Ihintza Elustondo / 2015-10-28 / 1035 hitz
Gorputz guztia oinen gainean joan ohi da. Begi bistako ebidentzia dirudien arren, sarritan ez zaio behar besteko garrantzirik ematen oinetako egokiak aukeratzeari. Diseinuari eta prezioari erreparatzeko joera dute askok, baina nork bere oina ondo ezagutzea da garrantzitsuena adituen arabera, haren ezaugarrietara egokitutako zapatilak erosteko. Behobia-Donostia lasterketarako egun gutxi falta dira, eta korrika egiteko oinetako egokiak ez aukeratzeak dituen arriskuez ohartarazi dute podologo eta saltzaileek.
Tolosako Aralar Kirolak dendan (Gipuzkoa) korrika egiteko zapatilak saltzeaz arduratzen da Mertxe Ortiz, eta, haren arabera, oinetako egokirik gabe, ez dago korrika egiteko modurik. «Min egiten duen zerbaitekin korrika eginez gero, hurrengo egunean ezin da berriro korrika egin. Garrantzitsuena oinetakoa ezaugarri fisikoentzat egokia izatea da, hurrengo egunean korrika egiteko gogoa izateko».
Genetikak hala aginduta, pausoa emateko modu bat edo beste izan ohi du jendeak. Bi oin berdin ez daudenez, pausoa emateko moduak ere askotarikoak dira. Dena den, hiru multzotan sailka daitezke oinak, lurrarekin duten kontaktuaren arabera: supinatzaileak, pronatzaileak eta neutroak. Supinatzaileak oina lurrean kanpoko aldearekin jartzen dutenak dira; pronatzaileak, berriz, barneko aldearekin egiten dutenak, eta neutroak, normaltzat onartzen diren ezaugarrietatik aldentzen ez direnak.
Gipuzkoa Poliklinikako podologoa da Toni Martinez, eta, hark azaldu duenez, oinek normalean bi mugimenduak egiten dituzte, bai barrura eta bai kanpora. Pertsona guztiak direla pronatzaileak eta supinatzaileak hein batean, alegia. «Hori naturala da. Gehiegizkoa izateak sor ditzake arazoak». Normaltasunetik at zer dagoen jakiteko, oina lurrean jartzean sortu beharko liratekeen angeluak zehaztuta dituzte medikuek, eta gradu horietatik pasatuz gero, arazoak izan ditzake jendeak. «Orain ez badituzte ere, luzera izaten dituzte, normalean». Belaunetako arazoak eta karga muskularrak dira ohikoenak, baina orkatiletako, aldakako, edo bizkarreko molestiak ere lotuta egon daitezke pausoa emateko moduarekin.
Kasu bakoitza ezberdina da, ordea. Norbaitek itxuraz hankak oso oker botatzen dituela iruditu arren, gerta liteke inongo arazorik ez izatea, Kontxi Iturriaren arabera. Podologia klinika bat du Irunen (Gipuzkoa), eta, argitu duenez, badago jendea oso supinatzailea edo pronatzailea dena, eta batere sufritzen ez duena. «Badago jendea begiratze hutsarekin mina ematen duena, eta inongo arazorik ez duena. Haien gorputza horretara egokitu da. Artikulazio batean egiten ez duten mugimendua, hurrengoan egiten dute. Jendeak oso ondo neutralizatzen du. Ez badu minik eta arazorik, ez du tratamendu beharrik».
Egun, pausoa emateko modu bakoitzari egokitutako zapatilak daude merkatuan, eta Ortiz halako oinetakoak saltzeaz arduratzen da. Errepidean korrika egiteko egokiak diren bi zapatila mota dituzte dendan: neutroak eta pronatzaileentzat. Supinatzaileentzat, existitzen diren arren, ez dituzte saltzen. Pausoa emateko moduaren arabera, bata edo beste aukeratzea «oso garrantzitsua» dela uste du dendariak. Neutroak denentzat dira egokiak, eta pronatzaileenak soilik pronatzaileentzat. Nork bere ezaugarrien araberako oinetakoak ez baditu aukeratzen, pauso emateko moduak okerrera egin dezakeela azaldu du: «Inoiz molestatu ez duen belaun hori molestatzen has daiteke, eta, disfrutatu ordez, lesioak sortzen dira, zapatila egokiekin inoiz sortuko ez liratekeenak».
Arazoren bat sor dezaketen mugimenduak saihesteko, Martinezek ere uste du beharrezkoa dela kirolerako oinetako egokiak aukeratzea, edo, bestela, barne-zola pertsonalizatuak eramatea.
Dena den, ezinbesteko garrantzia ematen dio pausoa emateko moduaren azterketa bat egiteari, bakoitzarentzako konponbide egokiena zein den jakiteko. Izan ere, korrika egiterakoan oinak egiten duen mugimenduak hiru fase ditu, eta azaldu du zapatilek une jakin bateko supinazioa edo pronazioa soilik kontrolatzen dutela. «Baliteke gure oina oso pronatzailea izatea, baina azken fasean. Eta gure oinetakoak bigarren fasean kontrolatzen badu hori, ez dugu kontrolatuko nahi dugun momentuan», Martinezen arabera.
