Iker Tubia / 2015-10-18 / 1.343 hitz
Iruñeko Hizkuntza Eskolaren pareko kafetegian, erdal hitzen artean, euskaraz mintzatu da Keiko Suzuki. Nagoya hirian sortu zen, Japonian, eta euskal hizkuntzan oso ongi moldatzen da. Japonia eta Euskal Herria lotu ditu, tabernan euskaraz egin den solasaldi bakarrean.
Iruñeko Hizkuntza Eskolaren pareko kafetegian, erdal hitzen artean, euskaraz mintzatu da Keiko Suzuki. Nagoya hirian sortu zen, Japonian, eta euskal hizkuntzan oso ongi moldatzen da. Japonia eta Euskal Herria lotu ditu, tabernan euskaraz egin den solasaldi bakarrean.
Kontrakoa pentsa daitekeen arren, ez dira hain urruti Euskal Herria eta Japonia, ezta?
Kulturaren aldetik Euskal Herriak eta Japoniak, agian, badute antzekotasuna honetan: Euskadiko jendea itxia dela esaten du kanpoko jendeak. Baina, era berean, oso irekia da, hori ere esaten da. Gauza bera gertatzen da Japoniaren kasuan. Japoniarrak kontserbadoreak edo itxiak izaten dira kanpoko jendearekin, baina, halaber, oso irekiak dira; kanpoko jendeaz eta gauzez jakin-min handia dute, eta haiekin harremana eduki nahi dute. Irekia eta itxia, bi aurpegiak dituzte.
Era berean, oso kultura ezberdinak direla esan liteke.
Bai, desberdintasun asko aurkitu ditzakegu, janariagatik, bizitzeko moduagatik…
Iruñera etorri aurretik, halakoa irudikatzen zenuen Europako mendebaldea?
Ikasketengatik etorri nintzen hona, Japonian Filologia Hispanikoa egiten ari nintzelako. Ideia bat nuen, beraz, baina ez zehazki Euskal Herrikoa, baizik eta Espainiakoa. Garai hartan, nire baitan pentsatzen nuen Ingalaterra halakoa zela, Frantzia bestelakoa, Espainia halakoa… Banatu egiten nituen, ez nuen Mendebaldearen irudi bakar bat.
Hemengo bizitzeko modura azkar moldatu zinen?
Gibelaren kontuetan oraindik kostatzen zait. Tabernaz taberna ibiltzeko indarra falta zait. Hemengo jendeak badu kemena poteatzen ibiltzeko.
Iruñean geratzea erabaki zenuen, eta euskara ikastea.
Euskara ikasteko erabakia hartzeko faktore asko badira. Esate baterako, garai hartan nire ezagun batzuek zioten irakurria zutela euskarak japonierarekin zer ikusirik bazuela. Beste bat, pilota gustura ikusten nuela. Horretarako ETB1 ikusi behar nuen, eta jakin nahi nuen nola azaltzen zituzten partidak. Eta beste arrazoi garrantzitsu bat alabak ikastolara eramatea erabakitzea izan zen.
Zaila da euskara ikastea? Edo japoniera jakinda errazago?
Euskara, gaztelera eta edozein hizkuntza dira zailak. Hizkuntza Eskolako ikasleek japoniera zaila dela diotenean, nik esaten diet: «Ongi da, baina edozein hizkuntza zaila da». Tira, estruktura ulertzeko japoniera jakinda euskara erraza da. Lexikoa ikasi beharra dago, noski, baina estrukturak antzekotasun oso handia du. Beraz, hori ulertzeko ez dago arazorik. [Paper batean esaldi bat idatzi du euskaraz eta japonieraz, azaltzeko]. Ordena bera da: «Iruñera joanen naiz». Bestalde, nora, norantz, zerekin… izenaren atzean horren funtzioa adierazteko atzizkia jartzen dugu.
Fonemekin ere antzekotasunak badira, ezta?
Bai, bost bokal besterik ez duelako japonierak. Euskaraz eta gazteleraz a,e,i,o,u; eta japonieraz a,i,u,e,o. Horregatik, erraza da euskaldunentzat japoniera ikastea. Eta behin japoniera ikasita, gazteleraz bakarrik dakienak euskara ikas dezake [irriak].
Etxe poliglota duzue. Nola egiten duzue hitz?
