Arantxa Elizegi/ 2015-09-03 / 375 hitz
Lotsagarri utzi ditu Aylanek Mendebaldeko agintariak. Munduko gizon-emakume boteretsuenak ez dira gai izan 3 urteko haurra salbatzeko. Haren gorpua Turkiako Bodrum hondartzara eraman du itsasoak, milaka pertsonek egunero bizi duten tragediaren erakusgarri. Ama eta bost urteko anaia, berriz, irentsi egin ditu.
Estatu Islamikotik ihesi atera ziren Kurdistango Kobane hiritik. Europarako bidaia ia ezinezkotzat jota, Kanadari eskatu zioten asiloa, han bizi baitzen aitaren arrebetako bat. “Laguntzen saiatu nintzen, bana ez genuen modurik aurkitu hona ekartzeko”, azaldu du Teema Kurdik. Beste irtenbiderik ikusi ez eta itsasoa zeharkatzea erabaki zuen familiak. Urtebeteren ostean, Turkiaraino heltzea lortu zuten, eta handik bi ontzitan abiatu ziren. 23 pertsona ziren orotara. Soilik 11 heldu dira bizirik.
Urtarriletik 350.000 errefuxiatutik gora heldu dira Europara itsasoz. Haiekin batera abiatutako beste 2.600 pertsona, aldiz, bidean geratu dira. Nazio Batuen Erakundeak dagoeneko ohartarazi du II. Mundu Gerraz geroztikako giza krisi larriena dela egungoa.
Geltokia zabalik, baina trenik ez
Polizia erretiratu egin da gaur Budapesteko tren geltoki nagusiko sarrera-irteeretatik, kanpoan zain zeuden 2.000 errefuxiatu ingururi bertara sartzen utziz. Eta arrapaladan sartu dira guztiak Austria edo Alemaniara eramango dituen tren baten bila. Alferrik, ordea, izan ere trenbide konpainiatik iragarri dute gaur ez dela herrialde horietara doan trenik irtengo, soilik Hungaria iparraldera doazenak.
Ondorioz, Austriako mugatik gertu dagoen trena hartzea erabaki dute ehunka lagunek. Baina trena behin-behinean ez ateratzea erabaki du konpainiak.
Bitartean, Hungariako Gobernua errefuxiatu oldea geldiarazteko bideen bila dabil. Gaur Parlamentuan eztabaidatuko dute herrialdean paperik gabe sartzen direnak kartzelan sartzeko lege proposamena. Egitasmoak hiru urte arteko kartzela zigorrak aurreikusten ditu mugak legez kanpo zeharkatzen dituztenentzat, eta armadak kontrolatutako mugako pasabideak zabaltzea proposatzen du.
Herritarrak ez datoz bat exekutiboaren jarrerarekin, eta bart milaka lagun atera ziren kalera lege proiektua salatzeko. Ez dirudi, baina, horrek Legebiltzarra geldituko duenik, izan ere, datorren asterako araudia onartua egotea espero da.
Kuotarik gabe
Pragan bilduko dira gaur Europa ekialdeko herrialdeetako buruzagiak, Alemaniak eta Frantziak bultzatu asmo duten kuota sistemez hitz egiteko, tartean Hungariako presidente Viktor Orban. Berlinek eta Parisek kuotak derrigorrezkoak izatea nahi dute, argudiatuz hori dela errefuxiatuen krisiari aurre egiteko modu bakarra. Egun borondatezkoa da sistema eta herrialde askok uko egin diote Bruselak proposatutako iheslari kopurua hartzeari, baliabide nahikorik ez dutela argudiatua.
Bestetik, Luxenburgon biltzekoak dira Europako Batasuneko Atzerri ministroak gizakien trafikoan aritzen diren sareen aurkako neurriak adostu asmoz.