Urtzi Urkizu / 2015-10-16 / x hitz
Aurrekontu eskaseko film laburrak egiten hasi zen gaztetan Ruben Ontiveros (Basauri, Bizkaia, 1977). Azkeneko hamarkadan, Interneterako telesail arrakastatsuak idatzi eta zuzendu ditu. Aurten, Basauri Mirror ari da zuzentzen, ohi moduan, Borja Perez aktorearekin.
Que vida más triste saioarekin hasi zineten 2005ean, bizpahiru astez aritzeko asmoz. Interneteko arrakastak La Sextara eraman zuen saioa. Nola izan zen saretik telebistarako jauzia?
Ez zen aldaketa handirik izan. Hiru urtez Interneterako egiten genuen formatu bera zen, baina, Borja Perezen etxean grabatu beharrean, telebistako plato batean eginda. Ukitu retro guztia errepikatu genuen. Bitxia zen nola Perez etxetik atera eta bere etxea irudikatzen zuen plato batera joaten zen, berriro pijama janztera. Zortzi orduz grabatzen aritu ostean, etxera itzuli eta berriro pijama janzten zuen. Hiru urtez horrela aritu zen, eta ez dakit nola ez zen erotu. Meritu ederra du.
Aurrekontu oso-oso txikiarekin, sekulako arrakasta izan zenuten. Horrek erakusten du gidoi eta aktore onekin nahikoa dela?
Bai. Maila ematen duten gidoi eta aktoreekin, arrakastaren erdia egina da, behintzat. Beste faktore batzuk izaten dira gero. Gure kasuan, jabetzen ginen istorio txikiekin ari ginela, gauza hurbilekin. Publikoaren tokian jartzen ginen umorea egiterakoan.
Zergatik kendu zuen La Sextak Que vida más triste?
Ziklo bat izan zen. Katea esperimentatzen ari zen formatu berriekin. Programazioa aldatu zenean, gurea amaitu zen.
Egin dituzuen beste web telesail batzuen artean Basauri Kind Rewind, Basauri Vice eta Basauri Mirror daude. Internauta askorentzat Basauriko herria erreferente bilakatu da, ezta?
Ez dakit, agian bai. Que vida más triste-n maiz aipatzen genuen Basauri, bizi garen herria delako eta bertako benetako gauzak zirelako. Alfer hutsa naiz, eta ez zait gustatzen tokien izenak asmatzea.
Gaur egun asko zabaldu da Internet bidezko telesailen fenomenoa. Zer iritzi duzu?
Egun, teknikoki oso erraza da estilo honetako telesail bat egitea: kamera txukun bat izanik, Youtuben eskegi eta zabaltzea. Baina sarri gertatzen da telesail batekin hasi eta gero segidarik ez izatea. Pasio handia baduzu, dibertitzen bazara eta ingurukoen inplikazioa badago, errazagoa da denboran jarraitzea. Esperimentatzeko oso formatu ona da, edonola ere.
Borja Perez aktoreak esan izan du iragarleek gehiago inbertitu beharko luketela Interneteko telesailetan, telebistan baino.
Dagoeneko ari dira horretan. Zenbait enpresa Youtuben adin tarte berezietarako produktuak ari dira iragartzen, gehienbat gazteentzat. Baina garbigarriak ez dira telebistan adina iragartzen.
Interneteko telesailak egiten hasten direnei zer gomendio emango zenieke?
Ideietan segida izatea eta pasioa. Egin dezatela zerbait, gustatzen zaielako. Oker larria da pentsatzea lehen bideoak milaka bisita izango dituela eta segituan iragarle bat iritsiko dela. Dirua berehala irabazteko, hobe da beste lan bat bilatzea.