Ihintza Elustondo / 2015-10-17 / 653 hitz
Gela batean ixten ditugu parte hartzaileak. Eta atea irekitzeko hainbat gauza aurkitu behar dituzte: giltzarrapoak giltzarekin edo konbinazioarekin irekiz… Truko eta jolas ezberdinak gainditu behar dituzte. Eta ordubete dute buruari bueltak emateko». Ander Olazabalaga Bilboko The X Door enpresako langilea da, eta hala azaldu du haien enpresan izan daitekeen esperientzia. Hirurogei minutuko tartea dute partaideek helburua betetzeko: atea irekitzea lortzea.
Egun, moda-modan dauden jolasetan parte hartzeko aukera ematen dute halako txokoek. Euskal Herrian bi zabaldu dituzte aurten: The X Door Bilbon, otsailean; eta Way Out Iruñean, maiatzean. Taldeka une dibertigarri bat pasatzera joan ohi da jendea, eta, Olazabalagak azaldu duenez, hark lan egiten duen enpresa arrakasta izaten ari da. «Gauza berri bat da, berritzailea. Ordubete duzu buruari eragiteko lagun artean. Plan ezberdina da. Zabalduz doa; jendeak ez du ezagutzen, eta probatzera etortzen da. Koadrilak etortzen dira gehienetan, ezkon aurreko agurretan eta urtebetetzeetan, batez ere. Baita bikoteetan ere».
The X Door enpresa, izatez, kate bat da, eta leku askotan ditu egoitzak: hala nola Valentzian, Lleidan eta Alacanten (Herrialde Katalanak), Madrilen eta Malagan (Espainia) eta Milanen (Italia). «Frankizia bat da», azaldu du Olazabalagak. Hura enpresako buru ez bada ere, eguneroko gestioez eta bezeroei kasu egiteaz arduratzen da. Jabeek Valentzian ezagutu zuten proiektua, eta ideia gustatuta, Bilbon saiatzea erabaki zuten, inguruetan halakorik ez zegoela aprobetxatuz.
Iruñeko Way Out, berriz, egoitza bakarra da, ez da kate baten parte. Hasieratik argi zuten jokoari ukitu pertsonala eman nahi ziotela: istorio bat sortu dute, eta dekorazio propioa. Bost bazkideren artean jarri zuten abian enpresa, eta haietako bat da Xabier del Coso.
Bideo joko bat lehen pertsonan bizitzea bezala deskriba daiteke esperientzia, Del Cosoren iritziz. Gainera, Mihaly Csikszentmihalyi psikologo hungariarraren teoria batean oinarrituta dago jokoa. Flow izeneko egoera deskribatu zuen hark: «Proba ezberdinak gainditzeko gai bazara, horrek ongizatea sortzen dizu». Haren arabera, behin denbora pasatuta gelatik irtetea lortu ez dutenek ere, bizipen bera izan ohi dute.
Lagun arteko jolas baten itxura badu ere, harago doa fenomenoa. Koadrilan edo familian doan jendeaz gain, gero eta bezero gehiago dira enpresak. Talde izaera bermatzeko Team Building ekintzak arrakasta izaten ari dira, bai Bilbon eta bai Iruñean. «Enpresek ikusten dute taldean giro ona sortzeko balio duela, konfiantza egon dadin eta batera lan egin dezaten», azaldu du Olazabalagak. Hark uste du gizartea nolakoa den islatzen duela jokoak. «Denetarik ikusten dugu. Badaude elkarrekin konfiantza asko dutenak, konfiantza gutxikoak, taldean lan egiten dutenak, autoritarioak… Oso kuriosoa da ikusteko».
Enpresa ertainak edo handiak izan ohi dira animatzen direnak. Langileak errutinatik deskonektatzeko eta lankideekin gauza ezberdinak egiteko joan ohi dira, Olazabalagaren esanetan. «Egon zen bolada bat paintball eta horrelakoak egiten zituztela, eta honek ez du esfortzu handirik eta gastu handirik sortzen. Gero eta indar handiagoa dauka».
Aisialdiaz harago
Dena den, Iruñeko enpresak, bide horretan, beste urrats batzuk egin ditu. Giza baliabideen aholkulari enpresa batekin ari dira lanean, jokoa formaziora bideratzeko: Oniria Consultingekin. «Atzo enpresa bat etorri zen, eta bost orduko jarduera antolatu genuen aholkulariek, enpresak eta guk. Oso pozik irten ziren. Jokoan ari diren bitartean, grabatu egiten ditugu gelak, eta partaideak entzun eta ikusi egiten ditugu une oro. Gero hori pantaila batean proiektatzen dugu, eta aholkulariei informazio asko ematen die: konpetentziak, liderrak, talde lana, frustrazioari nola aurre egin…», argitu du Del Cosok.
Gainera, enpresetan sortzen diren lanpostuetarako jendea aukeratzeko baliagarria dela uste du: «Esaterako, enpresa batek zuzendari batentzat postu bat badu, kameren bidez ikus dezakezu ezaugarriak betetzen dituen».
Ahoz aho eta sare sozialen bidez egiten dute bi enpresek sustapena. Biek hilabete gutxiko ibilbidea dute, baina ez dira kexu orain arteko emaitzekin. Bilbora joateko, Gabonak arte ia asteburu guztiak erreserbatuta daude. Iruñean, hilean 90 taldek parte hartu dute, batez beste.
Bi pertsonatik seira bitarteko taldeak joan daitezke Bilbora, 50 euroren truke. Iruñera, berriz, bitik bostera bitartean, baina prezioa jende kopuruaren arabera aldatzen da: 45 eta 60 euro bitartean. Enpresentzako formazio saioak garestiagoak dira.