Juanma Gallego / 2015-09-20 / 524 hitz
Proteina batek neuronen zahartze prozesuan eragina duela frogatu du ikertzaile talde batek, eta uste dute hainbat gaixotasunen kontra egiten lagun dezakeela. BioDonostiako zientzialari bat tartean da.
Neurona berriak sortzeko prozesuan mintz zelular baten ahultzea zahartzearen eragileetako bat dela frogatu du Zuricheko Unibertsitateko (Suitza) Sebastian Jessberger neurologoak gidatutako lantalde batek. Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, zelula berriak sortzeko izaten den zatiketan kalitate txarreko proteinak nagusitzen dira urteak igaro ahala. Gertaera hori zergatik izaten den ulertzeko, nukleo zelularrean dagoen Lamin A izeneko proteina gertutik aztertu dute.
BioDonostia Osasun Ikerketa Institutuan lan egiten duen Marcos Arauzo-Bravo biologo konputazionalak parte hartu du aurkikuntzan. Ikerbasque programaren barruan aritzen den zientzialari hori artikulua sinatzen duten bost egileetako bat da. Datuak aztertzea izan du ardura nagusia.
Arauzo-Bravok azaldu duenez, zientziaren munduan aspalditik ezaguna da bizitzan zehar neurona berriak sortzen direla, garunean diren zelula amei esker. Zelula horiek, funtsean, hiltzen diren neuronak ordezkatzeko balio dute. Hori egiteko, ordea, erdibanatu egin behar dira. «Zatiketa asimetriko baten bidez gertatzen da hori. Asimetrikoa da, zeren, behin zatituta, ez baitira zelula berdinak; bata zelula ama izango da artean ere, eta bestea neurona bilakatuko da», azaldu du ikertzaileak.
Prozesua ezaguna bazen ere, horren atzean dauden prozesu molekularrak guztiz azaldu gabe daude oraindik. Horren harira, Jessbergerrek gidatutako lantaldeak zelula horien erdibitzean jarri du arreta. «Banaketa asimetrikoa gertatzen denean, zelula gazteen kasuan, kalitate oneko proteinak zelula aman geratzen dira, eta kalitate txarrekoak, aldiz, neurona bilakatuko diren zeluletara bideratzen dira», azpimarratu du Arauzo-Bravok. Gauzak horrela, zelula amek proteina «txukunak» mantendu dituzte. Kalitate txarreko proteinak hartu dituen zelularentzat, berriz, ez da hain larria, gerora banaketa gehiago ez dutelako izango.
Zelula zaharren kasuan, ordea, prozesua bestelakoa dela egiaztatu dute. Horiek erdibanatzean kalitate txarreko proteinak bi zeluletara bideratzen dira, zelula amara eta neurona bilakatuko den zelulara. «Horrela, etorkizunerako mantentzen den zelula amen biltegi hori pixkanaka kalitate txarreko proteinekin betetzen da».
«Zelulen mintzean dago, besteak beste, Lamin A izeneko proteina, eta hori jota egon daitekeela uste dugu». Proteina horren mutazio batek progerina du izena. Mutazio hori dela eta, progeria izeneko gaixotasuna eragiten da, haurrak azkar zahartzen dituen gaitza. «Hori gertatzen denean zatiketa asimetrikoaren ondoren sortzen diren bi zelulek kalitate txarreko proteinak jasotzen dituztela ikusi dugu», zehaztu du Arauzo-Bravok.
Hala ere, oraindik ez dakite Lamin A-ren mutazio hori zelulak zahartzearen erantzule bakarra ote den. «Badakigu tartean dagoela», adierazi du ikertzaileak. Hala ere, argi dute mutazio hori izaten denean neurona gazteak zaharren antzera aritzen direla hazten.
Gaitzei aurre egiteko
Denbora eta ikerketa gehiago beharko dira zahartzean eragiten duten prozesu molekular guztiak argitzeko, «baina lehen oinarria jarria dago», ikertzailearen arabera. «Kontuan izan behar dugu oraingoz saguetan eta arratoietan egindako ikerketa bat dela. Horregatik, oraindik ez dago zuzenean medikuntzan aplikatzerik», ohartarazi du. Baina, adituaren ustez, aurkikuntza abiapuntu garrantzitsua izan daiteke gaixotasun neurodegeneratiboak ulertzeko.
Ikertzaileen ustez, gaitz horiek oinarri komun bat izan dezakete, eta, horregatik, aurkikuntza horrek ireki duen ildotik jarraitu nahi dute. Horretarako, premiazkoa izango da datu asko analizatzea, edo, Arauzo-Bravoren esanetan, beste hainbat ikerketetan sortutako datu andana «birziklatzea».
Gaur egungo esperimentuetan datu kopuru izugarria sortzen denez, biologiaren alorrean Big Data hori ikertzea eta horretatik ondorioak ateratzea da biologo konputazionalen zeregin nagusietako bat. Horrela, zientzialarien iritziz, hasierako esperimentuaren gaia jorratzeko ez ezik, beste hainbat ikerketa egiteko ere erabilgarriak izan daitezke datuok: parkinsona, alzheimerra, dementzia frontotenporala, alboko esklerosi amiotrofikoa, eta gisa horretako gaitzei aurre egiteko gakoak ordenagailuetan pilatutako zerrenda luze horietan egon daitezkeelako.