Hasier Etxeberria / 2015-12-20 / 440 hitz
Baten batek esaten badizu zein den Anjel Lertxundiren ZU izeneko azken eleberriaren gaia, seguru asko atzeraka egingo duzu eta beste liburu bati helduko diozu lehenago, baina ederki erratuko zara halakorik egiten baduzu. Bai horixe.
Pankrea minbizia aurkitu diote Lertxundiren emazteari eta senar-emazte bikoteak gaitzari aurre nola egiten dion kontatzen du eleberriak, besteak beste. Eta besteak beste diot, ez baita gaitzaren hori liburuko gai bakarra, nahiz eta berak ardazten duen eleberriaren eraikuntza goitik behera. Nik beste gai batzuk ere kausitu ditut ZUren lerroetan: bizipoza, maitasun istorio bikain bat, literatura unibertsalean heriotzak eta minak duten agerpena, Lertxundiren betiereko digresioak… hainbeste kontu. Funtsean bizitzari egindako kantu zoragarri bat da ZU eleberria, eta hori gutxi balitz, nire ikuspegitik maisulan bat ere bada autofikzioaren erabilerari dagokionean.
Hala ere, egia esan behar bada, fikziotik gutxi du autofikzio honek eta asko baino gehiago auto-tik. Finean, material biografiko propialaren erabilera baizik ez baita: bikoteak elkarren ondoan eta elkar harturik, putakumea deitzen dioten gaitzari nola egiten dioten aurre kontatzen da, erabakita baitaude biak ala biak, nola senarra hala emaztea, azken hatseraino behar dela bizi. Areago, ausartuko nintzateke esatera, minbiziaren albistea ezagutu zutenetik, balio handiagoa hartu duela bizitzak eta segundo bakoitzari urrearen kolorea ikusten diotela biek ala biek. Ez dute istant bat bera ere oharkabean galdu nahi eta sekula ez bezala jabetu dira, erredundantziaz esanda, zein bizirik dauden eta zein bizirik nahi duten bizi.
Testu laburretan emana dator kontaketa, bata bestearen atzean herrenkadan jarrita. Batzuetan ZUren senarra da idazlea eta beste batzuetan Lertxundi bera. Emazteari ere esanarazten dizkio gauzak eta baita kakotx artean ezartzen hari dagozkion aipamenak. Era honetan kruzero abiadura ezin hobea ematen dio Lertxundik irakurketari, dena doa gozoz-gozo, argi eder baten argitara bezala, eta harrigarria gertatzen da halako gai sakon bezain gogorra nola bihur litekeen atsegingarri.
Eleberrian aurrera egin ahala, maiz ageri dira tartekatuta Lertxundiren lanean betierekoak diren gaiak. Niri neuri asko gustatu zaizkit artegintzaren ingurukoak eta, batez ere, literaturaren historiako idazle handi eta ez hain handien lanetan eduki duten lekua minak, gaixotasunak eta heriotzak. Aipuak, testigantzak eta gogoetak dira eta, batez ere, gezurretan ibiltzeko astirik ez dagoenean, sentimenduak zein eder agertzen diren ikusteko aukera.
Poz handia eman dit, halaber, Lertxundi sortzaile eta artista sasoi bikainean aurkitzeak. Onenean, esango nuke. Beti entzun eta ikasi izan dizkiogun kontu guztien destilaketa moduko bat gertatu da liburu hau niretzat, bai bizitzaren ikuspegiari dagokionean eta bai, batez ere, idazlearen zereginari buruzkoan.
Erakutsi digu idazlearen adibidea eredugarri gerta dakiokeela irakurleari eta, aldi berean, literaturak idazleari berari ere balio diola gaitzetik sendatu edo arintzeko bederen. Baina, batez ere, esan gabe ikusarazi dio irakurleari bizitza hau behar dela bizi esna, benetan, osoro eta edertasunean, nolaz eta munduan ez baitugun besterik.