Kasu guztietan, oina era batekoa edo bestekoa izan, zapatila neutroak erostea defendatzen du Iturriak. «Ez supinatzaileak eta ezta pronatzaileak ere; neutroak. Pausoa emateko modua patologikoa bada, behar duzuna da profesional batek hori kontrolatzea; oinetako barrutik, barne zola batekin». Beldurgarri samarra» iruditzen zaio mundu guztiari informazio bera ematea, «ñabardura asko» daudenean. «Pronatzaileen zapatila bat ez dago eginda zure oinerako, pronatzaile guztientzat baizik. Horregatik, beti neutroak gomendatzen ditut, inoiz ez dutelako arazorik sortuko. Gero, beharrezkoa bada, zuzenketak egin behar dira, noski».
Pronatzaile izanda, pronatzaileen zapatilekin gustura dagoen jendea badagoela aitortu du Iturriak, baina baita gustura ez dagoena ere. «Pronatzailea izan arren, zapatila pronatzaileek min egin dezakete». Haatik, pronatzaileentzako eta supinatzaileentzako zapatilak moda kontua direla uste du. «Marketina da. Korrikalariak ez du berdin ematen pausoa karrera batean aldapa igotzean eta jaistean».
Hark uste du ez dela hain garrantzitsua pausoa nola ematen den jakitea zapatilak erosterakoan. «Nik uste dut ondo helduko duten, estutuko ez duten eta eroso sentiaraziko duten zapatila batzuk erosi behar direla. Ez oso bigunak, oinak non dagoen jakin behar duelako; eta ez oso gogorrak, esfortzu bat egingo duelako korrikalariak. Horrekin, hegan zoaz».
Arazoak sortzen badira, jendeak kontsultatu gabe zapatilak hartzen dituelako gertatzen direla uste du Iturriak. Dendara joan eta, «nire lagunak supinatzaileak dauzka eta emazkidazu niri ere», esan ohi du jendeak. Dena den, ez du uste jendearen kontzientzia faltagatik denik. «Ez da kultura falta, gehiegizko informazioa da. Hainbeste hitz egiten da pronatzaile eta supinatzaileen inguruan…». Gainera, zapatilak dendan dagoenak saltzen dituela nabarmendu du. «Baliteke korrikalaria izatea, baina baliteke piraguista bat izatea».
Oinutsik, lurrari lotuta
Gaur-gaurkoz, kirolerako oinetako zehatzen modaz gainera, beste moda bat ere zabaldu da: gero eta jende gehiago animatzen da korrika oinutsik egitera, naturaz, gizakia horretarako prestatuta dagoela aitzakia hartuta. Mexikoko Tarahumara tribuan du oinarria korronteak. Haiek hiru egunetan 600 kilometro korrika egiteko gai dira, hamasei maratoiren baliokidea litzatekeena, hain zuzen.
Oinutsik eta lesiorik gabe korrika egiten dutelako miresten ditu hainbeste jendeak. «Garai batean inork ez zituen oinetakoak janzten, eta gorputza oinutsik korrika egiteko prestatuta dago. Animaliek korrika oinutsik egiten dutenez, eta artikulazioak horretara egokitu dituztenez, guk ere gauza bera egin dezakegu». Hala azaldu du Ortizek mugimendu horrek oinarrian duen filosofia.
Hankentzat «munduko gauzarik onena» dela iruditzen zaio Iturriari, baina jaiotako unetik oinutsik ibiliz gero. «Ume bati jaiotzen denean oinetako bat jartzen badiogu, eta gero beste bat, oin hori oinetako batera egokituko da. Eta bat-batean oinutsik libre uztea… Zapatarekin galdu du lurrera egokitzeko ahalmena».
Dena den, jende ugarik praktikatzen du, eta gustura aritzen dira, gainera. «Badaude purista batzuk, pelikulan sartu direnak, %100 konbentzituta daudelako horrek funtzionatzen duela. Jende mota horri funtzionatzen dio, sei eta zortzi hilabete arteko egokitzapena egin eta gero. Ez du balio bat-batean oinutsik jarri eta korrika hasteak. Zuk uste baduzu oinetakoak sorrarazten dituen lesioei aurre egingo diezula, bada orduan, funtzionatzen du. Baina inori ezin diozu hori eskatu», azaldu du Ortizek.
Halere, Martinezek oinetakoari ikusten dizkio bere alde onak. Haren arabera, leundu egiten du lurrarekiko kolpea, eta belaunek gutxiago sufritzen dute. «Gaizki aukeratuz gero, arazoak sor ditzakete kirolerako oinetakoek, baina egokia izanez gero, ez luke sortu beharko».