Urte dezente igaro dira Joseba Usabiaga (1981, Tolosa) ‘Goenkale’ telesailean
ezagutu genuenetik. Zinera jauzi egin du, eta Barbara Goenagarekin batera
Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri du ‘Pikadero’ filma.
Krisialdi ekonomikoak eragin al dizu lige kontuetan?
Ez. Zorte txarra edo gogo eza eduki behar da diruak nahi duzun hori galarazteko.
Pikaderoak bisitatutakoa al zara?
Noizbait bai, noski. Baina toki kutreak dira, eta askotan deserosoak.
Kontatu, kontatu… Zein pikadero erabilitakoa zara?
Behin zabortegi baten inguruan sartu nintzen, beste behin Ertzainen bulegoen ondoan zegoen parking batean… Baina gehienetan mendialdera jo izan dut. Hala ere ez dut apenas beharrik izan.
Gaur egun ere pikaderoetara joaten zara?
Ez. Etxean badut txokotxo bat nahi izanez gero. Hala ere gauaren zurrunbiloan zergatik ez? Edozein tokitara joateko prest nago, komunak salbu.
Sekula harrapatu al zaituzte egoera konprometituan?
Ez deseroso sentiarazteko adina, zortekoa ni!
Nola konkistatzen da Joseba Usabiaga?
Ezer gutxirekin. Animatzen? Kar, kar, kar. Afari goxo bat eta hizketaldi atsegin eta lasai bat besterik ez dut behar.
Zerk limurtzen zaitu?
Begiradek, irribarreek, galtza estuek, top estuek… Neska femeninoek, azken finean.
Eta zer ezin duzu jasan?
Isilik egoten ez dakiten pertsonak. Nekatu egiten naute eta libidoa erabat jaitsi.
Ba al daukazu ligatzeko sekreturik?
Ez naiz oso ona, txarra naizela ez esatearren, baina poliki joatearena aplikatzen saiatzen naiz.
Sexu kontuetan, mozorrorik bai edo ez?
Ez mozorrorik, ez beste ezer, arroparik ere ez.
Eta ligatzeko, antzeztu behar al da?
Batzuetan bai, behin edo behin. Inoiz, neska batengana joateko nire buruari esan izan diot: “benga grabatzen, 5, 4, 3…” Eta orduan behartuta nago neskarengana joatera, hitz egin edo dantzatzera.
Kalabazarik eman al dizute inoiz?
Bai, eta oso beharrezkoa da: nahiago dut kalabazarekin etxera joan, kalabazarik gabe baino. Saiatu izanaren sentsazioa ona da.
Nola hasiko zenuke gau bero perfektua?
Afari arin eta goxo batekin, ardo txuria eta postrerako jolasa.