Kristina Berasain / 2015-10-06 / 1.130 hitz
Auschwitzen ostean ba ote zitekeen poesia idatzi galdetu zuen Theodor Adornok. Alemaniako filosofo judu hark zalantza horretan islatu zuen munduko kontzientziak astindu zituen gerra. Alemania naziaren 39 kontzentrazio esparruetan mila pertsona hiltzen zituzten egunean. Inoizko gatazka armatu handienak inoizko sarraski latzena eragin zuen. Laztura. Bigarren Mundu Gerra beste inoiz gertatu behar ez zen izugarrikeria zen. Eta gatazka armatua amaitu eta 52 egunera, artean gerraren bonba hotsak isildu ez zirela, konpromiso hori hartu zuten aliatuek. NBE Nazio Batuen Erakundearen zeregin nagusia ezarrita zegoen: gerrak eragoztea. 1946. urteko urriaren 24a zen.
Gerrak, genozidioak, giza eskubideen urraketak eta gizateriaren kontrako bidegabekeriak amaituko zituen itxaropenez, egitura bat sortu zuten nazioarteko agintariek, baina, 70 urteren buruan, munduaren panorama ikusita, agerian da erakundearen eraginkortasuna, gerrak eta gatazkak eragozteko garaian behintzat, eskasa dela, bere zilegitasuna ere zalantzan jartzeraino.
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik mundua zeharo aldatu da, eta garai eta erronka berrietara egokitu beharra dauka aldaketa sakonak eginez. Munduko gatazkek izaera berria daukate, aldaketak etengabekoak dira, eta mehatxu ezezagunak ere sortu dira, baina erakundearen egiturak, ordea, bere hartan dirau.
NBEk berak badaki egitura zaharkituta daukala eta erronka berriei aurre egiteko erreforma sakonak egin behar dituela. Kofi Annanek 1997an idazkari nagusiaren kargua hartu zuenean, erakundea erreformatzeko beharra nabarmendu zuen jada. Annanek berak aitortu zuen bere lana «munduko lanik zailena» zela, besteak beste, «herrialde guztien plaza» gobernatu behar zuelako diplomaziaren bidez.
Eta argi dago munduko plaza gobernatzea nekeza dela. Ban Ki-moonen agintaldia amaitzear dagoela, egitura zaharrean sustraituta dago oraindik NBE. Erakundeak 70. Batzar Nagusia egin berri du. Eta Mogens Lykketoft NBEeko Batzar Nagusiko presidenteak hitz hauekin eman zion amaiera aurtengo saioari: «Historikoak izan diren bederatzi egunen amaieran gaude, eta egun hauetako eztabaiden sakontasunak agerian utzi du erakunde honen erronka itzela dela». Oholtza berean munduko 150 estatu eta gobernuburu aritu dira astebetez, eta, zerbaitetan bat badatoz, erakundea erreformatzeko beharrean datoz. Erreforma «ezinbestekoa» dela esan dute agintariek.
Beto eskubidea
Erakundean sorreratik dagoen botere banaketa oraindik ere indarrean egotea da kritika zorrotzenak eragiten dituen auzia; «pribilegio arkaikoa» iritzi diote horri adituek. Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek soilik daukate beto eskubidea, erakundea sortu zenean aliatuak ziren herrialdeek, hain zuzen ere. Eta aski da bost estatu horietako baten batek betoa ezartzea giltzarri izan daitekeen ebazpen bat bertan behera geratzeko.
Segurtasun Kontseiluko kideek 270 aldiz baliatu dute beto eskubidea urte hauetan guztietan. Errusiak eta AEBek dute errekorra: 128 beto jarri ditu Errusiak, eta 89 AEBek.
Urteotan dozenaka adibide aurki daitezke, baina gatazkaren batean argi ikusten bada beto eskubideak nola baldintzatu dezakeen estatu baten etorkizuna, palestinarrei galdetzea baino ez dago. Bi estatuen sorrera onartzea aspaldi hartutako erabakia bada ere, egungo statu quo-ak agerian uzten du munduko plazan erabakitzen diren neurrien eraginkortasunik eza.
Segurtasun Kontseiluak 1947. urteko azaroaren 29an onartu zuen 181 ebazpena, bi estatuen sorreraren baldintzak jasotzen zituena. AEBek alde egin zuten orduko hartan, baina gerora 25 alditan baino gehiagotan baliatu dute beto eskubidea palestinarren kontrako erasoak gaitzestea saihesteko. Palestina «estatu behatzaile» gisa onartzearen kontra ere egin zuten (2012).
Segurtasun Kontseiluak baino ez dauka eskubide osoko estatu kide berriak onartzea. Eta NBE bezain zaharra den gatazka bere hartan da beto eskubideak direla eta. Egitura horretan hartzen diren erabakiak ez dira bete beharrekoak, eta haren porrotaren metafora ankerrena izan daiteke Palestina.
