Maialen Belarra / 2015-09-25 / 588 hitz
Txikitatik gustatu izan zaio marraztea Urmenetari. Bizimodu eroa izatea atsegin du, eta hain zuzen, hori da bere irudietan irudikatzen duena: unean unekoa eta ahalik eta modu sinple eta irrigarrienean.
Nola definitzen duzu zeure burua?
Nik beti erraten dut alfer geldigaitza naizela. Denetarik gustatzen zait; gauza asko egiten ditut, baina guztiak, gaizki. Horixe da egia. Nahiago dut gauza asko erdizka egin, gutxi eta ongi baino.
Gauza horietatik guztietatik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Artistatzat daukat neure burua, horrek jarduera ugari barne hartzen dituelako. Gehien gustatzen zaidana jendearekin gauzak egitea da. Sormenaren barruan besteekin elkarlanean aritzea, testuinguru artistikoa dena delakoa izanda ere.
Orduan, bakarrik lan egin baino, nahiago duzu taldean lan egin?
Ez beti. Nire lan pertsonalean nahiago dut bakarrik egon, baina gustatzen zait sortzen ari naizena partekatutako proiektu baten zati izatea.
Antzeko zerbait da gaur komiki azokan eginen duzuena, bederatzi estilo nahasiz.
Hori da politena. Garai bateko surrealisten ildotik jarraituko dugu. Bederatzi lagunen artean mural bat osatuko dugu, bakoitzak bere zatitxoa lerro artean markatua izanik. Estiloak ezberdinak izan arren, lerro horien bidez nahiko irudi homogeneoa lortu dugu.
Nolakoa da murala?
Javier Krahe musikari eta lagun onaren omenez egin dugu. Bakoitzak bere zatian nahi duen marrazkia pintatu du, eta eskanerretik pasatuta niri bidali dizkidate. Ondoren, marrazki bakoitza metro batera handitu, eta muralean dagokion tokian jarri dugu, azokak iraun duen bitartean. Gaur azken bi zatiak jarriko ditugu: Belatz artistarena eta nirea.
Nondik datorkizu pinturarekiko maitasun hori?
Gure aitak asteburuetan txango txikiak antolatzen zituen, eta mendian ikusitako kontu guztiak azaltzen zizkigun. Etxera iritsi eta bakoitzak ikasitakoa marrazki bidez adierazi behar zuen. Ia konturatu gabe, sekulako lehiakortasuna sortu zuen anaien artean, eta, horri esker, txangoan ikusitako guztiari oso serio erreparatzen genion. Hor hasi zitzaidan zaletasuna.
Gogoan duzu zein izan zen zure lehen marrazkia?
Ez, baina aurreko batean Asisko anaiak eta biok marrazki batzuk aurkitu genituen, 1967 ingurukoak. Altxor polita izan zen. Bitxia dirudien arren, ordurako bakoitza bere estiloa zehazten hasia zen.
Zertan desberdintzen da zuen sormena?
Ni beti izan naiz sinpleagoa. Gauzak sintetizatzeko joera izan dut; Asisko askoz sakonagoa da. Bere marrazkiak komikira bideratuta daude, eta nireek merkataritza munduarekin zerikusi handiagoa daukate. Nire marrazkiak berehalakoak dira, zuzenak eta sinpleak; kartelen ezaugarriak dituzte, batik bat. Berak buruari buelta gehiago ematen dizkio; istorio luzeagoak kontatzen ditu. Erran daiteke gure izaeraren eta bizimoduaren isla dela gure marrazteko modua.
Nola bilakatu zen zaletasun hori lanbide?
Kasualitatez. Arreba bat Australiara joan zen bizitzera, eta ni lagun batekin bisitan joan nintzen. Han ikusi genuen oroigarrien dendetan langileek egiten zituztela marrazkiak. Une horretan nire lagunak proposatu zidan sanferminetarako kamiseta batzuk egitea nire marrazkiekin, eta euskal marka bat sortzea.
Horren fruitua da Kukuxumusu.
Bai. Gainera, modu paraleloan, kartelgintzan sartu nintzen, eta Kukuxumusu sortu eta hurrengo urtean sanferminetako kartel lehiaketa irabazi nuen. Nire enpresa bizitza artistikoarekin batera hasi zen.
Eta ia marrazki guztietan azaltzen dira animaliak. Zergatik?
Horretan ere aitak zerikusi handia dauka. Txikitan interes handia piztu zitzaigun animaliekiko, eta betidanik gustatu zaizkit. Gainera, gizakien jokabideak animalien bidez irudikatzean ohartzen gara zein irrigarriak garen, eta, hain zuzen, hori da nik lortu nahi dudana.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Guztiz anarkikoa. Nire bizitza nahasmenduan oinarritua dago. Ez ditut bi egun berdin bizitzen; areago, errutina ez da existitzen nire hiztegian. Une oro nahi dudana egiten saiatzen naiz.
Bidean gelditu zaizu proiekturen bat?
Euskara ikastea. Uste dut hori dela neure buruari agindu nion gauza bakarra oraindik bete ez dudana. Askotan saiatu naiz, baina ez dut ikasten; diziplinaren kontua ez daramat ongi. Izugarri kostatzen zait zerbait ikastea, sormenaren ingurukoa ez bada. Ea noizbait lortzen dudan.