Iñigo Astiz / 2015-10-22 / 600 hitz
1965ean lehen azoka antolatu zuten Gerediagako kideak omendu nahi ditu Durangoko Azokak bere 50. urteurrenean. Urtemugak apaldu egin du finantzaketari eta azoka ereduari buruzko eztabaida.
Mende erdia betetzeak eskaintzen duen talaiatik egin dute aurtengo Durangoko Azokaren aurkezpena Gerediaga elkarteko arduradunek: begi bat egindako bideari begira, eta beste begia egiteko geratzen denari so. Izan ere, 50. aldia izango du aurtengoa azokak abenduaren 4tik 8ra bitartekoa, eta azken urteetan baino egun bete gehiagoko programazioa prestatu dute. Lehen urratsa egin zutenak omenduko dituzte urteurrenean, eta 1965ean Gerediaga elkartea eta Durangoko Azoka sortu zutenei emango diete aurtengo Argizaiola saria. Azokaren historia biltzen duen liburu bat ere kaleratuko dute, bestalde, Jesus Mari Arruabarrenak bildutako testigantzekin eta Joseba Sarrionandia idazlearen gogoetekin. Eta horiek izango dira atzera begira egingo dituzten keinu nagusiak, baina etorkizunera ere begiratzeko baliatu nahi dute aukera. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu du gogo hori: «Mugarri hau etorkizunaren oinarri sortu nahi dugu».
Urteurrenarekin alde du haizea aurten azokak. Iaz, finantza egoera «larrialdikoa» zela azaltzera joan ziren Gerediaga elkarteko kideak Gasteizko legebiltzarrera, eta erakundeek azokari bideratu beharreko diruari eta azokaren ereduari buruzko eztabaidek markatu zituzten irekiera aurreko hilabeteak. Halakorik ez, ordea, aurtengoan. Guneekin lankidetzan antolatu du egitaraua Gerediaga elkarteak aurtengoan ere, eta orain arteko ereduari eutsiko dio. Datu zehatzen faltan, gainera, inpresio orokorra aipatu zuen Mujikak atzo Durangoko Landako gunean egindako aurkezpen ofizialean. «Erakunde publikoen aldetik eta erakunde pribatuen aldetik igarri dugu laguntza gehiago jaso dugula, kontuan hartuta 50. urteurrena dela aurten. Igarriko dugu hori gure kontuetan, eta igarriko duzue zuek ere azokan».
150.000 euro. Zehatz, datu hori aipatu zioten Gerediaga elkarteko kideek Eusko Jaurlaritzari iazko legebiltzarreko agerraldian, eta hain zuzen ere kopuru hori bideratuko dute aurten azokarako bai Gasteizko gobernuak, eta bai Bizkaiko Foru Aldundiak. Atzo bertan aipatu zuten datua Durangon Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak. De Castrok lehenik: «Euskaldunon nortasuna gure hizkuntzarekin eta kulturarekin eraikitzen da, eta horregatik berresten dugu apustua». Eta Uriartek ondoren: «Bizirik irautea zati batean behintzat erakundeoi dagokigu». Aitziber Idigoras Durangoko alkateak azaldu zuenez, iaz 15.000 euro gehiago bideratu zituzten azokarako, eta aurten kopuru berari eutsi diote: 45.000 euro bideratuko ditu, guztira, beraz.
Gerediaga elkarteko kideek eskertu egin nahi izan zituzten erakunde publikoekin batera azoka laguntzen duten enpresa pribatuak eta azokan parte hartzen duten eragile guztiak. Edonola ere, aurrekontua erabat zehaztean haren berri emango dutela adierazi zuten, eta litekeena da bertan 50. azoka lagunduko duten talde eta erakunde gehiago aipatzea.
Zumetaren kartela
Jose Luis Zumeta margolariak aurtengo azokarako egindako kartela ere aurkeztu zuten atzo. Lau urte badira, izan ere, azokako kartela egiteko ardura euskal sortzaile bati eskatzen hasi zirenetik, eta usurbildarrari egin zioten aurten gonbita. Ez kasualitatez. Txelu Angoitia kartela aukeratzeko arduradunak azaldutakoaren arabera, Zumeta kide izan zuen Gaur artista taldeak datorren urtean 50. urteurrena izango duela ere izan zuten gogoan proposamena hari egiterakoan. Eta, antolatzaileek azaldu dutenez, pozez hartu zuen sortzaileak enkargua.
Grisa da lanaren oinarria, baina barrualdean koloretsua da irudia, eta Zumetaren eskua igar daiteke nabarmen bertan ageri diren figuren atzean. Artista ez zen aurkezpen ekitaldian egon, baina haren hitzak bildu zituzten antolatzaileek. Zumeta: «Ilusio handia egin zidan eskaria jaso nuenean, azoka oso garrantzitsua baita euskal kulturarentzat, eta baita arte plastikoentzat ere». Eta argia da irudiaren asmoa, sortzailearen hitzetan: «Burutazioa azkar sortu zitzaidan. Hasieran ez nuen ideia zehatzik, baina segituan hartu zuen giro bat: atsegina, deigarria, ederra… Jendea erakartzeko helburuarekin egin dut». 50. azokako pieza berak sortzea ere berezia izan da, Zumetaren arabera. «Azokak gero eta indar gehiago dauka, gero eta hobeto antolatzen da, gero eta oihartzun zabalagoa du… Berezia izan da niretzat lan hau egitea».
Mende erdiaren talaia irudi berrikuntzarako ere baliatu nahi izan dute Gerediaga elkartekoek. Atzo aurkeztu zuten bezala, DA! izango da aurrerantzean azokaren marka, Durangoko Azoka izenaren hitzetako lehen hizkiekin jolastuz.