Kepa Alberdi / 2015-09-23 / 743 hitz
Afrikako errefuxiatu uholdeak Europarako bidea hartu duen honetan, nahikoa izan da Aylan Kurdi haurraren gorpua Turkiako Bodrum herriko hondartza ertzean azaltzen den irudia ikustea, gure errukia azaleratu eta mundu errealera jaisteko.
Munduan egunero 280 mila haur jaiotzen dira, 5 eta 14 urte arteko 200 milioitik gora haur dira lan egiten dutenak, asko esklabo moduan, euren gurasoek ugazabari salduak izan direlako. Beste asko drogetan murgilduko dira edo talde armatuetan amaituko dute. Milioitik gora prostituzioan erabiltzen dituzte, milioika dira baita ere hies gaitzak umezurtz utzi dituenak. Eta hori dena gutxi balitz bezala, bi segundotik behin haur bat gosez hiltzen da. Zenbakiak eta zenbakiak… eta datu horien atzean ez izenik, ez aurpegirik ez duten pertsonak daude, hildako batzuk gehiago. Ume anonimoak dira goseak hiltzen direnak, guk besterik gabe errukiaren eremura baztertzen ditugunak, eta gero esango dugu mundu zibilizatuan bizi garela.
Zergatik heriotza batzuk beste batzuk baino heriotzagoak dira? Zer dela eta Bostoneko bi haurren hilketak hunkitzen gaitu gehiago beste nonbait erail dituzten edo gosez hil diren milaka haur horiek baino? Telebista edo irratiko tertulietan ere mugatutako tartea dute albiste hauek, eta tabernako edo kaleko eztabaidetan ere ez gara gai horretaz aritzen. Egunkarietan ere gehienetan barruko orrietako zutabe txikietan azalduko zaizkigu horrelako notiziak. Alderantziz, bestelakoa komeni denean flasharen argirik behar ez duen izenburu potoloa aurkeztuko dute lehenik, ondoren gertakizuna apaindu, oinazea ikuskizun bihurtu, eta hara hor egun batzuetarako albistea. Gizartearen sentsibilitatearekin jolasten badakite, eta emozio kolektiboa berek nahi duten bezala eraldatzen dute. Eta guk, gezurrezko errealitate batean bizi garenok, erakusten diguten mundua soilik bizi dugu, ez dakigu urrunago begiratzen, edo ez dugu nahi; urrutiko saminak denbora gutxi irauten du gure kontzientzia urratuetan. Demokraziaz mozorrotutako Europa honetan, harrigarria dena normalaren prezioan saltzen digute, eta guk ulertzen ez dugun mundu hau eternizatzeko joera dugu, arazo hauetaz hitz egiten denbora gehiago galtzen baitugu, aurre egiten baino.
Errealitatea tematia da, eta baliabide eta aukerarik ezagatik herri askotan gosez hiltzen da jendea, munduan behar adina baino elikagai gehiago dugunean. Gutxi ere asko da gutxi daukanarentzat, baina azpikoz gora dagoen mundu honetan pobreak ez dira albiste izaten aberatsentzat arazo bihurtzen ez diren bitartean. Besterik gabe, ez da lehentasuna hildakoak urrutikoak eta, gainera, besteenak baitira. Pobrezia aberastasunaren beste aurpegia da, eta lotsagarria bezain adierazgarria da nola batzuen hondamendia besteen aberasbideen ondorioa den. Pertsonen zerbitzura egongo den sistema da irtenbidea, eta ez alderantziz, baina beti dira inoren miseriari probetxua ateratzeko prest daudenak. Lehen aberatsa dena gehiago aberasteko pobrea pobreagoa izatera kondenatzen dute horiek, lehen jantzita dagoena janzteko biluzik dagoena gehiago biluzten dute, eta ase dena gehiago asetzeko gosetuari kentzen diote.
Gosea gerra politikoa da, eta munduko ekonomikoaren jabeak diren handi-mandien interesak babesteko, besteenak baztertzen dira eta kapitalismoaren arau nagusiaz baliatzen dira beren printzipio hegemonikoa inposatzeko; hau da, ez dute inoiz «zu eta ni» forma babestuko, «zu edo ni» baizik, eta munduko pobrezia berriro ere areagotzen joango da itzal handiko pertsona eta erakundeek ahal den etekin gehien lortzeko helburuarekin amesten duten bitartean.
Europa ere gaixorik dago, munduan zehar etengabe egindako espoliazioei esker, oparotasunez betetako sistema bihurtu da. Balio moralak balio ekonomikoen azpian geratzen jarraitzen dute, dirua eta boterea gizatasun eta eskubide zibilen gainetik ezarriz, oinarrizko eskubideak pribilegio bihurtuz. Gutxi batzuk diseinatutako norabidean eraikitzen ari gara mundua. Horiek nonahi antolatzen dituzte eskubideez mozorrotutako gerrak, askotan krimenak eta basakeria handienak zilegi bihurtuz. Horren ondorioa da Afrikako zoritxarreko behartsu asko nora ezeko bidean jartzea, lurrez kilometro amaigabeetan edo kaiaren bistatze unearen zain itsas uretan barrena, beste aukerarik ez dute.
Eta zergatik hartu dute bide hori? Ba eguneroko miserian mugitzen direlako eta egunero laztantzen dituen heriotzak noiz eramango zain bizi direlako. Egunerokoan hil kanpaiari tiraka eta hutsari kolpeka ari dira gutxi behar eta dena falta duten dohakabe hauek. Ez dira gauean goiz ederrago baten itxaropenean etzango. Zuten gutxi hura utzi, kasu gehienetan familia ere utzi, eta beren jaioterritik datoz, gure mundura, bizimodu berri eta duin baten bila. Sufrimendua beren larrutan bizitzea zer den badakite, eta Europara eramango dituen bidea hartu dute, hesiak hesi mugaz beste aldera iragan beste aukerarik ez dutenez. Bizitzak daramatza arrastaka bere eskutik eta gurera iristeko ere bizitza arriskuan jarri behar izaten dute. Amildegi ertzetik urrundu eta babes pixka bat besterik ez dute eskatzen, oinarrizkoa jasotzea, azken finean duintasun apur bat berreskuratzeko aukera. Eta nola ulertu atxilotu eta gaizkile moduan tratatzea gure mugetara heldu orduko? Zergatik kriminalizatzen da immigrazioa? Ez al gara jabetzen gehienak hona ezinbestean datozela? Jar gaitezen behartsu horien errealitate gordinean momentu batean bada ere. Gogorra egiten zaigu askotan koherentzia, baina gure kontzientzia minberatuek ezin dute jarraitu zentzugabeko eta justifikaziozko hitz gehiago asmatzen eta baliatzen.