Mikel Garcia Idiakez / 2015-10-26 / 240 hitz
Maskulinitate eredu nagusiak gizon boteretsuak ditu erreferente, eta boteretsuak uste du zapalduta, kontrolpean eta menpeko izan dezakeela albokoa; gizon indartsuak ditu gogoko, eta indartsuari iruditzen zaio ondokoa gutxietsiz eta ahulduz sentituko dela ahaltsu; gizon ausartak ditu maite, heroiak, eta heroiek salbatu beharreko biktima behar dute inguruan; gizon arrakastatsuak ditu gustuko, eta arrakastatsuak pentsatzen du bestearen porrotak azpimarratuko duela bere arrakasta.
Ez beti, jakina, indarra, ausardia, arrakasta berez ez baitira txarrak, baina helburu horiek gizonoi baino atxikitzen ez zaizkigunean, eta bestearekiko –emakumearekiko– harremanean eraikitzen direnean –gizon baikara emakumea dagoelako–, jarrera arriskutsuak sustatzen ditu maskulinitateak. Gizonek beste gizonak baino boteretsuago, indartsuago, ausartago, arrakastatsuago izan nahi dute, baina euren maskulinitatea zalantzan jarri eta benetan mintzen dituena da emakumeak baino boteretsuago, indartsuago, ausartago, arrakastatsuago ez izatea, euren boterea –gizontasuna– kuestionatzea, katearen gailurrean egoteko duten eskubidea lapurtzea.
Botere-harreman desorekatuok onartzen dituen gizartean –eta ondorioz, norabide bateko biolentzia sinbolikoa onartzen duen gizartean–, azaleko aldaketak gorabehera sakonean matxo dominatzaile-kontrolatzailearen rola normaltasunez eta inpunitatez onartzen duen gizartean, hilketa matxistak egiten dituztenak ez dira ero isolatuak. Egungo gizarte-eskema muturrera eramanez horretarako eskubide morala dutela uste duten kabroiak dira. Gure esku dago kabroi gehiago ez heztea, jabetuz garrantzitsuena ez dela maskulinitate eredu berriak lantzea, maskulinitatea eta feminitatea bezalako kontzeptuak deseraikitzea baizik, deuseztatzea. Utikan maskulinitatea, utikan feminitatea eta utikan generoaren araberako heziketa –kontziente eta inkontzientea–. Hezi ditzagun belaunaldi berriak pertsona integral gisa, balore, sentsibilitate eta ardura partekatuetan, eta harreman orekatuetan.