Edu Lartzanguren / 2015-11-04 / 1.084 hitz
Andres Bota Zaneko Barga, Abade Altsasua Erori Zeneko Zuloa, Hila Datzan Zelaia, Haurra Galdu Zen Harria, Diegoren Karroa Bota Zena… Euskal Herriko toponimo harrigarriak dira, istripu, hilketa edo bestelako istorio latzen bat kontatzen dutenak. Gertaera ilunen kronika hutsa dira.
Sakana (Nafarroa) halako adibidez beteta dago. Altsasutik Urbasara igotzeko bidean, Andrea Galdu Zen Erreka ikusiko du bisitariak, lehorterik ez badago. Ageda Urrestarazu bere belaunaldiko azken euskaldunetarikoa izan zen Altsasun, eta hark bazuen gogoan andre harekin gertaturikoa, Juan Karlos Lopez-Mugartza Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak kontatu duenez. «Ez dago zalantzarik. Pertsona bat galdu zen han, hil zen, eta ez zen agertu inoiz ere». Baina irakaslea eszeptikoa da lekukotasunekin: «Toponimoa oso zaharra izango da, ziurrenera, baina herrietan beti dagoenez galdu egiten den baten bat, harengatik dela esaten hasten da jendea».
Era berean, ez dugu inoiz jakingo nor izan zen biktima Gizona Hil Zeneko Pagoan (Ziordia, Nafarroa). «Urkatu egingo zen», esan du Lopez-Mugartzak. Berdin Ergoienako (Nafarroa) Dorrao auzoan dagoen Andres Bota Zeneko Bargan. Barga toki oso malkartsua da, edo bi haitzen arteko tartea, amildegirako atea. Andresek bere buruaz beste egin zuen, edo erori besterik ez? Zaila da erabakitzea, Sakanako euskalkian bota eta erori sinonimoak izan baitaitezke. Etxarrin (Nafarroa) Diegoren Karroa Bota Zena dago. Manolita Garziandia adinekoari galdetu zion horretaz behin Lopez-Mugartzak. Emakumeak kontatu zion herriko batek gurdi berria zuela eta artean ez zuela ongi gidatzen. Bazterra jo, eta amildegitik behera erori zela. «Jendeak horrela moldatzeak erakusten digu leku izen hauek gaurkotu egiten direla, bizirik daudela».
Satzname
Euskal filologoek alemanezko hitza erabiltzen dute halakoei esateko: Satzname (Satznamen pluralean), hau da, esaldi batean (Satz) edo erlatibozko perpaus batean jatorri duten leku izena.
Koldo Mitxelena izan zen horietaz Euskal Herrian mintzatzen lehenetako bat. «Hark esan zuen gutxi zirela, baina ikertu ahala ikusten ari gara gero eta gehiago ateratzen ari direla, eta bazter askotan», adierazi du Patxi Salaberri euskaltzainak. Satznamen horien inguruko ikerketa oso atzeraturik dabilela esan du: «Ziurrenera, ustekabeko onak izango ditugu».
Satzname guztiak herritarrek jarritakoak dira, eta gehienak oso prosaikoak. Leku batean egiten den zerbait deskribatu besterik ez dute egiten. Oihalak Ikuzten Dirana dago Zudairen (Nafarroa), esaterako.
Arrasaten (Gipuzkoa) dago Idiak Korritu Zatezkena. Iseka gisa jarrita dagoela uste du Salaberrik, zezenak erabili beharrean, idiak erabili zituztelako han, nonbait, entzierroa egiteko.
Magnizidioa Legazpin
Legazpitik Arantzazurako bidean (Gipuzkoa), bidexka bat ateratzen da Udanako gainetik. Hura jarraituz gero, Kataberako meatzeen azpian, txabola batzuk ikusiko ditu ibiltariak. Han dago Jandoain. Jose Luis Ugarte filologoak ikertu du inguruko toponimia, eta, azaldu duenez, 1483. urtean azaltzen da izena beste forma batez: Jauna Eraena, hau da, Jauna Ero (hil) Ebena. Jauna hil zen edo hil zuten eztabaida dago. Badago handik kilometro batera Hartza Eraena, eta hori itzulita dago agirietan: Donde Murió el Oso. Hori ikusita, jauna berez hil zela ondorioztatu du Ugartek. Salaberrirentzat, ordea, hilketa izan zen: «Ero aditza iragankorra izan da beti».
Jauna zein izan zitekeen? Jandoaingo korta horren jabea Sotomayorko dukea zen. Oñatiko kondea zen garaiko beste jauna inguruan. Sotomayorkoa dukea izan ote zen hildako hura? «Asko esatea da hori. Historiagileek ere ez dute jakingo. Baina badakigu historia handiko lekuak direla», esan du Ugartek. Bide garrantzitsua pasatzen zen hortik, Arabara joatekoa. Baso tokiak —hartzak bazeuden—, leku egokia segadak egiteko erromesei, edo jaun etsaiei.
