Gaztetxeko egiteko moduak, behar berrietarako ere balio du

Lander Arretxea / 2015-11-08 / 336 hitz

Hamar urtek ematen dute askorako, eta tartean, aldatu daitezke beharrak, helburuak, kezkak… Irungo Lakaxita gaztetxea izango zena duela hamar urte okupatu zutenei hori bera gertatu zaie. Orduan hogei urte inguru zituztenek hogeita hamarrak gertu dituzte orain, eta etxebizitza, familia, lana eta antzeko kezkak pilatu dituzte bidean. Arazo berriei hasiera hartan aisialdi alternatibo faltari erantzun zioten modu berean egin diote aurre ordea. Hala dio Andoni Egiak: “Beti pentsatu izan dugu zer galderari baino, nola galderari erantzuna emateak izan behar zuela gure abiapuntua. Eta erantzun hau horizontaltasunean, autonomia politiko-ekonomikoan eta autogestioan aurkitu genuenez, egun sortzen zaizkigun behar, desio eta erronkei ere bide horretatik heldu diegu”.

Pasa den otsailean bete ziren hamar urte Irungo Anaka kaleko eraikina hartu zutenetik, baina jada bi urte dira gaztetxe abizena kendu ziotela. Bertako kideak adinean gora zihoazelako, batetik; baina batez ere, adin tarte zehatz batengana bideratu beharrean, jendarteko edozein sektorerentzat eraldaketa ekonomiko eta soziala bultzatzeko lanabesa izatea nahi zutelako.

Jarraitzen du, hala ere, lehen zuen funtzioa betetzen: eragile politiko eta sozial askoren topaleku da: Irungo gazteak, etorkinen elkarteak, Kaleratzeak Stop…

LKXT KOOP

Autogestio ekonomikoarena ez da berria Lakaxitan, lehenago ere baratze-kooperatiba eta hacklaba martxan baitziren bertan. Baina, lehenengo solairuan atondu duten LKXT KOOP espazioaren bitartez, are gehiago ari dira garatzen. Batetik, hirigintza aztergai duen Hiritik-At kooperatibaren bulegoa kokatu dute bertan, eta bestetik, co-workingerako ere balioko duen bilera gela prestatu dute. Bertan, kooperatibak sortzeko aholkularitza eta laguntza eskaintzen dute.

Horrez gain, bi ekoizpen eta kontsumo kooperatiba ari dira Lakaxita erabiltzen, euren saskien banaketa egiteko.

Zaintza gunea ere laster abian

Autogestio kolektiboa bizitzaren esparru gehienetara eramatea etenik gabeko lana da. Hala uste dute Lakaxitan, eta buruan dute dagoeneko hurrengo pausoak zeintzuk izango diren. Tartean, zaintzari dagokion garrantzia eman nahi diote. “Gure haurrak modu kolektiboan zaintzeko espazioa sortu nahi dugu, autogestioa alor horretara eramanez”. Asmo gehiago ere badituzte: sukaldea eta barra kooperatibizatzea, egonaldi artistikoak egiteko guneak sortzea…

Proiektu, kezka, asmo eta gune berriak, baina den dena, hasierako oinarriak mantenduz. Gaztetxeen egiteko moduak balio baitu bizitzaren beste esparruetarako ere. Hala frogatu dute Lakaxitan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.