Egoitz Gonzalez/ 166zbka. – 2015/10 / 495 hitz
Aparkatzerakoan atzeko kotxeari beti kolpetxoa ematen diozu?
Bidegurutzeetan ez duzu jakiten nork duen lehentasuna? Lasai, euren kabuz gidatzen dakiten kotxe autonomoak garapen bidean dira, eta adituek diotenez, bost urte barru egongo dira salgai.
Orriotan jada hitz egin dugu robotikaz eta gure gizartean izango duen eraginaz. Etorkizuneko Smartphone-ak eta Google Glass ere izan ditugu hizpide. Bada, oraingoan, gizartean gehien erabiltzen dugun garraiobideari buruz hitz egiteko momentua iritsi da. Hona kotxe autonomoak.
Enpresa asko dira kotxe autonomoen inguruko ikerketak egiten ari direnak. Eta ikaragarria badirudi ere, arlo horretan pausorik handienak eman dituztenak ez dira gaur egun kotxeak fabrikatzen dituzten markak, teknologia berriekin lotutakoak baizik. Hala, ezin zuen bestela izan, oraingoan ere Google eta Apple dira lehen lerroan daudenak. Bi enpresa horiek eraikitzen ari diren inperioa benetan beldurgarria da, eta kotxeek emango dute zeresana. Urte dezente daramatzate kotxe adimentsuak garatzen, eta azken hilabeteetan hainbat berritasun atera dira eremu publikora.
Argi gera dadin, kotxe autonomo edo adimentsuak ez dira nahastu behar Android Auto edo Apple CarPlay bezalako zerbitzuekin. Azken horiek kotxean Android edo iOS sistema instalatuta edukitzeko aukera ematen dute. Horiekin, adibidez, gure Smartphone-a kotxearekin konektatuko da (kable edo Bluetooth bidez) eta mugikorreko musika, argazkiak edota GPSa kotxeko aginte-mahaitik kudeatu ditzakegu, oraintsu arte irratia zegoen tokian dagoen pantaila erabilita.
Bestelakoa da kotxe autonomoen mundua. Apple etxeari dagokionez, momentuz zurrumurru asko eta informazio gutxi daukagu. Jakina da bere kabuz ibiliko den kotxea garatzen ari direla, baina hori baino gehiagorik ez. Steve Jobsek kotxeak gustuko zituela badakigu, eta 2007. urtean Volkswagenekin batera iCar proiektua erditu zuten. Baina iCar delakoa ez zen kotxe autonomoa, ‘kotxe konektatua’ dei genezakeena baizik. Hau da, Smartphone-aren bitartez atea ireki, itxi, gasolina kantitatea begiratu edo kalefakzioa martxan jartzeko aukera ematen zuen kotxea.
Dena dela, proiektu hura bertan behera geratu zen. Gainera, funtzio horiek Android Auto eta Apple CarPlay teknologiekin posible izango dira.
Googleren kasuan, aldiz, garapena oso aurreratuta dago eta informazio ugari kaleratu dute. Dakigunez, 2009. urtean jarri zuten proiektua martxan, eta oraingoz, frogetan erabilitako kotxeek hamalau istripu eragin dituzte. Denak izan dira istripu txikiak, adibidez, aurten izandako azken istripuan beste kotxeko gidariak zauri txiki batzuk izan zituen; lehen zauritua izan da kotxe autonomo batek eragindako istripuan.
Erabakien dilema
Dena dela, akatsa ez omen zen autoarena izan, gizakiarena baizik. Izan ere, sentsore, kamera eta sistema adimentsuez baliatuz kotxe horiek errepidetik joaten dakite, seinaleak irakurri eta horien arabera abiadura kontrolatu eta legezkoak diren erabakiak hartuta. Arazoa da inguruan gidatzen ari garen pertsonok ez ditugula beti seinaleak errespetatzen, eta hori oraindik ezin dute aurreikusi kotxe adimentsuek. Hortxe du erronka Googlek, gizakion erabakitzeko askatasunaren ondorioak aurreikusteko gaitasuna duen kotxea sortzea.
Eta kotxeok inteligentzia maila horretara helduta ere, arazo edo zalantzak ez lirateke amaituko. Hona azken gogoeta bat. Kotxeak gure bizitza errazteko, eta, noski, zaintzeko diseinatuta egon behar dira. Hala, imajinatu kotxeak saihestezina den istripu bat aurreikusten duela. Egoera horren aurrean, ‘A’ erabakia hartuz gero beste kotxean dauden hainbat pertsona zauritu daitezke. Eta ‘B’ erabakia hartuz gero, berak daraman pertsona bakarra. Zein erabaki hartu beharko luke?