Iker Tubia / 2015-09-17 / 973 hitz
Nahiz eta orain arte uste izan den Paleolito garaitik bakartuta iraundako gizataldea zirela euskaldunak, azkenengo ikerketek diote Neolito garaikoak direla haien arbasoak. Bide luzea egin zen lehenbiziko teoria onartzeko, baina oraingo ikerketek aldatu egin dute noranzkoa.
Uppsalako Unibertsitateak (Suedia) zuzendu duen nazioarteko ikertzaile talde batek atera ditu ondorio horiek. Haien azalpenen arabera, duela 7.000 urte Europara ailegatu ziren gizaki nekazariak bertako ehiztariekin nahastu ziren, eta hori da gaur egungo euskaldunen jatorri genetikoa.
Orain arte, uste izan da euskaldunak Paleolito garaitik in situ garatu zirela. Neskuts Izagirre genetista eta EHUko ikertzaileak azaldu du orain arte izan diren ikerketa lerroak. Ikerketa berrira arte, beste noranzko bat hartua zuten.
Euskaldunak Paleolito garaitik bakarturik garatu zirela defendatu zuten Jose Miguel Barandiaranek, Telesforo de Aranzadik eta Enrique Egurek. Bazen euskaldun gisa sailkatutako garezur bat, eta garezur mota hori Paleolito garaitik gaur egun arte aurkitu zen. «Gero ikusi zen burezur zaharrenetariko batzuk, Urkiagakoak adibidez, hasieran Paleolitikokoak balira bezala sailkaturik zeudela, baina datatze metodo berriak erabiliz Brontze Arokoak zirela».
Genetikaren bidetik
Aurrerago, aztarnak ez ezik genetika ere erabiltzen hasi ziren. 1950eko urteen hasieran, markatzaile klasikoak erabiltzen hasi ziren: ABO, RH eta odol elkarketekin lotutako sistema batzuk. Luigi Luca Cavalli-Sforza eta haren taldea arduratu ziren ikerketa nagusiez. Odol sistemak aztertuta, Europan ikus zitekeen Europako Neolitikoaren zabalpenean bazirela outgroup batzuk: laponiarrak, sardiniarrak, euskaldunak eta islandiarrak. Ikerketen arabera, horiek lirateke Europako Paleolito garaiko giza taldeen ondorengoak.
1990eko hamarkadan beste markatzaile batzuk erabiltzen hasi ziren: genoma mitokondriala. «Badauka berezitasun bat; genoma hori amarengandik jasotzen dela. Beraz, hemendik lortutako emaitzak kontuz interpretatu behar dira, berregingo duguna ez baita izango populazio osoaren historia, emakumeena baizik», azaldu du Izagirrek. Datu horiei esker ikusi zen Europa nahiko homogeneoa zela, eta euskaldunak uste baino antzekoagoak zirela, nahiz eta berezitasunak izan. «Gaur egungo populazioaren aldakortasun genetikoa ezartzerakoan Neolitikoaren hedapen hori garrantzitsua izan zela proposatu zuen Cavalli-Sforzak, baina ikusi zen ez zela hain garrantzitsua».
Nahastea, noraino?
Marian Martinez de Pancorbok ongi ezagutzen ditu DNA mitokondrialak. EHUko DNA bankuko zuzendaria da, eta Santimamiñeko genomekin lan egin izan du. Aitortu du genoma horiek zaharrak eta txikiak direla, eta degradaturik daudela. DNA bankuko zuzendariak dio bi teoria nagusi daudela. Nekazaritza sortu zenean, Ekialde Hurbiletik zabaldu zen, Europan barneratu eta Iberiar penintsulara ailegatu arte. Bi aukera daude: jende oldeak izan ziren, eta beraz lehengo biztanleekin nahastu ziren, geneak ordezkatuz; edo gizaki gutxi batzuk izan ziren, eta jakintza hori zabaldu egin zuten. «1990eko ikerketek diote %15 dela nekazariena eta %85 genoma zaharrarena».
Beraz, hamarkada horretan baztertu egin zen herriak Ekialde Hurbiletik etortzen datozen ideia, eta indartu egin zen hipotesi kulturala. Baina, berriki kaleratutako ikerketak kontrako bidea hartu du: nahasketaren teoria nagusitzen da. Kontua da azken ikerketa egiteko ez dutela genoma mitokondriala erabili, genoma nuklearra baizik.
Mikel Iriondo EHUko antropologia irakasleak begi onez ikusi ditu ikerketarako erabilitako baliabideak: «Ikerketa ahaltsua da, batez ere teknologiarekin besteen aurrean jartzen delako. Metodo honek indar itzela du, norbanako bakarra azter daitekeelako, eta hura beste batzuekin alderatu. Orain arte, populazioak aztertzen ziren».
