Ander Gartzia Badiola / 2015-10-16 / 488 hitz
Genero arteko berdintasunean oinarritzen da atzo Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume Nekazarien Estatutu Legea. Nekazaritzaren sektorean emakumeen estatus juridikoa hobetzea du helburu; profesionaltzat jotzeko eta eurek baserrietan egindako beharra ikusarazi eta aintzatesteko. Lehen sektorearentzat «egun pozgarria» zela nabarmendu zuen Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak, haren esanetan arau berria aitzindaria baita Europako Batasunean.
Egun seinalatua aukeratu zuten estatutua onartzeko: Emakume Baserritarraren Eguna. Eta aho batez mintzatu zen legebiltzarra. Hala ere, kontrako ahotsak ere entzun dira. EHNEk ozen eta zuzen egin du berba, Maider Aramendiren bitartez: «Ez dakar inolako berrikuntzarik. Ekarpen asko egin genituen EHNEtik estatutua lantzerakoan. Lortu genuen, hasieran, estatutua baserritik bakarrik bizi ziren langileetara mugatzea. Ez dugu nahi landa eremuan orokorra izango den estatutu bat. Baina ikusi genuen borondatea ez zela estatutu bete beharreko bat osatzea. 2005eko Ibarretxeren berdintasun legearen kopia bat egin dute, sekula aplikatu ez den legea».
Era berean, politikariek lehen sektorearekiko duten ezjakintasuna salatu du Aramendik. «Administrazioak eta gobernuak diagnostiko zabal bat martxan jartzea da behar duguna. datutan. Kantitate eta kalitatean. Azpisektoreetako errealitate guztiak mahai gainean jartzea. Behar den tokitik hasi behar dugu eraikitzen etxea, eta ez zerutik, interes alderdikoien arabera. Baserritar langilearen estatutu duina nahi dugu, txukuna, behartuko duena gizartea eraldatzen».
Rosa Aramendik ere parte hartu zuen lege proiektuaren lanketan. Hitzez Baserriko Emakumeen Elkarteko presidentea da. Oraindik lan asko egiteko dagoela aitortu arren, pauso garrantzitsutzat jo du estatutua: «Gure eskubideak baliatzeko balioko du. Izan ere, gure lana ezkutuan geratzen da sarri; batetik, emakumeak garelako, eta, bestetik, baserritarrak garelako». Hain zuzen ere, ezkutuan egiten duten lan hori «ikusaraztea» nahi du Hitzez elkarteko presidenteak, gizartearen aldetik ere euren beharra aitortua izan dadin. «Gure eskubideak aitortzea nahi dugu, ez bakarrik obligazioak izatea».
Emakumeen titulartasuna
Nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko desoreka horren adierazlea da gaur egun andreen izenean dauden ustiategi kopurua. Azken datuen arabera (2009), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ustiategien %32k dute titular emakume bat. Hamar urtetan bost puntu baino ez da igo ehuneneko hori. Estatutuak lehentasunezkotzat jo du desoreka hori arintzea, emakumeen lana ikusarazteko eta lan horren ondorio diren eskubide guztiak lortu ahal izateko. Hala, diru laguntzen arau erregulazioetan emakume nekazarien titulartasunari emango zaio lehentasuna. Era berean, partekatutako titulartasunak arautuko ditu estatutuak. EHNEk, ordea, zail ikusten du neurri horrek fruituak ematea, batez ere 2011n Madrilen onarturiko Titularitate Partekatuaren Legeak erakutsitako «eraginkortasun faltagatik». Aramendik kontuak egin ditu: «Gipuzkoan bi kasu baino ez ditut ezagutzen, eta Espainian ehun bat izango dira».
Sektorean emakumeek duten ordezkaritza ere ez da gizonezkoen parekoa. Jardueraren neurri ekonomikoa zenbat eta handiagoa izan, emakumeek hartzen dituzten erabakien ehunekoa txikiagotu egiten dela nabarmendu zuen Jaurlaritzak lege proiektua aurkeztu zuenean.
Estatutuan jasotako neurrien arabera, administrazioek ez diete diru laguntzarik emango enpresa, sindikatu edo bestelako elkarte eta erakundeei, zuzendaritza-organoetan emakumeen presentzia gutxienez orekatua ez badute. EHNEko kideak harridura azaldu du: «Ez dugu behar sektoreko langileria zigortuko duen estatutu bat. Horretarako ez dugu estatuturik behar. Komisio bat nahi dugu, jarraituko duena administrazioek, elkarteek eta sindikatuek egingo duten guztia. Harria ez diezaietela bota sektoreko elkarte edo sindikatuei bakarrik».