Edu Lartzanguren / 2015-10-17 / 1.100 hitz
Ikurrinez apainduriko bizikleta bat ikusi da nazioarteko prentsan azken egunotan. Miarritzen (Lapurdi) «munduko lehen hidrogeno bizikleta elektrikoa» aurkeztu dutela esan zuten ingelesezko izenburuek. Errealitatea apur bat apalagoa da: badira beste hidrogeno bizikleta batzuk munduan, baina prototipoak dira. Miarritzeko Pragma enpresak Alpha izendatu duen bizikletaren berezitasun nagusia, berriz, «industrialki ekoizteko» diseinatu dutela da, Christophe Bruniau merkataritza garapenaren arduradunak esan duenez. Hidrogeno edo litiozko bateriak erabili, bizikleta elektrikoaren bolada da. Herbehereetan, dagoeneko, saldutako bizikleten laurdenak elektrikoak dira.
Miarritzeko aireportuaren ondoan dago lantegia. Hamar bat langile ditu. Hidrogenozko pilak garatzen hasi zen enpresa duela hamaika urte. Bizikleta egitasmoa joan zen urteko abendutik hasi ziren zinez gauzatzen, Euskal Kosta Aturri hiri elkargoaren berrikuntza lehiaketa irabazi ondoren (25.000 euro). Ez dira oraindik Alpha saltegietara eramatekotan. Oraingoz, profesionalei edo erakunde publikoei saltzea dute xede nagusia.
Urtea amaitu baino lehen, Mugerreko (Lapurdi) Postarekin partaidetza bat lotzekoa dute. Hamar bat bizikleta erostekoa zaie. Bigarren urratsa da Pragma etxekoentzat: «Oraintxe, proba fase batean gaude. Gure ekoizpena antolatu nahi dugu», azaldu du Bruniauk. Bizikletarekin batera, kargaguneak ere behar dituzte esperimentatu. Postak, hain zuzen, kargagunea ere erostekoa dio.
Bizikleta Miarritzen pentsatua eta garatua da, baina ez dute han fabrikatzen. Lehengai nagusia aluminioa dute. Elementuak, batez ere Txinako fabriketan dituzte ekoitzarazten: «Kopuru handietan fabrikatzen hasteko, nehork ez du fabrikarazten Txinatik kanpo». Epe laburrera Frantziako merkaturako 200 bizikleta fabrikatzea aurreikusten dute. Zehaztu dutenez, Hego Euskal Herrian ez daukate harremanik.
Mementoko, ez dute publiko zabala berehalako helburu. Horretara iristeko hiru urte beharko dituztela aurreikusten dute. Eta, salgai jartzekotan, bizikleta bakoitza 4.000 euroan saltzea pentsatzen dute. Orain arteko bizikleta elektrikoei begira, goi mailako bizikleta elektrikoen kategoriakoen prezioa litzateke hori.
Taupada markagailua
Ez du hidrogenoa erabiltzen, baizik eta litiozko bateria arrunta, baina bere bizikleta elektrikoarekin oso pozik dago Pake Garcia. 63 urte ditu, eta hamalau bat hilabete daramatza ibilgailua erabiltzen. Aspaldi dabil bizikletaz, baina, taupada markagailua jarri ziotenetik, utzia zuen: «Ezin izaten nion-eta erritmoari jarraitu». Ebakuntzaren aurretik, txango asko eginak zituen Europan. Duela bost urte, Euskal Herriari bira eman zion, egunero 100 kilometro eginda. Belgikan astebeteko martxa egitekoa zuen, baina, ebakuntzaren ondoren, ezingo zuela egin esan zioten sendagileek. «Orduan, elektrikoa erosi nuen, eta oso ondo».
Hiriko bizikleta da Garciarena, «Herbehereetako horietakoa». Pasieran ibiltzeko erabili duela dio, baina Garciaren txangoak 50 bat kilometrokoak ere izan daitezke. «Lasai egin daitezke elektrikoarekin, egun-pasa joanez gero».
Aldapetan laguntzen dio motorrak Garciari. «Bazterreko jendeak harrituta esaten du: begira nola doan!». Zelaian, ordea, bizikleta arruntak baino pedalkada indartsuagoak behar ditu elektrikoak, astunagoa delako. «Baina igotzen hasten denean, asko laguntzen dizu».
Alemanian eta Belgikan 50 urtetik gorako jende ugari ikusi du Garciak halako bizikletekin. «Eragozpenen bat daukan pertsona batentzat izugarri mesedegarriak dira bizikleta hauek, baina hemen jendeari lotsa ematen dio». Kalerako ere, mendiko bizikletak erosten dituzte hemen gizonezkoek, azaldu duenez, hirikoak «maritxukeria» direlakoan. Aurrekoan Oriotik Usurbilera joan zen, ikastolen Kilometroak jaira, eta gogoratzen du jendeak «hori tranpa da» esaten ziola. «Nik ez dut lotsarik, eta argi daukat: hurrengo ibilaldi luzean bizikleta hau eramango dut».