Bakoitzak nahi duen moduan. Ni etxean saiatzen naiz japonieraz hitz egiten, eta alabek gazteleraz edo euskaraz erantzuten didate. Gehienetan gazteleraz, nire senarra ez baita euskalduna. Beraz, hizkuntza komuna gaztelera da.
Alabei transmitituko diezu hango kultura ere, ezta?
Saiatzen naiz, baina ez dakit iristen zaien. Batzuetan nire alabek esaten didate: «Ama, hori pentsamolde oso japoniarra da, hemen ez da horrela».
Zein egoeratan?
Adibidez, aldez aurretik dena planifikatzen dugu. Hemengo jendeak inprobisazioarekin oso ongi egiten du, hemengoen gaitasuna da. Niretzat errazagoa da aldez aurretik planifikatzea eta horri jarraitzea. Baina jendeak ez du hain zehatz-mehatz egiten, eta gutxi gorabehera eginda aurrera jarraitzen du. Hori kostatzen zait. Zerbait hasi baino lehen nik pentsatzen dut: hau prestatu behar dut, beste hura, eta hori… eta alabek esaten didate horrela ez garela inoiz etxetik aterako.
Etxetik kanpo, nola ikusten duzu euskararen egoera Iruñean eta Nafarroan?
Geroz eta jende gehiagok hitz egiten du, hori ikusten dut. Batez ere gazteen artean: ikastetxeetatik euskaldun asko ateratzen dira, eta haien artean errazago hitz egin eta erabiltzen dute.
Eta instituzioei dagokienez?
Garai zailak dira. Euskara erabiltzaile kopurua oraindik txikia da. Mundua irekia dago, eta kanpotik jende asko etortzen da. Orain arazoa da ezin diegula kanpokoei atea itxi baina era berean euskara bultzatu behar dugula. Kanpokoak behartzea agian ez da zilegi. Baina nola salbatuko dugu? Babesa behar da, bestela desagertuko litzateke. Erabiltzaile kopuru maila batera iristerakoan ez da laguntza berezirik beharko. Horraino iritsi arte, bai, behar da.
Zu kanpotik etorri zinen, eta ikasi zenuen.
Nik kanpoko jendearekin euskarari buruz hitz egin dudanean, kanpotarrek ez dute arriskurik eduki nahi. Euskara bultzatzeko mugimendua politikari lotuta ikusita, kikildu egiten da horrelako jendea. Euskararen iraupena ziurtatzeko laguntza politikoa ere behar du, baina, jende arruntaren artean zabaltzeko, politika kutsua kendu behar zaio. Zaila da bien arteko oreka mantentzea. Atzerritarrak ausarta behar du beste herrialdeen barruko arrazoietan sartzeko.
Hizkuntzak maite dituzula iduri du.
Bai, hizkuntzak maite ditut. Ahal izanez gero, gehiago ikasi nahiko nituzke, aukera praktikoak izateaz gain jakin-mina betetzen delako. Ikasteko gogoa beti dago.
Zoritxarrez, batzuetan gatazka iturri izan daitezke, batez ere mundu globalizatuan.
Hizkuntza nagusitasunaren borroka ekonomikoa da gaur egun. Munduan gehien erabiltzen den hizkuntza txinera da, baina ekonomian eta praktikan gehien erabiltzen dena ingelesa da. Gaztelera ere tartean dago. Haien artean gatazka edo lehia sortzen da. Baina hizkuntzak berak ez du gatazkarik sortzen.
Hizkuntza guziak biltzen dituen etxean egiten duzu lan. Nolakoa da Iruñeko Hizkuntza Eskola?
Hemen hizkuntza asko daude, eta aditzen ditudan bakoitzean gogoa areagotzen zait denak ikasteko. Hizkuntza Eskola oso polita da. Hizkuntza bat edo gehiago ikasteko gogoekin datoz ikasleak, eta hori ederra da, ikasleen jakin-mina ikusi eta guk haiei nola lagundu pentsatzea gauza ederra dela pentsatzen dut. Iruindar guziek etorri beharko lukete beste hizkuntza baten atea irekitzera.
Nori irakasten diozu japoniera?
