Gorka Erostarbe / 2015-10-08 / 330 hitz
Suediako Akademiak aurrenekoz saritu du kazetaritza erreportajean nabarmendutako idazle bat. “Bere obra polifonikoa gure garaiko sufrimenduaren eta balioen monumentu bat da”, argudiatu du Akademiak. Besteak beste, Sobietar Batasun ohiko herritar askoren drama, Txernobylgo istripu nuklearraren ondotikoa, Afganistango gerra eta egungo gatazkak islatu ditu bere erreportajeetan Svetlana Aleksievitxek, errusieraz.
Miel Anjel Elustondok elkarrizketa egin zion Aleksievitxi BERRIAn 2004ko otsailean.
Ukrainako Stanislav herrian (egun Ivano-Frankivsk da) jaio zen, 1948an, baina Bielorrusian hezi zen. Gurasoak, biak, irakasle zituen. Ama ukrainarra eta aita bielorrusiarra. Minskeko Unibertsitatean (Bielorrusia) egin zituen kazetaritza ikasketak, 1967tik aurrera, eta graduatu ostean dudak izan zituen irakaskuntzan edo kazetaritzan aritu. Ales Adamovitx idazle bielorrusiarrak eman zion azken bultzada literatura har zezan ogibide modura, eta literatur genero berri bateranzko bidea ekin zuen. Adamovitxek “eleberri kolektiboa”, “koru epikoa”, edo “ebidentzia-nobela” deitu izan dio Aleksievitxen nobelagintzari. Izan ere, bere testuetan literatura eta kazetaritza uztartzen ditu, collage teknika erabiliz eta pertsonen testigantzak tartekatuz. Modu horretara gertaeren muin gizatiarrera gerturagotzea lortzen du. Estilo hori modu agerikoan aurrenekoz 1983ko War’s Unwomanly Face (Gerrak ez du aurpegi femeninorik) nobelan erabili zuen. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten hainbat emakumeren berri ematen du lan horietan, lehen eskutik egindako elkarrizketa batzuen bitartez.
Aleksievitxen obrak gizon eta emakume sobietar eta postsobietarren kronika pertsonal bat osatzen du. Elkarrizketatu egin izan ditu historiaren une zailenetan eta bere narrazioetara ekarri ditu istorio horiek: Bigarren Mundu Gerra, Afganistango Gerra, Sobietar Batasunaren erorketa, Afganistango Gerra, Txernobylgo istripu nuklearra. 2000. urtean Bielorrusia utzi eta Parisen, Gotenburgon eta Berlin bizi izan zen. 2011n Minskera itzuli zen. Oso kritikoa da Bielorrusiako Gobernuarekin.
Nazioarteko hainbat sari jaso izan ditu, Herder Saria 1999an eta Alemaniako Liburu Komertzioaren Bakea Saria 2013an.
Euskarara itzuli gabe dago.
Epainieraz Voces de Chernóbyl (2006, Editorial Siglo XXI) irakur liteke.
Frantsesera bost bat liburu itzuli dizkiote: Les Cercueils de zinc (1990),
Ensorcelés par la mort (1995), Tchernobyl, chroniques du monde après l’apocalypse (1999), La Guerre n’a pas un visage de femme (2004), Derniers Témoins (2005) eta La Fin de l’homme rouge ou le temps du désenchantement (2013)