ez da soilik hezkuntzako afera: eskola desagertzen denean, berehala desagertzen da herria.
D ereduaren aldeko kanpainarik egingo du Nafarroako Gobernuak aurrematrikulazio aldian?
Bai. PSOEren azken gobernuan sortu genuen hizkuntza politikako zerbitzua, eta kanpainak egin ziren. Gobernuak argi dauka hezkuntza publikoaren aldekoa dela, eta horren barruan D ereduaren aldeko kanpaina egingo dugu.
Ikastolekin zer gertatuko da?
Haiek erabakiko dutena. Publiko bihurtzearen harira galdetu diet, eta ezetz esan didate.
D eredua ETArekin lotzen zuen txosten bat ezagutarazi zuten iaz. Eman dizute txosten hori?
Ez. Ea dagokionak hau irakurtzen duen eta kopia bat bidaltzen duen.
Lan eskaintza publikoa egiteko asmoa duzue.
Bai, aterako dugu. Ogasun Departamentuak gastu sabaia egin behar du, eta gero, aurrekontuak. Seguru eskaera diru kopurua baino handiagoa izango dela, eta lehentasunak jarri beharko dira. Lan eskaintza ahalik eta azkarren aterako dugu, jendeak astia izateko. Soilik Nafarroan ateratzen badira oposizioak eta beste erkidegoetan ez, dei efektua izango da. Ez dut erran nahi guk ez dugunik aterako besteek atera ezean, baina kontuan hartu behar da. Irakasle gehiago behar dira, desfase izugarria baitago: behin-behinekoak dira herenak. Lantalde sendoa izateak eragina du kalitatean.
Badira mozketa gehiago: irakasleen eskola orduak, ratioak… Bertan behera utziko dituzue?
Txanponen arabera izanen da baita ere. Abiapuntura itzultzea litzateke, eta espero dut datorren ikasturterako indarrean jartzea, aurrekontuak baimentzen duen heinean.
Akordioan aipatu zuten NUP unibertsitate publikoak finantzaketa egonkorra izan behar duela. Negoziazioak abian dira?
Ez. Lehenbizi gastu sabaia jakin behar dugu. Baina argi utzi dugu gure apustua publikoa dela. Ikasturte hasieran, pribatura lehendakaria eta biok joan ginen, eta publikora, gobernu osoa. Keinua izan zen. Publikoaren alde egiteak ez du esan nahi itunpekoa mespretxatzen dugula. Osagarri izan behar dira. Baina ikusten badugu zer aurrekontu egon diren, desoreka galanta dago.
Opusek nolako indarra daukan ikusita, NUP bigarren mailako unibertsitatetzat du gizarteak?
Ez dut uste. NUPek Nafarroako Unibertsitatearen ibilbide erdia du, eta nahiko prestigio handia du. Biek oso proiektu politak garatu nahi dituzte: Iruñea unibertsitate esparru bat izatea Europan. Osagarri izan daitezke, norbera bere helburuekin.
Eskolako liburuetan Euskal Herria azal daiteke?
Normaltasun osoz. Problema duenak azal dezala.
Iribasek 22 utzi zituen zerrenda publikotik at, legea ez zutelakoan betetzen. Zer gertatuko da?
Iritzi bat zen hori, legea ez zutela errespetatzen. Guretzat, bai. Hiru esparru politikotan gaude, baina Euskal Herria kontzeptu kulturala da. Batzuek politiko ere bihurtu nahi dute. Eskubidea dute. Guretzat kultur kontzeptu bat da.
Liburu horiek, beraz, sartuko dira mailegu sisteman?
Ez dakit desagertuta dauden. Orain arte irakasle izan naiz, eta liburuak ez ditugu aldatu.
Sexuaren arabera neska-mutilak bereizten dituzten ikastetxeek izango dute itunik azkenean?
Itun batzuk gu sartu aurretik sinatu dira lau-bost-sei urterako. Egina badago, errespetatuko dugu. Akordioan daukagu indarrean dagoen foru dekretua [itunak egitea galarazten du], eta talka egiten du LOMCErekin. Aztertu behar dugu juridikoki. Teorian, estatuko lege batek indar gehiago du. Indarrean daude itun berriak, eta errespetatuko dugu.
Aurreko departamentuak berdintasun plan bat egin zuen, eta polemika eragin zuen, besteak beste, «emakumeen eta gizonen arteko indarkeria» aipatzen zuelako. Aldatuko duzu plana?
Ez bakarrik hori. Elkarbizitzarako arautegi bat ere badago, zigor kode baten gisakoa: «Hau egin duzu, eta hau da erantzuna». Horrek ez ditu arazoak konpontzen. Bitartekaritza indartu nahi dugu, hezkuntza komunitateak konpontzea arazoak. Ikastetxea heziketa esparrua baita.