Mikel Lizarralde / 2015-10-15 / 291 hitz
Izenburuak horretarako parada ematen duenez, Inoiz egin dugun diskorik onena ote da Ze Esatek taldearen lanik biribilena? Galderari izkin eginez erantzun dio Jokin Gilisagasti taldeko bateria jotzaileak: «Joseba Poncek egin du azaleko tximuaren argazkia, eta marrazki horrekin lotzen da izenburua. Gu, behintzat, tximuarekin identifikatzen gara». Laugarren lan luzea du Donostia aldeko bederatzikoteak, baina Gilisagastirentzat aurrenekoa da. «Jokin iaz hasi zen gurekin, eta horrek zerikusia izango du!», egin du ñabardura Jabi Rodilek, abeslarietako batek. Diskoa Bonberenea Ekintzak-ek eta Mirentxu Recordsek argitaratu dute, elkarlanean.
Hamar kantu bildu dituzte diskoan, taldearen gaur egungo kolorea erakusten dutenak. «Aurreko diskoa irmoagoa, gogorragoa zen, eta estilo horretatik urrundu gara lan berrian», azaldu du Gilisagastik. Hain zuzen ere, AEBetako ska-reggae eta punk-rock moldeak berreskuratu dituzte, eta haize tresnen presentzia indartu dute. Karlos Osinaga Txap-en laguntza izan dute «estilo nahasketa» hori ontzeko, eta emaitza «alaiagoa eta koloretsuagoa» dela uste dute. Ia bi hilabete eman zituzten Tolosako Bonberenean grabatzen, «soinu baten bila», abeslariak esan duenez: «Maketa bat grabatua genuen lokalean, eta estudiora lan hori eginda joan ginen». Izan ere, Osinagak diskoa grabatu eta nahastu badu ere, produktuaren ekoizpena taldekideek berek egin dute: «Lasai eta gustura gelditu gara emaitzarekin».
Kritika eta parranda
«Lehertu da; puztuegia ote? Biceps, triceps, ganbaran ezer ere ez, Jon ez zen inoiz asetzen, Jon-Ki-Rolaria zen». Jonky Rolari kantuaren hitzetan, telebistak bultzatuta beste ezeren gainetik gorputza gurtzen dutenei buruz hitz egiten dute. Working Class-ek, berriz, klase kontzientziari erreparatzen dio. «Hitzek kritika sozial eta politikoa egiten dute, baina badira parrandari lotutakoak ere», azaldu du bateria jotzaileak. Joseba Sarrionandiaren testu batekin ondu dute, bestetik, Pianistaren heriotza.
Taldea osatzen duten bederatzi lagunei Garazi Esnaola pianista gehitu zaie kantu askotan — «ska-reggae estilo horretara oso ondo egokitzen da hammonda»-, eta Talco Italiako taldeko lagunek parte hartu dute Ezin zaitut jasan abestian.