Xabier Arberas/2015/09/02/734 hitz
Oraingo turismo eredu ofizialak alde txar larri asko ditu: biztanleen iritzia ez da batere kontuan edukitzen erabakiak hartzeko orduan; aldez aurretik ez da aztertzen zer eragin izango duen ingurumenean, nahiz eta zernahi enpresari aztertzeko exijitzen zaion; ez dago auzoentzako eta hiriarentzako proiektu integralik, biztanleen bizi kalitatea eta hiriaren egokitasuna bermatzen duenik.
Produkzio eredu —zahar eta ezagun— horrek, zeina kutsagarri, masibo, intentsibo eta intrusibo baita, ezkutatu egiten du nolako eragin kaltegarria duen gure auzoetako eguneroko bizimoduan, eta nolako ondorio nahi gabeak dituen diseinu ekonomiko horrek. Hona hemen eredu horren helburua: ahalik eta etekinik handiena ateratzea bisitariei. Eta urte guztian auzoan bizi garenok, berriz, kanporatu egiten gaitu bertatik. Munstro bat sortu dute, auzoko biztanleak irensten dituena.
Protestak piztu dira beste euskal hiri batzuetan (Iruñea eta Bilbo), eta horrek argiro erakusten du zein diren turismoaren ustezko onura sozialen mugak.
Bereziki aipatzekoa da Donostiako Parte Zaharreko ostalaritzaren jarduera. 2000. urtearen inguruan, inguru saturatu izendatu zuten, eta, orain, aisialdirako parke tematiko industriala bihurtuta dago, 6.000 lagun inguru bizi garen toki batean. Ostalaritza bazter guzti-guztietan dago. Guztiz hartua du auzoa, eta ez da aztertu horrek zer eragin duen, ez orain eta ez luzera begira. Biztanleen ia %100entzat ondorio larriak ditu, toki publikoaren okupazioari, soinu kutsadurari, mugitzeko zailtasunei eta abarri dagokienez.
Ostalaritzako 210 establezimendu daude auzoan. Hau da, 3,45 taberna 100 biztanleko, edo ia taberna bat 25 biztanleko. Auzoan, pasabideak kenduta, plaza moduan aisialdirako 7.285 metro koadro daude. Hau da, auzotar bakoitzak 1,19 metro koadro ditu Parte Zaharreko plazetan. Terrazak kontuan hartuta, zenbat gutxiago? Eraikin guztien oinplanoa kontuan hartuta (azalera), tabernek %47 betetzen dute! Hau da, 49.000 metro koadro; alegia, bost futbol zelai oso. Neurketa hau egiteko, Urgullek betetzen duen eremua ez dugu kontatu, noski; bestela, indizeak erdira jaisten dira, eta hori tranpa da.
Nola hitz egin dezakete bizikidetzari buruz, modu hipokrita eta oportunistaz hitz egin ere, oihan bihurtu baitute Parte Zaharra, diruaren eta espekulazioaren oihana?
Auzoa galbidean da, eta espazio publikoa pribatizaturik dago, parke tematikoa bihurturik (gastronomiaren eta mozkorraldiaren parke tematikoa), salgai bihurturik, sektore baten nagusitasun ekonomikoak, hau da, turismo eta aisialdiaren industriaren nagusitasun ekonomikoak dena txikitzen duelako. Auzoak ezin du eraman halako erabilera intentsiborik.
Ezin onbideratuzko egoera batera iristen ari da. Geroa ere arriskuan du. 65 urtetik gorakoen tasa: Donostian, %21,39; Parte Zaharrean, %26,43. Zahartze indizea (65 urtetik gorako zenbat dauden 0-14 urteko gazteen aldean): Donostian, %167,28; Parte Zaharrean, %251,80. Gazte ordezkapenaren indizea: Donostian, 0,90; Parte Zaharrean, 0,81.
Udala zorrotza da gizalegearen kontrakotzat jotako jokabide batzuekin, baina tolerantea beste batzuekin, eta ez ikusiarena egiten die atsedena, loa eta abar galarazten digutenei… Donostiako fenomeno turistikoa onuragarria da herritarrentzat, ala zama bat da, kontuan harturik nola garestitzen dituen etxeak, janaria, garraioa eta beste? Arazo horrek hiri guztiari dagokio.
Dirutan zenbat kosta dira osasun fisiko eta mentalari eginiko kaltea, atseden hartu ezin kronikoak eginikoa, osasun laguntza, garbiketa zerbitzuak, zabor bilketa, mantentze lanak, ondare lanak…, denak ere donostiar guztiek pagatuak?
Begi bistakoa da elite ekonomikoa eta udala urteetan gobernatu duen elite politikoa bat datozela, guztiz, nolako hiria bultzatu behar den. Azken batean, berriz ere mespretxu egiten ari zaizkie hemengo idiosinkrasiari, hemengo hizkuntz identitateari… Dena merkantilizatu eta moldatu behar da gutxi batzuen negozioaren izenean, auzoaren bizi-egokitasunaren eta euskalduntasunaren kontra, eta haren gainetik.
Eredua aldatzen ez bada, ausarkeria hutsa dira Eusko Jaurlaritzaren datuak (2020ko Plan Estrategikoa: lau milioi turista) eta Donostiako Sustapen arduradunarenak (Donostia 2016, bederatzi milioi bisitari), eta, pentsatze hutsarekin, ilea lazteko modukoak.
Parte Zaharrak eta Donostiak plan estrategiko bat behar dute udalak zertan esku hartu behar duen zehazteko. Hona gure eskaera: halako planik egiten ez den bitartean, gelditu egin behar dira ostalaritzarako eta ostatu turistikoetarako baimenak emateko prozesuak (hotelak, ostatuak, apartamentu turistikoa…). Era berean, martxan jarri behar dira kontrol tresna eraginkorrak, eta bideak jarri gardenak izan daitezen turismoa kudeatzeko eta erabakiak hartzeko organismoak, eta herritarrek halakoetan parte har dezaten.
Zehaztu beharra daukagu zein diren gure etorkizunaren ardatzak eta zein auzoaren eta hiriaren garapen iraunkorraren oinarriak. Hiri baten egokitasuna estu lotua dago pertsonen eta organismoen hiri bizimoduarekin eta haien eta ingurumariaren arteko erlazio ahalmenarekin. Erosotasuna eta interakzioa elkarrekin doaz beti: espazio publikoa, bizilekuak, ekipamenduak, gizarte kohesioa, aniztasuna… Eta, beste ezeren gainetik, bizitzeko auzoak nahi ditugu.