Nora Arbelbide Lete / 2015-09-09 / 482 hitz
Euskal mitologian oinarrituta, Herauskorritxe Atharratzeko interpretazio zentroa pentsatu eta egin du Kakots kolektiboak, eta horko kide da Etxebarria. Sentipenei eman die lehentasuna.
Herauskorritxe izena Atharratzeko Maddalena mendi tontorreko kaperako aldarean aurkitu izena da, aldarea baino zaharragoa den harri batean. Aspaldiko dibinitate baten izena da, iduriz. Errauts gorri edo tximistari lotua, batzuek diotenez. Orain, Pette Etxebarriak (Barkoxe, Zuberoa, 1985), Kakots kolektiboaren bidez —Maritxu Etxeto, Juana eta Ddiddue Etxeberrirekin—, euskal mitoen interpretazio zentroaren izen bilakarazi du. Etxebarriak berak bereziki bideoak ditu zuzendu, baina dena laurek elkarrekin egin dute. Claude Labat ikertzailea izan dute lagun.
Herauskorritxe; korritxe; gorrixe. Bizkaitar azentua zuen jainko bat ote?
Txe hori ttipi errateko beste manera bat dela uste dut.
Eta, orain, Herauskorritxe interpretazio zentro; lamina, jentil eta basajaunen munduan gaindi bidaiatzeko gonbidapen bat?
Bai. Zehaztu behar dut, halere, euskal mitologian oinarritu bagara ere gure bidea egin dugula. Interpretatu dugu. Ez ditugu legendak irudikatu entzun ditugun bezala. Ez genuen nahi, adibidez, bideo batean esplikatu zer den basajauna, beste batean beste zerbait. Eta, horretan, Claude Labatekin zinez ikuspegi bera ukan dugu hasieratik. Euskal mitologiak ez du hainbeste irudi sortu ere. Gehienbat, ahoz transmititua izan da. Parada ederra zen hori guretzat.
Librekiago lan egin ahal izateko?
Egia da alde hori izugarri interesgarria eta aberasgarria dela. Euskal mitologian ez da elizan bezala, adibidez, non baden Jesu Kristo, haren aita eta izpiritu saindua. Ez duzu horrelako kronologiarik. Badira ikuspuntuak, armiarma sare bat bezala. Biziki handia dena, zernahi elementu ttipirekin.
Nola irudikatzen da ahozkotasuna irudien bidez? Bideoak ere badituzue; bideoetan nola jokatu duzue horrekin?
Dena Zuberoan filmatu dugu, hor genituen paisaiekin. Basajauna, adibidez, ez dugu irudikatu. Oihanaren bidez irudikatu dugu. Ahuzkin filmatu dugu. Haren ahotsa dugu entzunarazten.
Atharratzeko turismo bulegoaren gaineko partean da zentro hori, eta, beraz, pentsa daiteke turistentzat dela; zuek nola pentsatu duzue? Turistentzat? Euskaldunak ere nonbait turistak gara gure herrian?
Guk ez dugu inorengan pentsatu. Sorkuntzan ez da inorengan pentsatu behar, ene ustez. Bakarrik gure plazeraz eta artistikoki interesatzen zaigunaz dugu pentsatu. Eta hori lortu dut, ene ustez. Zinez nahi dudana egin baitut. Gero, egia da euskara erabili dela ere. Soinu aldetik, mitologiari buruzko Zuberoako erran zahar batzuk grabatu ditugu, euskaraz direnak. Bideoan ere, basajaunekin-eta, euskara erabili da.
Denentzat bada nondik ase?
Orain arte entzun ditugun oharretan, badira anitz maitatu dutenak. Baina badira orobat erraten digutenak ez dutela deus ulertu. Gure ustez, denentzat balio du. Erran nahi du bost urteko haur batek edo 70 urteko andre batek berdin ulertzen ahal dutela, sentsazioetan oinarritzen baita. Ez da deus didaktikorik. Hara joan behar da aurreiritzirik gabe, eta pentsatu gabe ulertuko dela zerbait. Ez da hori helburua.
Zein da helburua?
Plazer hartzea. Ulertzea baino gehiago, sentitzea. Mitologiari lotuak diren gauza batzuk ulertzea; baina poetikoki.
Zuen lanaz Claude Labatek errana izan du bisitariak utzi behar duela bere burua astindua izaten, hori ere bai baita mitologia, nekez gerta daitekeena gertaraztea, irudimena inarrosteko, gizakiek bizitzeko gustua berriz bil dezaten; ados zara horrekin?
Bai. Claude Labatek erraten duen guztiarekin ados naiz [irriak].
Mitoek badute zer erran oraindik, zure ustez?
Bai. Horrentzat, gure museo txiki hori ikusi behar da. Eta irakurleak erranen [irriak).