Aritz Muguruza / 2015-09-04 / 485 hitz
Afasia hitzak, grezieraz, hitz egiteko ezintasuna esan nahi du. Buruko kolpe edo iktus baten ondorioz gerta daiteke norbanakoa hitzik gabe geratzea. Amaia Munarriz EHUko ikerlariak (Atarrabia, Nafarroa, 1984), gaixotasun horrek elebidunengan nola eragiten duen aztertu, eta tesi bat argitaratu du berriki. Haren esanetan, hizkuntzaren osagai denak ez dira berdin galtzen lesioa izan ondoren, eta horretan zerikusi zuzena dute gaixotasunak biltzen dituen «faktore anitzek».
Afasia jasan eta errehabilitazioa egin duen pertsona elebiduna aztertu duzu. Hizkuntzaren zein osagai kaltetzen dira gehien halako gaixotasun baten eraginez?
Afasia izan duten elebidunetan ikusi da bi hizkuntzak zenbat eta antzekoago izan orduan eta errazagoa dela bestea berreskuratzea; hitzen arteko transferentziak errazago egiten dituzte. Hizkuntza arazo antzekoak daude, euskarazko eta gaztelaniazko hitzak edo esaldiak tankerakoak direnean. Fonetikari dagokionez ere berdin; zenbat eta antzekoago, zailtasun edo laguntza berak ikusi ditut. Desberdintasun nabarmenenak maila morfosintaktikoan ikusi ditut, gaztelania eta euskararen egiturak oso desberdinak baitira.
Lexiko aldetik ere berdin gertatzen al da?
Mailegu kognatuetan —hots aldetik antzekoak diren hitzetan— kuantitatiboki ez dago alderik; pazientea errazago gogoratzen da. Ez badira kognatuak, hau da, hots aldetik desberdinak badira, askoz ere zailagoa zaie hitz horiez gogoratzea.
Elebidunak hizkuntza batean bestean baino hobeto aritu ohi dira. Afasia izan ondoren, errazago oroituko da lehen ongien moldatzen zen hizkuntzaz?
Zaila da ziurtatzen, kasu bakoitzean faktore askok eragiten baitute. Lesioaren aurretik zein zen hizkuntza nagusia, zenbaterainokoa zen haren erabilera… eta lesioaren ondorengoak: terapiako hizkuntza erabilera, motibazioa… Horrez gain, gogoratu behar da pertsona baten hizkuntza nagusia eta lehen hizkuntza ez direla beti berberak izaten. Hau da, hobeto berreskuratu den hizkuntza ez dela gutxiago urratu dena; baliteke errehabilitazioan gertatzea aldaketa hori, orduan erabili zen hizkuntzak eragin duelako.
Lesioaren aurretik ustez ahaztua den hizkuntza berreskura daiteke afasia izandakoan?
Baliteke, bai, baina faktore askok eragiten dutenez, gaur egun ez da eragile erabakigarririk ezagutzen. Ikusi egin beharko litzateke. Ezinezkoa da lehen hizkuntza mantentzea lehenengoa delako.
Afasia pairatu duena gai da dakizkien hizkuntzak bereizteko?
Afasia elebidun edo eleaniztunetan izan den sintometako bat bada hizkuntzak bereizteko gaitasunik eza. Nahi gabeko nahasketak egiten dituzte. Elebidunok bi hizkuntzen kontrol handia izaten dugu, baina, batzuetan, galdu egiten da hori. Beste batzuetan, guri gertatzen zaigun bera pasatzen zaie: ez zaizu hitz bat burura etortzen, baina beharbada beste hizkuntzan bai. Ikerketa batzuek diotenez, kode nahasketak lagungarri izan daitezke errehabilitazioan, eta badu zentzua: helburua komunikatzea bada, eta beste elebidun batekin ari bazara hizketan… zergatik ez egin kode nahasketa? Ikusten da kode nahasketa baliabide gisa erabiltzen dutela, baina, beste batzuetan, ikusten da hizkuntza bereizteko gaitasuna galdu dutela.
Elebidun izatea aldeko faktorea izan daiteke afasia kasuetan?
Galdera delikatua da hori. Kaltegarria denik, behintzat, ez da ikusi. Horrekin lotura handia du hizkuntzek burmuinean duten kokalekuarekin. Hainbat ikerketaren arabera, eta modu zabalean hitz eginda, gune antzekoan biltzen dira lehenengo eta bigarren hizkuntzak. Zenbat eta lehenago ikasi, gehiago gainjartzen dira, eta normalean, beranduago ikasten direnak zabalago daude. Horrek izan dezake eragina lesioaren aurrean. Lesioa txikia izan bada, baliteke hizkuntzak gutxiago hondatzea. Horren inguruko ikerketak orain ari dira egiten elebidun osasuntsuekin.