Bizikleta elektrikoaren «urterik garrantzitsuena» izan da aurtengoa Mallabiko (Bizkaia) Orbea enpresarentzat. Aurten merkaturatu du bizikleta elektrikoen lehen bilduma propioa, Jokin Diez eledunak azaldu duenez. Hirikoak zein mendikoak egiten dituzte. Mallabian diseinatzen dituzte, muntatzen, margotzen eta merkaturatzen, baina Shimano eta Bosch etxeetako osagaiekin hornitzen dituzte.
«Bizikleta elektrikoekin erabiltzaile berri bat sortzen ari dela ikusten ari gara», azaldu du Diezek. Hau da, duela urte batzuk bizikleta erabiltzen zutenak, baina azken boladan utzia dutenak, adinarengatik edo horren sasoitsu ez daudelako. «Motorrari esker, orain berriz egin dezakete txirrindulari horiek garai batean egiten zutena».
Diezek esan duenez, erosleak eskatzen du bizikletok erabiltzeko errazak izatea eta handiegiak edo astunegiak ez izatea. «Teknologia asko hobetu da: autonomia handitu da, eta gailuen mantentzea erraztu».
Bizikleta elektrikoak arazo bat du, ordea: pisua. Orbeak egiten dituenak 14-15 kilo ingurukoak izaten dira. Bateria eta motor arinagoen bila dabiltza. «Horrek beharko luke hurrengo urratsa».
Hidrogeno bizikleta ez du oso argi ikusten Diezek. Haren arabera, teknologia bera bezain garrantzitsua da zein erantzun ematen zaion bizikleta saldu ondoren etorkizunean izan ditzakeen arazoei. Asmakizun berriek oraindik jorratu gabe dute alor hori, Diazen aburuz.
Mendiko bizikleta elektriko bat erabiltzen du Jesus Kintana Peri-k baserritik lanera joateko, Zallan (Bizkaia). Ia egunero 30 bat kilometro egin ditu azken urtean horrekin. Probatu, eta gustatu egin zitzaion bizikleta elektrikoa. «Dirua aurreztu eta kirola egiteko aukera ematen dit», esan du. Oso sasoitsu ez dagoen jendearentzat oso egokia dela uste du. «Batzuek uste dute alferrentzako bizikleta dela. Ez dute ulertzen honekin bestearekin adina kirol egin dezakezula, nahi izanez gero, baina azkarrago joanda». Hiru laguntza maila ematen ditu motorrak. Kintanak erdikoa edo baxuena erabiltzen du, gutxitan altuena. «Oso bultzada ona ematen dizu motorrak, baina pedalei ere eragin behar diezu, noski». Bateria bete ondoren, 100 kilometro inguru egiten ditu. Bizpahiru egunetik behin kargatzen du, eta hiru bat ordu behar ditu betetzeko. Kontanak 2.100 euro ordaindu zuen bizikletarengatik, baina Energiaren Euskal Erakundeak 300 eman dizkio laguntza gisa. Dendan bertan eman zizkioten paperak laguntza eskatzeko: «Erraza izan zen».
Oraindik erabiltzen du motorrik gabeko bizikleta, lagunekin mendira doanean. «Elektrikoarekin ezin naute jarraitu».
Autoa uzteko itxaropena
Europako legearen arabera, bizikleta elektrikoak ezin du 250 wattetik gorako potentziarik izan. Hortik gora, ziklomotortzat hartu behar da, eta erabiltzaileak ezingo du bidegorrietan ibili, kaskoa jantzi beharko du hirian ere, eta asegurua izan beharko du. «Hemengo enpresa batzuk, ordea, bizikleta gisa ari dira saltzen potentzia handikoak», ohartarazi du Edorta Bergua Gipuzkoako Foru Aldundiko bizikleta bideen planifikazio teknikariak.
Edonola ere, etorkizun handia ikusten die Berguak bizikleta elektrikoei. «Nekea eta gure maldak dira jendeak bizikleta ez erabiltzeko dituen arrazoi nagusiak». Populazioa gero eta zaharragoa da, eta horrek ere bultzatuko du salmenta. «Etorkizunean, gero eta gehiago ikusiko ditugu, zorionez».
Berguaren arabera, hoberenak motorra pedalen azpian dutenak dira, orekari dagokionez. Motorraren pisua aurreko gurpilaren gainean jartzen duten diseinuetan, berriz, latzagoa da hirietako koskak gainditzea. Halaber, merkatuan dauden merkeenak ez erosteko aholkatu du, eta, erostekotan, saldu osteko zerbitzu ona emango duten dendetan erosteko.
Miarritzeko hidrogeno bizikletarena «sofistikazio handiegia» iruditzen zaio teknikariari. Bizikletak, ahal den neurrian, «sinplea» izan behar duela uste du. Ezin da esan bizikleta elektriko batek ez duela kutsatzen. Izan ere, kontuan hartu behar da erabiltzen duen elektrizitatea nola sortu den. Edonola ere, auto baten aldean bizikleta elektrikoak kontsumitzen duena «huskeria da», Berguaren aburuz. «Horregatik naiz horien aldekoa».
Bizikleta elektrikoaren loraldiak aukera handia ekar dezake hirietan mugitzeko moduak aldatzeko; izan ere, aldapetako izerdia kentzeaz gain, bidaia luzeagoak egiteko aukera ematen du. «Bizikleta elektrikoa tresna garrantzitsua izango da gaur auto edo motor gidari direnak txirrindulari bihurtzeko».