Iñaki Segurola euskaltzain urgazleak 1987. urtean idatzi zuen Satznamen hauen inguruan. Haren arabera, agirietan askotan egoten dira azalpenak: «Ikertzen baduzu, agertuko dira halako gauzak; baina, bakarrik, ikerketa baten ondorioz».
Hildakoak hildako, Satzname hauek oso bizirik daudela frogatzen du Urkiola aldeko pagadi batek. Santutegitik aurrera, ekialdera egiten du bide batek. Hura jarraituta, Hila Datzan Zelaia lekura helduko da bisitaria.
Mila Salterain idazlea Abadiñoko toponimia ikertzen aritu zenean ezagutu zuen Hila Datzan Zelaia. «Nork daki zer gertatuko zen hor. Harrigarria da horrela agertzea dokumentuetan», esan du. Urkiolako bazter hori toki gatazkatsua izan zen. Aramaio eta Abadiño arteko mugarrian dago. «Leku kakaztua. Orain ere, badira gatazkak lurren jabetzarengatik».
Sei dokumentuetan agertzen da Hila Datzan Zelaia eta lehena XV. mendekoa da. «Leku izenak aukera guztiak ematen zituen, eta nik aprobetxatu egin nituen. Eskura zegoen, nik nahi nuena kontatzeko», esan du idazleak.
«-Latrone, zuk badakizu zerk ekarri gaituen hona, ezta? -Antsok, Latroneri begirik kendu gabe.
-Bai, ez dago zertan beste hitzik egin —Latronek zorrotz».
Erresumaren Ilunsentia (Txalaparta, 2014) Salterainen eleberriaren pasarte horretan Antso Azkarra Nafarroako erregeak Petro Latrone tenientea hilko du borrokan Urkiolako zelai horretan, hark Gaztelaren mesedetan traizioa egiteagatik. «Ikuskizun latz hura gertatutako zelaiari Yla daçan çelaia deitu zioten handik aurrera», esaten du narratzaileak.
Txori harraparia
Hernaniko (Gipuzkoa) Haurra Galdu Zen Harria izena ez da horren zaharra izango, Txirritari egotziriko bertso batzuk daudelako tartean. Larregain sagardotegitik ehun bat metrora dago. Orain zuhaitzez beterik dagoena garai hartan belardia izango zen. Diotenez, emakume bat ahuntzak zaintzen ari zen erditu berritan, eta, une batez, haurra utzi zuen harri baten gainean. Arrano batek, zerutik jaitsi, eta umea eraman zion.
«Aitak kontatzen zuen, eta auzoko guztiek dakite», esan du Abeilatx baserriko Floriano Oiarbidek. Haurra Galdu Zen Harritik metro gutxira bizi da, «zuzen joanez gero», arranoak bezala. Oiarbideren aitak esaten zuen emakume hura, «ziur aski» Iturralde baserrikoa izango zela (orain jatetxea da). Segurolak adierazi duenez, Txirritak ez zion bertsoa jarriko gertaerari oso aspaldikoa balitz.
Istorioak hainbat interpretazio ditu, Luis Mari Zaldua filologo eta etnologoaren arabera. Badu genero ikuspegia: Emakumeak haur jaio berri bat dauka, eta, gainera, lanera joan behar du ahuntzak zaintzera. Amak haurra beti gainean ez edukitzea zigortzen du istorioak. «Guztiz bidegabea iruditzen zait». Zalduak ez du gertaera errealaren inguruko agiririk aurkitu, baina «antzeko zerbait» benetan gertatuko zelakoan dago. «Gauza hauek ez dira hutsetik asmatzen».
Izan ere, sortzen ari dira gaur halako leku izenak? Bai, baina euskara dagoen bezala, erdaraz sortzen ari dira, Salaberriren arabera: «Arabako Lautadan badago Donde Para el Autobus bat».
Segurolari berehala etorri zaio burura Satzname bihurtzeko hautagai bat: «Vitoria-Gasteiz Donde Hacen La Ley». Baina zailagoa dela halako toki handi bati Satzname bat jartzea. «Normalean leku txikiak izaten dira, harri bat, zelai bat…. Eta inguru batean esaten da».
Zuberoan, Santa Grazi eta Izabaren arteko mugan, Bakhu Egingia dago. Batzuren arabera, Bakea Egiten Den Lekua litzateke. Txomin Peillenen arabera, berriz Bakhu hori ez da bakea, batzarra baizik. Bakhu Egingian, edonola ere, inguruko herrietako agintariak biltzen ziren, bortuko larren inguruko bakea hitzartzeko. Ez dira, bada, Satzname guztiak tragikoak izango.