Titularrak

Anjel Lertxundi / 2015-09-04 / 115 hitz

Hegoaldean gehien saltzen den egunkariaren atzoko azalean, itsasoak turkiar hondartza batera botatako ume ito baten argazkia. Titularrak zioen: «Tragedia jasanezina». Jasanezina balitz… Espainian gehien saltzen den egunkariaren azalak ume ito beraren argazkia zekarren, baina polizia baten besoetan. Titularrak: «Europaren kontzientzia inarrosten duen irudi bat». Europaren —europarron— kontzientzia inarrosiko balu…

Irudi bata eta bestea ikusi genuenok eta titular bata eta bestea irakurri, oka hasi ginen edo gosaltzen segitu genuen? Tragediaren pisu jasanezinak noraino eragotzi zigun egun normala egitea? Kontzientzia inarrosiaren ziztadek nola eragin zioten gure eguneroko errutinari?

Tragediaren aurreko erostak erretolika huts izan ez daitezen, hainbat euskal erakundek errefuxiatuak babesteko erabakia hartu du, tragedia jasanezina egiten zaien eta beren europar kontzientzia inarrosia sentitzen duten herritarren izenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.