Bi arrazoirengatik pentsatu izan da euskaldunak Paleolitoko gizaki haien ondorengoak zirela: euskaragatik, ez baita aurkitu harremanik gainerako hizkuntzekin, eta genetikagatik, euskaldunak genetikoki ezberdinak zirelako. «Lan honekin beste modu batera azaltzen dira desberdintasunak. Oraingo azalpenaren arabera, euskaldunak ez direnak gehiago nahastu dira, eta gurea mantendu egin da».
Beste bi adituek ez dute zalantzan jarri ikerketa berria, baina, hala ere, tentuz ibiltzeko deia egin dute. Martinez de Pancorbok uste du DNA zaharra izanda azterketa horiek errepikatu beharko liratekeela beste genoma batzuekin, ondorio fidagarriagoak lortzeko. Bankuan dituztenekin, adibidez. Arrazoia ere azaldu du: «DNA nuklear modernoarekin oso fidagarria da, baina zaharrarekin ez da hain fidagarria». Haiek, adibidez, ikerketa horiek egin nahiko lituzkete, baina aitortu du zailtasun ekonomikoak daudela tarteko: «Egungo zientzia erosahalmenari loturik ere badago».
Horrez gainera, haren aburuz, Atapuerca Euskal Herritik oso gertu dagoen arren, beste ezaugarri batzuk ditu, eta, beraz, emaitzak herrialde osora orokortzea «zaila» da. Izagirrek ere aipatu ditu ahulgune batzuk. Adibidez, ikerketarako zortzi norbanako erabili dituzte, genoma osoa sekuentziatu dute teknika berriei esker, eta badute genoma mitokondriala eta nuklearra. Nuklearrean jarri du arreta: «Kasu honetan lortu duten estaldura 0,01x-etik 4x-era doa, gutxi gorabehera. Bada gizabanako bat 4x-eko estaldura duena; hori ona da, baina besteetan nahiko kaxkarra da». Adibide bat jarri du: neardentalekin egindako azken ikerketan lortu duten estaldura 52x-koa izan da. «Kasu honetan lortutako estaldurak nahiko baxuak dira, eta konparazioak egiteko erabili duten lagina estaldura handienekoa da, beraz, lagin bakarra».
Oro har, datuak aztertzean kontuz ibili behar dela esan du. «Oso zaila da zehaztea desberdintasuna zergatik gertatzen den: biek aitzindari bera izan dutelako, edo gerora populazio horren historian garairen batean migrazioa egon delako». Euskaldunei dagokienez, badirudi ehiztarien eta Neolitiko garaikoen arrastoak daudela, baina ez dira ikusten Brontze Aroan eta Erromatarren Garaiko ekarpenak. «Orduan, euskaldunak lirateke Neolitotik aurrera bakarturik mantendu diren herriak».
Beren ikerketetan ere ikusi izan dituzte halako datuak. «Guk ere ikusi ditugu aldagai batzuk, batez ere genoma mitokondrialean, jatorria Ekialde Hurbilean dutenak, Neolitoa agertu zen garaian gutxi gorabehera, eta aldagai horiek hemengo euskaldunengan ere agertzen direla. Beraz, badirudi Neolitoko gizakiek euskaldunengan ere badutela eragina».
Iriondok ere aitortu du ez lukeela lepoa egingo teoria horren alde, zientzian inoiz ez baitago dena itxita. Lehen hurbilketa bat dela dio, baina, era berean, hurbilketa garrantzitsua dela. «Azken 10.000 urteetako historiaren puntutxo bat argitu dute, baina aurrerago izango dugu panorama osoaren berri».
Euskararen misterioa
Ikerketa genetikoa izanagatik ere, euskarari lotutako hipotesi bat mahai gainean jartzera ere ausartu dira: Mesopotamiatik heldu ziren nekazariek ekarri zutela, alegia. Hala ere, hizkuntzalarien eskuetan utzi dute gaia. Iriondok ere uste du euskararen jatorria hizkuntzalariei dagokiela. Baliteke nekazariek euskara ekarri izana, edo nekazari haiek bertako hizkuntza hartu izana. Ur horietan, baina, ez du sartu nahi izan.
Oraingoz, zientziaren ikuspegitik esan daitekeena da euskaldunak Neolitikotik aurrera bakarturik egon direla. Teknologiek eta ikerketek aurrera egin ahala, gehiago jakiteko aukera izanen da.