Juan Luis Zabala / 2015-10-06 /302 hitz
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako Soinua iratzarri proiektuari esker, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako 150 ikaslek —10 eta 11 urtekoak gehienak— hiru musikagilerekin elkartu eta musika sortzeko prozesuan parte hartuko dute hurrengo hilabeteetan, beren ideia, proposamen eta iradokizunak emanez musikagileei, eta 2016ko maiatzean haurren eta musikagileen elkarlanak emandako sormen fruituak entzuteko aukera izango da Donostian egingo den emanaldi batean. Donostiako Zurriola eta Zuhaizti ikastetxeetakoak dira proiektuan parte hartuko duten ikasleak; musikagileak Xabier Otaolea, Mikel Chamizo eta Jagoba Astiazaran izango dira; eta konponketetan David Cantalejok, Enrique Vazquezek eta Hilario Etxtremaianak ere parte hartuko dute. Musikagileak elkartearekin elkarlanean jarri du abian proiektu hau Donostia 2016k.
Musikarekin harremanetan jartzeko eta musika sortzeko prozesuaren berri emateko, Jose Mari Usandizagaren (Donostia, 1887-1915) eta Lili Boulanger (Paris, 1893-Mezy-sur-Seine, Frantzia, 1918) musikagileen lanak ezagutaraziko dizkiete musikagileek ikasleei, oso gazterik hildako sortzaileak biak. Usandizaga hil zenetik ehun bete ziren hain zuzen ere atzo, eta haren oinordekoen ordezkaritza bat izan zen Sormena iratzarri proiektuaren aurkezpenean. Aurkezpenaren hasieran, Usandizagaren Rapsodia vascongada (1909) eman zuten Musikagileak elkarteko sei musikarik.
Lehen saioetan, ikasleei musika sortzeko prozesuaren oinarrien berri emango diete, eta ondorengo saioetan musikagileak ikasleen esanetara musika sortzen ahaleginduko dira, haiengandik era guztietako proposamenak jasoz.
«Kontzeptuak alde batera utzita, saiatuko gara haurren sentimenduetara eta irudimenera jotzen, barruan dituzten sormen aukerak agerian jartzeko», adierazi zuen, aurkezpen horretan, Itziar Zubizarretak. Proiektua «esperimentala» dela ohartarazi zuen Zubizarretak, eta amaitu arte ezin izango dela ondoriorik atera. «Hala ere, denon profesionaltasunetik zerbait nahiko ona irtetea espero dut», adierazi zuen. Ildo beretik, proiektua Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak utziko duen oinordetzaren parte izatea espero duela adierazi zuen Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak.
Proiektua abian jarrita dago, blog baten bitartez. Oraindik blog hori ez dago jende askorentzat zabalik, baina aurrerago joango da zabaltzen, Zubizarretak azaldutakoaren arabera. Horrez gain, esperientzia osoaren berri emango duen bideo-lan baterako lehen irudiak hartuta daude jada.