Juan Luis Zabala / 2015-11-26 / 680 hitz
Bernardo Atxagak bere liburuetan sortutako Obaba lurralde literarioa eta haren oinarri geografikoa —idazlearen jaioterria, Asteasu— oinez eta Atxagaren beraren laguntzarekin ezagutzeko aukera eskainiko du larunbatetik aurrera Muskerraren Bideak, hamazazpi geltoki lotzen dituen 2.160 metroko ibilbidearekin. Atxagaren inplikazio zuzenarekin, Asteasuko Udalak eta Donostia 2016k sortu dute Muskerraren Bidea.
Elizmendi auzotik abiatuta Tranpazulo plazaraino doa Muskerraren Bidea, eta ibilbideko hamazazpi geltokietako bakoitzean Bost Taldeak Atxagaren ideiak gauzatuz osatutako panel esplikatibo bana aurkituko du ibiltariak, eta horrez gain eskuko telefonoan Atxagaren azalpenak entzuteko aukera izango du, geltokietan ezarritako QR kodeen bidez entzun daitezkeen audioetan.
Obabari buruzko ezagutza are osatuagoa nahi duenak Atxagaren Muskerraren bidea liburua eskura dezake, Pamiela argitaletxeak kaleratu berria: Gida literario bat da, «bidelagun» lana egin dezakeena, Atxagak beren-beregi idatzitako testu berriekin eta aurretik argitaratutako hainbat testu eta pasarterekin osatua. Liburua salgai izango da liburu dendetan eta Durangoko Azokan.
«Fikzioa dela, poesia dela, literatura esaten zaion hori tentsio batean ernetzen da beti», azaldu zuen Atxagak atzo, Asteasuko Udaletxean, Muskerraren Bidea aurkeztean. «Alderik orokorrenean bizitza dago oro har, baina horretara iristeko ez da orokorretik abiatzen, izpietatik baizik, gauzarik kontretuenetatik, partikulartasun partikularrenetik». Anna Karenina nobelak, esaterako, «badu alde orokor bat», andreei buruz mintzo den nobela bat da, baina berak ezagututako andre jakin bat abiapuntu hartuta idatzi zuen Lev Tolstoik. «Nire asmoa, idazle guztiona bezala nik uste, bizitzaz eta bizitzaren gorabehera guztiez hitz egitea zen. Baina horretarako neukan tresna bakarra nik neuk ezagututakoa zen: nik neuk ezagututako maisu-maistrak, nik neuk ezagututako mutil eta neska koxkorrak, nik neuk ezagututako gaitzak eta heriotzak…». Horiek denak Asteasun ezagutu zituen, bizitzako lehen hamahiru urteak eman zituen herrian. Horregatik, Obaba deitutako unibertso literarioaren sorreran Asteasuren indarra eta eragina ezin ukatuzkoa da.
«Okerreko usteen» aurka
Asteasu eta inguruko herriek osatzen duten lurraldea, Hernio mendia inguratzen duten herriena, «ezin da zera orokorrago batean desegin, ezin da subsumitu beste inolako ente orokorrago batean», Atxagaren ustez. «Politikoki eta administratiboki bai; esan dezakegu Asteasu Tolosaldea dela, edo Gipuzkoa… Baina poetikoki, fikzioari dagokionez, literaturari dagokionez, nire ustez, erabat leku aparteko bat da».
Muskerraren bidea liburuan leku horren partikulartasun horien berri ematen du Atxagak. Liburua, gida bat ez ezik, «tesi bat» ere bada. «Tesiak dio hau unibertso bat dela, mundu bat, toki jakin bat. Edukiko ditu antzak eta halako ezaugarri komun batzuk beste toki batzuekin, baina ardatzez, muinez, desberdina da».
Toki partikular hori, unibertso hori, ez dela ulertu uste du Atxagak; ez dutela ulertu kanpotarrek, baina ezta beste lurraldeetako euskaldunek ere. Horregatik, «okerreko usteen aurkako ahalegin bat» ere bada liburua. «Nik beste euskaldunei esaten diet, eta baita beste idazleei ere: ‘Zuek hona begiratu duzuenean, ez duzue ikusi ezta erdiaren erdia ere. Esate baterako, ez duzue ikusi hemen bertan, herri honetan, mendi zulo honetan horrela esan nahi baduzue, egon zela duela berrehun urte, XVIII. eta XIX. mendeetan, Juan Bautista Agirre bat, eta haren bibliotekako liburuen zerrenda ikusten baduzue bost hizkuntzatan zeuden haren liburuak, eta han zegoen esate baterako Don Quijote sei edo zazpi tomotan. Eta ez duzue imajinatzen hemen bertan, oso hurbil, bizi izan zela Antonio Arrue bezalako idazle bat. Comunion Tradicionalistakoa zen, karlista, eta ondorioz ez da inon azaltzen, baina Antonio Arrue izan zen, 1965ean, Gabriel Aresti, Jon Mirande eta Bitoriano Gandiaga errebindikatzen lehenengoetako bat, eta horrez gain Verlaine, Baudelaire, Nietzsche eta antzeko beste idazle asko aipatu zituen bere lanetan».
«Balio poetiko handia duen zonaldea da hau», esan zuen Atxagak. «Gauza asko gertatu dira, gertatu zaizkigu, aldaketa handiak izan dira». Balio poetiko horren berri eman nahi du Atxagak Muskerraren Bidea proiektuarekin, hala ibilbidearen nola liburuaren bitartez.
Muskerraren Bidearen egitasmoak «Europako kultur hiriburuak sustatu nahi dituen helburuekin» bat egiten du Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak azaldu duenez. «Atxagaren Obabakoak izango da seguruenik Europara gehien itzuli den euskarazko obra, eta munduan ate asko irekitzen ditu», adierazi du Payak. Horrez gain, «oso proiektu parte hartzailea» dela nabarmendu du, herriko eta inguruetako jende askoren inplikazio beroa jaso duena, erakutsiz, bide batez, Donostia 2016ren ekimenak lurralde osora zabaltzen direla, Donostia hiriburutik harago. Garrantzia eman dio, horrez gain, Payak, proiektuak utziko duen legatuari. «Gaur hemen aurkezten ari garena hemen geratuko da gero ere, eta Muskerraren Bidea egin nahi duenak hemen izango du aukera liburua oinez irakurtzeko».