Aitor Biain / 2015-10-07 / 511 hitz
Udalbatzak Gasteiz «animalien tratu txarrik gabeko hiri» izendatu izanak begiz jo ditu zezenketak eta asto lasterketak. Hala ere, ez du luzaro iraun adierazpenak, eta eztabaida piztu da beste behin.
Gertakaria duela bi aste izan zen. Udalbatzak animalien eskubideen inguruko mozioa onartu eta hurrengo egunean, hain zuzen. Erdi Aroko azoka egin zuten Gasteizen, eta bertan hainbat animalia basati erabili zituztela salatu zuten animalien eskubideen aldeko zenbait elkartek. Haien esanetan, azokak iraun duen hiru egunetan, kalean hainbat hegazti harrapari eduki zituzten herritarren begi bistan.
Horiek horrela, animalien inguruko ordenantza bera bete ez izana leporatu zioten Gasteizko Udalari. «Hegaztiak animalia basatiak dira, eta kalean izate hutsa espektakulu bilakatzen da publikoarentzat», salatu dute ATEA eta GADEN elkarteek. Hori debekatuta dago udalaren ordenantzaren arabera. Udalak gaiaren inguruan adierazpen zehatzik egin ez badu ere, arauak betetzeko konpromisoa azaldu du. «Ordenantzak betetzeko daude, eta udal gobernuak dagokion esfortzua egingo du bete daitezen».
Mozioa besterik ez
Eztabaida duela bi aste hasi zen. Udalbatzak Gasteiz «animalien tratu txarrik gabeko hiri» izendatu zuen, Irabazi udal taldeak aurkeztutako mozioa onartuta. Mozioak bederatzi boto jaso zituen alde —EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazi—, zortzi aurka —PP— eta bederatzi abstentzio —EAJ eta PSE—. Popularren zinegotzietako batek bilkurara huts egin izanak ekarri zuen mozioa onartzea.
Mozioaren alde bozkatu zuten alderdiek uste dute egun indarrean den animalien inguruko ordenantza ez dagoela «guztiz garatua», eta aldatu egin behar dela. Zezenketak eta Blusen eta Nesken asto lasterketak debekatu egin behar direla, alegia. «Ordenantza oso ona daukagu, baina ez da guk nahiko genukeen modukoa», azpimarratu du EH Bilduk. Irabazi eta Hemen Gaude udal taldeek mozioan onartutakoa betetzeko eskatu diote udalari.
PPk, berriz, aurka bozkatu zuen, baina ez zen nahikoa izan mozioa bertan behera uzteko. Ez diote garrantzirik eman nahi izan, ordea, eta eztabaida itxitzat jo dute. «Ez da inolako berrikuntzarik egon iaz amaitutzat jo zen eztabaida berriz irekitzeko. Ez zen beharrezkoa».
Abstenitu egin ziren, berriz, EAJ eta PSE. Agintean dauden jeltzaleen iritziz, animalien tratu txarren inguruan hitz egiteko modurik onena ordenantza berrikustea da. «Ulertzen dugu udalbatzak mozioa onartu eta eztabaida berriz irekitzeko eskatu izana. Horregatik, ordenantza berrikusteko aukera zabalduko dugu». Sozialistek, berriz, azpimarratu dute ez dutela sartu nahi udalaren eskumena ez den erabaki batean. «Erabaki hori hartzea ez dagokio udalari; ez gara horretan sartuko, beraz».
Zezenketak, begiz jota
Egun indarrean dagoen animalien inguruko ordenantzak ez du inolako aipamen zuzenik egiten zezenketek inguruan, ez eta asto lasterketen inguruan ere. Hala, udalbatzak onartu berri duen mozioak bi eskari nagusi ditu: ordenantza betetzen ez duten ekitaldientzako diru laguntzak etetea, eta gune edo eraikin publikoak erabiltzeko baimena ukatzea.
Urteak dira, hala ere, zezenketak begiz joak dituztela Gasteizen. Ikusle kopurua nabarmen jaitsi da azken urteetan. Gasteizko zezen plazak, Iradier Arenak, ia 8.000 lagunendako lekua duen arren, iaz, batez beste, kopuru horren laurdena ere ez zuten bete —%23,36, zehazki—. Duela bi urte ez zen %40 ere bete.
Dena den, mozioaren onarpenak eztabaida mahai gainean jarri dute beste behin. Mozioa derrigorrean bete beharrekoa ez bada ere, udalak eskura izan dezake ordenantza aldatu eta zezenketak debekatzeko aukera.