Ane Irazabal / 2015-11-20 / 666 hitz
«Zer egiteko prest egongo zinateke Suediara iristeko?». Atefehek ondo gogoratzen du Afganistandik ihesean Europara iritsi eta Mazedoniako trafikatzaile batek bota zion galdera. «Lau neska ginen, denak Afganistangoak, eta gainezka zegoen harrera zentro batera eraman gintuzten. Handik ihes egiteko, mafiengana jo genuen», erantsi du.
Trafikatzaileak proposamen argia egin zien lau emakumeei: sexua, Austriara iristeko taxi baten truke. Atefehek eta haren lagunek ezetz esan zioten, bada, eta egonaldia dezente luzatu zen iheslarien kanpaleku horretan. «Babesik gabe sentitu ginen; izan ere, Mazedoniako Poliziak ez ikusiarena egin zuen. Eta kanpalekuan bakarrik eta dirurik gabe zeuden emakume askok onartu egin zuten xantaia», salatu du neskatoak.
Atefehek lortu du Suediara iristea, eta adingabeko errefuxiatuen aterpe batean bizi da orain. Bere ihesaldia oso gogorra izan da, ordea. Bost hilabete eta 4.000 euro behar izan ditu Afganistandik Stockholmera iristeko. Etxean geratu dira gurasoak eta bi ahizpa txikiak, Afganistanen. «Gerratik eta aitarengandik ihes egin dut, prostituitzera derrigortzen ninduelako. Orain ez naiz inortaz fio», azaldu du 16 urteko gazteak.
Atefehen historia ez da kasu bakana, inola ere. Emakume errefuxiatuen trafikoa arazo larria bihurtu da Europan. UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuen Agentziak emandako datuen arabera, 2015ean Europara iritsi diren 700.000 asilo eskatzaileen %34 emakumeak eta haurrak dira. Kasu gehienetan, lagunduta egiten dute bidaia, familiarekin edo lagunekin; baina gero eta gehiago dira jaioterritik bakarrik ihes egiten dutenak.
Suedia da adingabeko emakumezko errefuxiatu gehien jasotzen duen Europako Batasuneko herrialdea. Ester Eritreakoa da, eta iragan urrian iritsi zen Stockholm hiriburura. «Libiatik ihes egin nuen, han egoera penagarria zelako. Errefuxiatu gehienak kartzelan sartzen dituzte. Askok esklabotzan lan egiten dute. Emakume trafikoa izugarria da Libian», salatu du.
Esterrek uste du negozio handia sortu dela giza krisiaren itzalean. «Mediterraneoaren bi aldeetan hezurmamitu den sare bat da. Europako estatuek ez dute egoera kudeatu nahi, eta botere hutsune horretan mafiak gailendu dira. Neska gazteak eta haurrak gara biktimarik ahulenak», irizten dio Esterrek.
Arrisku ikusezina
Edonola ere, emakume gutxik salatzen dituzte sexu erasoak eta jazarpena. Asilo eskatzaile askorentzat gai tabua da, errefuxiatuen arteko kontu pribatu bat. Ez dago estatistika ofizialik, eta iheslariekin lan egiten duten erakunde askorentzat ez da benetako arazo bat. «Arrisku ikusezin bat bihurtu da. Inork ez dio emakume trafikoari aurre egin nahi», iritzi dio Astrid Wendt ekintzaile austriarrak.
Vienako elkartasun sareko kide da Wendt. Haren iritziz, Europako Batasunak ez du arazoa baietsi nahi, bere erantzukizuna onartu beharko lukeelako: «Emakume errefuxiatuen kontrako sexu jazarpen gehienak iheslarien gune ofizialetan gertatzen dira. Non daude agintariak? Eta Polizia? Zergatik sartzen dira trafikatzaileak?», salatu du gazteak.
Nolanahi ere, beldurra galdu dute emakume iheslari askok. Atefehen kasua da hori: «Suedian babestuta sentitzen naiz, eta arazoa begi bistakoa egitea erabaki dut. Emakumeei ohartarazi nahi diet beti lagunduta bidaiatzeko eta inori ez sinesteko».
Giza eskubideen aldeko erakunde handien isiltasunak biziki haserretzen du Atefeh; batez ere, Nazio Batuen Erakundearen jarrera ahulak. Berdin pentsatzen du Wendtek: «Emakumeen babeserako talde koordinatu bat osatu behar da giza krisiak iraun bitartean». UNHCRk ere salatu du neska errefuxiatuek pairatzen duten biziraupen-sexua. Montserrat Feixas asilo eskatzaileen ordezkaria da Europa Erdialdean: «Oraindik ez dugu sexu indarkeriaren inguruko salaketarik jaso, baina errefuxiatuen lekualdaketa guztietan gertatzen dira halako erasoak. Nazio Batuentzat oso zaila da bortxaketen gaineko segimendu bat egitea, unean bertan informaziorik eskaintzen ez baldin bada».
Sustrai sakonak
Giza trafikoa negozio borobila bilakatu da Udaberri Arabiarrak eztanda egin zuenetik. Ekialde Hurbileko iheslarien kanpalekuek adibide garbi askoak utzi dituzte.
Jordaniako Zaatariko errefuxiatuen gunean, errealitate asaldagarri bat zabaldu da azkenaldian: adingabeko neska siriarren behartutako ezkontzak. «Golkoko herrialdeetatik iristen diren gizon gehienak laguntza-emaile gisa aurkezten dira, baina emaztea erostera datoz», azaldu du Amina Rajub kazetari jordaniarrak. Erosleak 2.500 euro ordaintzeko prest daude. «Gehienek 14 edo 15 urteko neskatoak nahi dituzte», salatu du Rajubek.
Bada, pobrezia egoeran dauden Siriako familia askorentzat irtenbide ekonomiko bat da alaba saltzea. Rajubek dio iruzur bat dela: «Ezkondu eta neskatoa haurdun utzi ostean, senarrak abandonatu egiten du, eta alaba gurasoenera itzultzen da berriro. Legeak babesturiko prostituzioa da».
Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak emandako datuen arabera, Jordanian ezkontzen diren Siriako emakume errefuxiatuen %32 adingabeak dira. Egoera biziki kezkagarria dela dio Unicefek; izan ere, Siriako gatazka piztu baino lehenago, haurren arteko ezkontzak ez ziren %13ra iristen.