Mota guzietako ikasleak ditut. Batetik, marrazki bizidunen bitartez Japoniako kulturarekiko interesa duten gazteak —edo ez hain gazteak—. Bestetik, azken urteetan jendea Japoniara bidaiatzen hasi da, eta hara joan baino lehen japoniera zertxobait ikasi nahi du. Lanagatik ere: edo lanean behar dutelako, edo horrela baldintzak hobetuko dituztelako. Eta, noski, hizkuntzekin interesa dutenak ere baditut. Hizkuntza Eskolan batzuek hizkuntza guziak menperatzeko gogoa dute.
Zenbat ikasle dituzu?
Iaz 60 inguru izan nituen. Aurten, heldu den astean hasiko da ikasturtea. Oraingoz kopuru horren bueltan da, baina oraindik izena emateko epea irekita dago.
Zaila da japoniera ikasteko tokia aurkitzea Euskal Herrian?
Behin Bilbotik idatzi zidan mutiko batek japonierako azterketa ofizialengatik galdezka. Hango akademia batean ikasten zuen, eta Iruñean galdetzeko esan zioten. Badakit Gasteizko unibertsitatean irakasle bat izan zela bi urtez, eta Donostian noizbait ere. Baina Euskal Herrian japoniera zentro ofizialetan ikasteko toki bakarra Iruñea da. A, eta Tuteran [Nafarroa] ere bada aukera.
Ez da harritzekoa, Iruñea Yamaguchirekin senideturik dago eta. Zertarako balio dute halako harremanek?
Ondorio oso argia Yamaguchi parkea da. Hemengo unibertsitate publikoak hangoarekin harremana du, senideturik daude, eta urtero handik ikasleak etortzen dira Iruñera ikastera. Hemendik hara ere, ez hainbeste, baina badoaz. Gainera, nik uste dut iruindarren artean Japoniarekiko jakin-mina pizten duela.
Yamaguchi parkeak badu zer ikustekorik Japoniarekin?
Bai. Parke hori egin zutenean itzultzaile lanak egin nituen nik. Hango lorezain talde bat etorri zen Yamaguchi parkea diseinatzeko eta lanak gainbegiratzeko. Batez ere aintzira egiteko eta harriak nola konbinatu erabakitzeko parte hartu zuten. Ez hasieratik bukaeraraino, baina garrantzitsuenean bai, diseinua bera haiek egin baitzuten udaleko teknikariekin batera.
Herrimina asetzeko balio dizu orduan handik ibiltzea?
Parkera joatea gustatzen zait; hala ere, nire herrimina janariarekin lotua dago.
Zubi bat da, ortzadarraren antzera. Horri lotutako esaera batek lotzen gaitu ere: euria ari duen egun eguzkitsuetan azeriak ezkontzen omen dira, bai hemen, baita han ere.
Adibidez, hemen Urdiainen ur berriaren tradizioa egiten da. Urtearen lehenbiziko egunean ura hartzeko ohiturari hemen ur berria esaten zaio, eta Japonian ere ohitura zaharra da, nahiz eta toki askotan ez den egiten. Han ur gaztea da. Nire aitonaren garaian etxe bakoitzean etxeko jaunak urteko lehendabiziko ura hartzeko ohitura zuen.
Beste zubi txiki horietako bat zuk zeuk eraiki zenuen: Kyoichi Katayamaren Maitasunezko oihua, munduaren erdian eleberria euskarara ekarri zenuen Inma Errearekin batera.
Ni Inmaren laguntzailea izan nintzen. Hark proposatu zidan, eta nik, baietz. Lau hizkuntzatan ibili ginen. Nik originala, japonierazkoa, irakurri nuen, eta baita ingelesezko itzulpena ere. Inmak frantsesezko itzulpena irakurri zuen. Hortik aurrera, nik zirriborroa idatzi nuen euskaraz, eta Inmak modu naturalean eta hoberenean idatzi zuen.
Gehien saldutako liburua izan zen han. Hemen, argitaletxe txiki batekin atera zenuten.
Nobela arina da, edozein adinetarako egokia. Ulertzen dut hemen askorik irakurri ez izana. Istorio tradizionala eta erromantikoa da. Ez dakit zergatik izan zuen halako arrakasta Japonian. Baina han denetariko literatura dugu, arina eta sakona. Hau adibide bat besterik ez da.
Tradizioek pisu handia dute oraindik ere Japonian?
Abaniko bat da, tradizionalenetatik beste puntara. Bi aurpegi ditu Japoniak. Bada oso jende irekia, edozer onartzen duena, eta ez dira gutxi.