Banek berak adierazi du egitura hori «ahalik eta azkarren» erreformatu behar dela: «Organo hori gardenagoa eta demokratikoagoa egin behar dugu». Eta egia da gero eta gehiago direla beto eskubidea ezabatzearen alde egiten duten ahotsak eta aldarrikapen hori bere egiten duten estatuak. Erabaki hori irmoa izan bitartean, betoa mugatzea eskatu dute 73 estatuk, gizateriaren kontrako krimenak ardatz dituzten ebazpenetan beto eskubidea baliatzea debekatzeko. Mexikok eta Frantziak sustatutako ekinaldi horrek, honezkero, 73 herrialderen babesa lortu du. Claudia Ruiz Massieu Mexikoko Atzerri ministroak esan du genozidioa, gerra krimenak edo gizateriaren kontrako krimenak daudenean betoa baliatzea ez dela bateragarria egungo printzipioekin.
NBEren erreforma aldarrikatzen duten adituek «egitura eraginkorrago, gardenago, zilegiago eta azkarrago» baten alde egiten dute. Baita demokratikoagoaren alde ere.
Garai kritikoak
Herrialde bat, boto bat formula oraindik ere indarrean dago Batzar Nagusian —193 estatu daude ordezkatuta hor—. Estatu bakoitzak boto bat dauka, handia izan edo txikia izan. Eta osaera hori justua ote den ere zalantzan jartzen dute, batez ere, herrialde jendetsuenek, pertsonak baino gehiago estatuak ordezkatzen dituela salatuta. Alemania, Japonia, Brasil, Hegoafrika, Nigeria eta Indiak eserleku finko bat ere aldarrikatzeari ekin zioten aspaldian.
Demokratikoki dituen hutsune eta gabeziez gain, erabakiak hartzeko eta larrialdietan erantzuteko motelegia dela ere leporatzen diote NEBri. Agerian da mastodonte burokratikoek ez dutela balio egungo krisiei aurre egiteko; hortaz, prozedurazko aldaketa sakonak ere aldarrikatzen dituzte. Banek berak aitortu du bake misioek «arinagoak eta azkarragoak» izan behar dutela.
Bere zazpi hamarkadako ibilbidean garai kritiko ugari izan ditu erakundeak, baina larrienetakoa 2003an etorri zen. Iraken okupazioak erakundean errotuta zegoen krisia areagotu baino ez zuen egin. Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandakoak ozen ohartarazi zuen orduan erakundea «bidegurutzean» zela. Irakeko inbasioa «alde bakarrekoa» izan zela salatu, eta «norberak bere aldetik erabilitako legerik gabeko indarra ugaltzea eragozteko erreforma» agindu zuen Annanek. «Segurtasun Kontseiluaren egitura ez da bere sorreratik aldatu, eta serioski berritzeko ordua da. Egitura anakronikoa du, sortu zeneko errealitate geopolitikoa islatzen baitu, eta ez gaur egungoa; trabatuta dago».
Washingtonek Iraken «gerra prebentiboa» abiatzeko bere kasa hartutako erabakiak hautsak harrotu zituen. Eta erakundearen izaera bera auzitan jarri zuen nazioarteak erasoa hasi eta zazpi hilabete geroago erakundeak okupazioa babestu zuenean; Segurtasun Kontseiluaren 1511 ebazpena erakundearen «suizidioa» izan zela adierazi zuten adituek. Anne-Marie Slaugther Princeton Unibertsitateko irakasleak erakundearen «hutsaltasuna eta eraginkortasunik eza» salatu zuen orduan.
Annanek annus horribilis izan zela aitortu zuen, urte beltza, eta adituz osatutako talde bat eratu zuen hausnarketa egin eta erronka berriei aurre egiteko eta egoera geopolitiko berrira moldatzeko gaitasuna izango lukeen egitura bat sortzeko. Txosten horrek hainbat proposamen zehatz jasotzen zituen, baina eztabaida hura antzua izan da orain arte, ez baita aldaketarik egin.
Kontraesanak, sorreratik
Ruanda eta Srebrenicako genozidioak eragozteko nahikoa ez zuela egin. Hori da nazioarteko erakundeak atzetik duen beste mamu bat. Eta baita sorreratik oinarrian dituen kontraesanen artean handiena ere, zeren kasko urdinek, bakea bermatzeko bada ere, araudiaren arabera ezin baitute armarik erabili beren buruak defendatzeko ez bada —arma arinak dituzte—. Kongoko Errepublika Demokratikoko gertaerek ere mugarri bat ezarri zuten. 2010eko udan, 300dik gora lagun bortxatu zituzten miliziek kasko urdinak zeuden lekutik 32 kilometro eskasera. NBE biktimak zenbatzera eta «huts» egin zuela aitortzera mugatu zen orduan ere.
Beste garai kritikoa kasko urdinek hainbat herrialdetan izandako jokaerak ekarri zuen. Kongon eta Liberian emakumeekin sexu gehiegikeriak egin zituztela jakin zen. Tartean, hamabi urte inguruko neskatoak prostituitzera behartzen zituztela diruaren edo giza laguntzaren truke. Annan bera «suminduta eta lotsatuta» agertu zen.
Ekintza sinbolikoetatik haratago, haren zeregina lausoa dela agerian da, orain arteko konpromiso asko hitzetan geratu baitira urteotan, nazioarteko zuzenbidea, bakea, segurtasuna, garapen ekonomikoa eta soziala, eta giza eskubideen errespetua bermatu beharko lituzkeen erakundearen etorkizuna kolokan jartzeraino. Egia da, hala ere, existituko ez balitz asmatu beharko litzatekeen erakundea dela; azken batean, munduko plaza bat behar da.