Maialen Belarra / 2015-12-08 / 681 hitz
Nafarroako Gobernuak Kirol Merituaren Ohorezko Aipamena eman berri dio moto gidari ohiari, lehiaketak alde batera uzteko erabakia hartu ostean. Istripu larria izan zuen 2014ko otsailean; ordutik ez du motorik gidatu txapelketa batean.
Hamahiru urte besterik ez zuen lehen lasterketan parte hartu zuenean. Garai hartan Hego Euskal Herriko zirkuituetan ibiltzen zen, baina 2011n urrats bat harago joan zen, Stock Extreme mailara pasatuta, 1.000 cc-ko motoarekin. Lehen aldiz parte hartu zuen Espainiako Txapelketa batean. «Amets handi bat egia bilakatu zitzaidan momentu horretan», aitortu du.
2012an Moto2 kategorian hastea erabaki zuen. Bosgarren gelditu zen Espainiako Txapelketan, azken unean lurrera erori bazen ere. Urte horretan bertan Moto2ko Munduko Txapelketan debutatzea lortu zuen, eta 19. geratu zen. Esperientzia «izugarria» izan zela gogoratu du Irurtzungo gazteak.
2013an bere etorkizuna bideratzen hasi zen Mariñelarena, pixkanaka geroz eta emaitza hobeak lortzen ari baitzen. Munduko Txapelketan bere lehen bi puntuak eskuratu zituen, Motorland zirkuituan 14. geratu ostean. Orduan iritsi zen haren fitxaketa: Tech3 taldeko pilotu titularra izateko kontratua sinatu zuen. Hartara, 2014an Munduko Txapelketako lasterketa guztietan parte hartuko zukeen.
Urtea hasi berritan, ordea, irurtzundarraren bizitzak ustekabeko itzulia eman zuen. Otsailaren 27a zen. Paul Ricard zirkuitua, Frantzian. Pneumatiko berriak probatzeko garaia. Guztia aldatu zen unea. Qatarrera Munduko Txapelketara joateko denboraldi-aurreko azken entrenamenduan zeuden, motoaren pieza berri batzuk probatzen. «Etekinik handienak eguerdian lor daitezke pneumatiko berriekin. Eguneko erregistrorik onena egiten saiatu nintzen, baina zorte txarra izan nuen. Besterik gabe, lurrera erori beharrean, pareta bat jo nuen». Hori da, hain zuzen, pilotu batek izan dezakeen istripurik arriskutsuena.
Zirkuituan zehar horma koltxoneta puzgarri batzuekin estalita bazegoen ere, motoa pilotua baino lehen iritsi zen: «Ni heldu nintzenerako, koltxoneta lehertuta zegoen, eta zuzenean horma jo nuen». Abiadura handian zihoan kolpea jaso zuenean, eta, kaskoa osorik egon arren, garunak burezurrean astinaldi gogorra izan zuen, eta oraindik ere badituen lau hematoma sortu.
Istripuaren ondoren, sei egun eman zituen koman, medikuek nahita eragindako koman. Esnatu zenean, baina, ez zen ia ezertaz ohartzen. Beste hamabi egun behar izan zituen bere onera etortzeko. «Hamahirugarren egunean hasi nintzen berriz ere ni izaten». Ez da ongi gogoratzen egun haietaz. «Hilabeteak behar izan nituen istripuaren larritasunaz benetan ohartzeko. Orain, kontziente naiz, baina duela urtebete, moto gainera itzultzea zen buruan neukan gauza bakarra».
Lehen pausoak, bigarrenez
Errehabilitazioa «gogorra eta luzea» izan dela aitortu du Mariñelarenak. «Lehen hilabeteetan berriz ikasi behar izan nuen oinez ibiltzen». Aita alde batean eta osaba bestean zituela hasi zen berriz ere lehen pausoak ematen. «Uste dut horrek larritu ninduela gehien hasieran: ibiltzeko gai ere ez izateak». Orain baino hogei kilo gutxiago zituen orduan, eta zutik mantentzeko ere indar gutxi zeukan.
Halere, zorabioek iraun dute gehien: «2014 osoa nahiko gaizki pasatu dut. Ohetik altxatzen nintzen bakoitzean zorabiatzen nintzen». Egunak joan egunak etorri, zorabioek hor jarraitzen zuten. «Gogorrena ezintasun hori onartzea da. Munduko Txapelketan titularra izatea lortu nuen urte berean izan nuen hori guztia amaituko zuen istripua. Denbora pasatzen ari zen, eta ni ez nintzen osatzen. Latza izan da nire ametsak alde batera utzi beharko nituela barneratzea».
Irurtzundarrak onartu du hasierako egun horiek familiarentzat izan zirela bereziki gogorrak. «Ni lo nengoen, eta esnatu nintzenean ez nintzen gertatu zenaz akordatzen. Haiek, ordea, nire bizia arriskuan ikusi zuten». Hori dela eta, uste du familiak nolabaiteko lasaitasuna hartu duela lehiaketak alde batera utzi dituelako. «Lau hematoma ditut buruan, eta orain beste kolpe txiki bat izanez gero, askoz ondorio larriagoak izan ditzaket. Ez da zentzuzkoa arrisku hori hartzea».
Gaur egun, fisikoki lehen bezain ongi egotea lortu du, eta kirola egiteko erritmoa berreskuratu du. Psikologikoki oraindik kolpea gainditzeko prozesuan dago, baina berrizkaturik ez izateko esfortzua egiten ari da. Bidea erraza ez izan arren, lana bilatu eta haren adineko edozein gazteren bizitza egiten saiatzen ari da.