Google Maps eta Maps.me, offline mapak zure mugikorrean

Mikel Lizarralde / 2015-11-11 / 284 hitz

Google Maps-ek bere aplikazioa eguneratu du mapak offline, konexiorik gabe, erakusteko aukera emanaz. Orain arte mapak jaisteko aukera ematen zuen, nahiz eta ez zen ageriko funtzioa, baina atzo iragarritako eguneraketak zerbitzuak eta norabideak gehitzen ditu. Android bertsioa kalean da jada eta aurki ei dator iOSrena.

Eguneraketa honi esker toki bat, eskualde edota hiri bat adibidez, jaitsi dezakegu gure mugikorrera eta ondoren konexiorik gabe erabili. Zerbitzu baliagarria izan daiteke atzerrira goazenerako eta roaming gastuak ekidin nahi baditugu. Duela hiru urte horrela ibili nintzen bizikleta-bidaian Frantziako Pirinioetan: lehenago mapa jaitsi mugikorrera, bertan nengoenean (Internetera sarbiderik gabe) Google Maps ireki, GPSarekin kokatu eta mapa kontsultatu.

Aplikazioa eguneratu dugu. Boiseko mapa, adibidez, erraz jaisten da, irudian ikus daitekeen moduan. Egin toki baten bilaketa eta offline mapa jaisteko aukeran klik egin. Eremua handiegia bada mezua erakutsiko digu aplikazioak zoom-a gerturatzeko esanaz. Zenbait herrialde ez daude prest oraindik offline kontsultatzeko, tartean Espainia, eta Hegoaldea, ondorioz.

Jaitsi dugun maparen eremua bistaratzen dugun hurrengoan offline bertsio hau kontsultatuko dugu zuzenean. Maparen deskarga WiFi bidez egin behar da.

Pribatasuna eta Google Mapsen alternatibak, Maps.me

Googlen zerbitzuek dakarten pribatutasun kezka bera sortzen du Google Maps berriak. Mapak offline kontsultatzeko izena eman behar da eta egiten ditugun bilaketen jarraipena egingo du Googlek. Horregatik, aurten Iparraldera bizikletan ibiltzera joan naizenean Maps.me aplikazioa erabili dut.

Maps.me-k OpenStreetMap mapa libreak erabiltzen ditu eta hauek jaitsi eta offline kontsultatzeko aukera ematen du. OpenStreetMapen gehituta dauden tokiak (puntu geografiko zein negozio, ospitale eta abar) erakusten ditu eta nabigazio aukera eman (neuk ez dut probatu). Kasu honetan, deskargak herrialde edota eskualdeka daude antolatuak. Puntu negatibo modura esan dezaket deskarga hauek espazio dezente hartzen dutela mugikorraren memorian. Baina gure nabigazioaren eta pribatutasunaren kontrola ez da Googlen esku egongo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.