Ainhoa Sarasola / 2015-11-25 / 481 hitz
Izenburua: Laranja bat zaborretan; Egilea: Patxi Zubizarreta ; Ilustratzailea: Mintxo Cemillan ; CDa: Felipe Barandiaran eta Pello Ramirez; Argitaletxea: Elkar
Juan Mayorgaren esanak ekarri ditu gogora Patxi Zubizarretak Laranja bat zaborretan eleberria (Elkar) aurkezterakoan. Dramaturgoaren arabera, «sortzaileak adi egon beharra dauka, jaso egin beharra dauzka munduko zarata, kutsadura eta kiratsa, eta, alkimia berezi baten bitartez, bihurtu behar ditu poesia, musika eta amets». Hori irudikatu nahi izan du izenburuarekin, zabor artean dagoen laranja horrekin. Kirats artean bizi arren, bestelako lurrinak usaintzearekin amets egiten duen mutiko baten istorioa eraiki du lan berrian.
Pasadizo ugari kontatuko dira gero, eta horien artean errepikatuko den bat dago: maiz joango da Karabino Nagib ipuin kontalari itsuaren istorioak entzutera. Liburuko sei ataletako bakoitzean, ipuin horietako bat kontatzen da. «Historia unibertsaleko oso istorio ederrak harrika bota izan dira zaborretara, Joserena, Bibliakoa, adibidez. Nik etxean entzun izan nuen Joseren istorio harrigarria», azaldu du Zubizarretak. Kontatu du hamabi semeren artetik Jakoben kuttunena zela Jose, anaiek gorroto ziotela horregatik, eta hiltzen saiatu zirela, baina, azkenean, faraoiaren bigarren izatera iritsi zela Jose. «Istorio horixe kontatuko du Nagib itsuak, baina non, eta kanposantuan, zeren Kairon bada beste hiri bat, ez zaborrarena baizik eta hildakoena; milaka jende bizi da Al-Qaraba hilerrian, eta horra joango da mutiko kristaua, musulmanen artean, Joseren istorioa entzutera, bera ere ameslaria sentitzen delako». Halako pasadizoen artean, «galderak eta gogoetak» plazaratzen dituela azaldu du Zubizarretak, liburuarekin «zer pentsa eta zer sentitua» eman nahi duelako.
Irudiak eta audioak
Mintxo Cemillanen ilustrazioekin osatu dute eleberria. Lehendik ere elkarrekin lan egindakoak dira bi egileak —50 (Txalaparta)—, eta Zubizarretaren testu berria «oso bisuala» iruditu zitzaiola azaldu du irudigileak. «Kontatzen duenak daukan indarrak eta leuntasunez kontatzeak mastekatzeko gogoa ematen duen xamurtasuna eragiten dizu, baina lehortasun zaporea ere uzten du. Sentsazio hori eragin zidan niri». Eszenak bere horretan irudikatzea baino gehiago, narrazioan agertzen den giroa islatu nahi izan duela gehitu du.
Audio bat erantsi diote liburuari, QR kode bidez entzun daitekeena. Bertan, liburuko Nagib itsuaren ipuinak entzun ahal dira Felipe Barandiaranen ahotsean, Pello Ramirezen txeloak lagunduta.