Pello A. Zuazo / 2015-09-22 / 702 hitz
«Ekoterrorismoa» egotzita, lau urte egin zituen preso Jake Conroyk AEBetan. Enpresa baten aurkako kanpaina sortu zuen. Pintxo bat jateko animaliak torturatu beharra «zorakeria» iruditzen zaio.
Animalien eskubideen alde borrokatzen den ekintzaile sutsua da Jake Conroy (1976, San Frantzisko, AEB). 2001ean SHAC USA —Stop Huntington Animal Cruelty— kanpaina «basatiaren» sortzaileetako bat izan zen, animaliekin ikertzen zuen HLS Huntington Life Sciences konpainia hondatzeko. Lortu zuten helburua, baina FBIk atxilotu eta kartzelan sartu zuen. Apalago bada ere, oraindik animalien eskubideen aldeko borrokan dabil. Bilboko Ekintza Antiespezistak gonbidatuta, Euskal Herrian izan da.
Noiztik eta nola datorkizu animalien eskubideen borrokaren beharra?
Ustiaketaren menpe ez luke inork bizi behar. Bost minutuan jaten den snack edo pintxo bat egiteko animalia bat torturatu eta hil behar izatea zorakeria da. Hori baino askoz gehiago espero dut gizarte honengandik. Animaliek, gizakiek bezala, aske izan behar dute. Hori lortzeko hogei urte egin ditut borrokan.
Zer da SHAC?
SHAC kanpaina erraldoi bat izan zen, basatia, etsai jakin baten kontrakoa: HLS konpainiaren aurkakoa, hain zuzen. Animaliekin ikertzen zuten, animaliak torturatuz, bibisekzioa eta bestelako teknika krudelak erabiliz. Egunero 500 animalia inguru hiltzen zituzten.
Zein estrategia erabili zenuten?
Multinazionalak ziren HLSren akziodunak, haren eginbeharra finantzatzen zutenak. Inperio bat zen. Gure estrategia enpresa multinazional horien kontra joatea zen, eta beldurra sartzea. Horrela HLSren diru iturri izateari uztea lortu nahi genuen. HLSrentzat lan egiten zuen mundu guztia jomuga zen guretzat.
Zein da egin zenuten ekintza bortitzena edo hoberen gogoratzen duzuna?
Stevens Inc. enpresaren aurkakoa gogoratzen dut bereziki. Garai hartan, 2001. urtean, HLSren inbertsore handiena zen. Urtebete iraun zuen jazarpen kanpainak: gutun mordoa idazten genizkien, manifestazio eta protestak egin, pintaketak eraikinetan… Zuzendariaren luxuzko etxeko leihoak apurtu eta grafitiz bete genuen. Ekintza horren ostean enpresak finantzaketa behin betiko kendu zion HLSri.
Zein zen zure eginbehar zehatza SHAC kanpainaren barruan?
Diseinu grafiko guztia nik egiten nuen: web orriak, liburuxkak, kartelgintza, egunkariak, manifestazioen eta protesten bideoak editatu… Kanpainan lan klandestinoa zegoen, baina lan publiko asko ere bai. Eta komunikazio arloak garrantzia handia zuen. Sei ginen horren arduradun.
Kanpainak oihartzun zabala izan zuen. Zerk egin zuen arrakastatsu?
Mundu osoko mugimendua izan zen, hierarkiarik gabekoa, erabat horizontala. Hori dela eta, talde bakoitzak ere bere azpi-kanpaina propioak egiten zituen. Denon lanari esker, ehun multinazionalek baino gehiagok HLSri diru babesa kentzea lortu genuen, eta horrek bere porrot ekonomikoa eragin zuen. Konturatu ginen geure burua antolatuta irabazi egin genezakeela, inongo politikari edo erakunderen laguntzarik gabe. Mugimendu erraldoia izan zen SHAC, denok egin genuen arrakastatsu.
AEBetako gobernua zuek ikertzen hasi zen, ordea.
Bai, eta asko harritu gintuen zenbat baliabide mobilizatu zituzten gure aurka egiteko. Enpresa faltsuak sortu zituzten gure funtzionamendua zein zen ikertzeko, telefonoak hartuta genituen, ziberespioitza egiten ziguten, gure gutunak zabaltzen zituzten eta gure zarama erregistratu… Espioi bat ere sartu zuten gure artean. Atxiloketaren egunean ia 50 polizia etorri ziren kasko eta metrailadoreekin gure etxera, ingurumenaren aldeko hiru aktibista baketsu atxilotzera.
FBIk harrapatu egin zintuen.
AEBetako gobernuari oso zaila egin zaio Animalien Askapenerako Fronteko kideei, eta baita Lurraren Askapenerako Frontekoei, izen-abizenak jartzea. Izan ere, mugimendu autonomoak dira, non jende askok parte hartzen duen. Beraz, SHACen kasuan, kide publikoenen izen-abizenak erabili zituzten akusazioak egiteko eta delitu guztiak leporatzeko. Mila kidetik gora ginen, eta sei kartzelatu gintuzten.
«Ekoterrorista» izategatik egon zinen kartzelan.
Gobernuak pentsatzen zuen mugimenduari burua ebakiz gero gorputza ere hil egingo zela. Horregatik, komunikazioaz arduratzen ginen sei kideak kartzelatu gintuzten. Bidegabeki sartu gintuzten kartzelara, eta jaso genuen tratua oso latza izan zen. Ekoterrorismoa, ordenagailuen hacker izatea eta eraikinei su eman izana egotzi zidaten: dena gezurra. Profil altuko presoa nintzela esaten zuten, eta espetxeko kriminal arriskutsuenen zerrendan nengoen, hiltzaileen eta bortxatzaileen mailan. Txartel gorri bat neraman zintzilik. Bakartuta pasatzen nuen denbora asko. Lehen bi urteak Kaliforniako kartzela txarrenean pasatu nituen, gero aldatu egin ninduten. Lau urte egin nituen espetxean, sei hilabete zaintzapeko etxe batean, eta hiru urte baldintzapeko askatasunean.
Kartzelak asko markatu zintuen. Zure aktibismoa epeldu egin da kartzelatik irten ondoren?
Aldatu egin da. AEBetan ekintza batengatik kartzelan behin egon dena berriro horretara itzuliz gero, espetxera bidaltzen dute bueltan, zigor handiagoarekin. Beraz, lanean jarraitzen dut, beste leku batzuetan eta beste modu batzuetan.
Zein da zure legezko egoera gaur egun?
Ezin naiteke joan Commonwealth komunitatea osatzen duten herrialdeetara: Erresuma Batua, Kanada, Australia, Zeelanda berria, India… 53 herrialde guztira. AEBetan ezin dut bozkatu, ezin dut armarik eduki edo armak dituen jendearengandik hurbil egon. Lan bila noanean edo etxe bat alokatu edo erosi gura dudanean, kartzelan egon naizela esan behar dut. Beraz, nire bizimodua asko katramilatu da.