Gaizka Izagirre / 2015-12-20 / 760 hitz
“Zinema aretoetako sarreren prezioa? Lotsagarria!”; “familian lau gara. Sarreren prezioei krispetak gehituz gero, hilabeteko soldata bertan utziko genuke!”; “ni ez noa zinemara dirutza hori uztera, askoz hobeto nago etxeko sofan, nire telebista erraldoiari begira”. Zenbatetan entzun edo esan dituzue esaldi horiek?
Zergatik gustatzen zaigu hainbeste txartelen prezioaz kexatzea? Benetan garestia al da zinemara joatea? Kontzertu batera joateagatik 40 euro ordaintzea ez al da lazgarria? Asteburutako gin-tonic barkaezin horrengatik ordaintzen ditugun 8 euroak? Zergatik gezi guztiak beti zinemari?
Lehen, ohikoa zen koadrillan joatea, edo bakarrik. Nire ustez, arazo guztia lehentasun kontu hutsa da. Alegia, aisialdi ohituren aldaketei. Nire lehentasun zerrenda mentalean, adibidez, zinema lehen postuan azaltzen da. Ondorioz, prest nago aisialdian xahutzen dudan diruaren portzentaje altu bat horretara bideratzeko, gainerako bizio guztiak baztertuz ala gutxiagotuz.
Prezio horretan eragin zuzena duten faktoreen artean, BEZaren igoera lotsagarria eta sistema analogikotik digitalera igarotzeko hainbat aretok eginiko inbertsioa –200 milioi euro ingurukoa– nabarmendu daitezke. Baina bada gutxitan aipatzen den beste alderdi bat ere: zinema areto txikien desagerpenak izan duen eragina. 1990eko hamarkadako adreiluaren “boom”ak merkataritza-gune erraldoiak eraikitzea bultzatu zuen. Bertan zinema areto deigarriak sartu zituzten, noski. Horrek herri eta hirietako zinema areto txiki zoragarrien desagerpena eragin zuen. Munstro horien barruan “guztia egin daitekeela” esaten dute batzuek, “bertatik irten gabe gainera” (uf!). Umeak kolorezko bolatxoz beteriko kaiola itogarrietan uzten dituzten bitartean, jan, edan, erosketak egin eta noski, eguna amaitzear dagonean, film bat ikustera joan. Arazoa? Egun osoan gastaturiko dirutzari, krispetak, edaria eta sarreren prezioa gehituz gero, etxera iristean sentituko dugun izualdia sekulakoa izango dela. “Baina non gastatu dut nik dirutza guzti hori?”. Erantzuna, klasiko bat. Pixar faktoriaren azken filma izan da erruduna, nola ez. Hortik aurrera, dena prest hasieran aipatutako edozein esaldi ahoskatzeko.
Gai honekin lotuta, aurten ere izan dugu usadio bilakatzen ari den “Zinemaren festa” delakoa. Hiru egunez hainbat zinema aretok sarreren prezioak nabarmen jaisten dituzte. Sekulako ilarak eta jendea tropelean aste horretan, etorkizunik ez balego bezala, bizpahiru film irenstea helburu. Garrantzitsua da arrakastaren “argazki“ hori komunikabide guztietan zabaltzea. Zoritxarrez festa horrek lortu duen bakarra “sarrerak garestiak diren ala ez” eztabaida piztea izan da. Baina benetan errentagarriak al dira horrelako ekintzak? Zergatik ez urte osoan prezio horiek mantendu? Pentsaezina delako egunero milioika ikusle joango denik. Pintxo-potea edo merkealdiak bezalakoa da. Urte osoan beherapenak egongo balira, ez litzake ilararik izango, ziur. Bestalde, festa honetan, zinemaldi ala ekintza kultural askotan loratzen den faktore oso tipiko bat azaltzen da, “postureoa”. Aretoak gainezka daude egun horietan, jendea zoratzen film suediar bat jatorrizko hizkuntzan ikusteko. Hori bai, gainerako egunetan egoera irauli egiten da nabarmen. Beraz, ikusleak geroz eta gutxiago direla argi dago. Prezioei botatzen diete errua.
“Goikoek” aldiz, orain arte aipatu ez dudan pirateria famatuari. Haien ustez, horixe da suntsitu beharreko orban nagusi eta bakarra, deskarga ilegalak. Liskar hau ulertzen saiatzeko, bien erdian kokatuko naiz. 8 apellidos vascos filma ikustera tropelean joan ginenean ala Euskal Herrira aste honetan iritsi zaigun Star Warsen film berriak zifra guztiak lehertzen dituenean, nor gogoratzen da prezioez? Aldiz, errua pirateriarenarena bada, zergatik egiten dute gainezka aretoek adibide konkretu horietan? Erraza. Gainerako kasuetan ez direlako benetako baliabideak jartzen. Nola liteke AEBetan estreinatzen den film bat Euskal Herrira urtebete geroago iristea? Film, aktore ala zuzendari konkretu baten zale amorratu batek zer egingo du kasu horretan? Hiru aukera dauzka: denbora tarte luze eta lotsagarri hori itxoin –eta gainera bikoiztuta ikusi; baina eztabaida hori beste baterako utziko dugu–, jatorrizko herrialdeetan DVD/Bluray formatuan argitaratzen denean internet bidez erosi edo bestela, deskargatu, jakina.
Amaitzen joateko, eta pil-pilaren saltsa baina lodiagoa den gai honen alderdi guztiak mahai gainean jarri ostean, hauxe da daukagun egoera. Korapilo hau askatzeko ahalmena dutenek konponbiderik jarri nahi ez duten bitartean, daukagunarekin konformatu beharko. Beraz, izenburuko “Garestia al da zinemara joatea?” galderaren erantzuna, “bai” biribil eta erraldoia da noski. Baina gainontzeko beste jarduera gehienak bezalaxe. Horretan bidezkoak izatea tokatzen zaigula uste dut. Aisialdirako bideratua dugun diru hori, lehentasunen arabera banatu edo, bestela, sastadak albo guztietara. Dena den, zinema hain gustuko izanez gero, eta ez joatearen arrazoi bakarra prezioa bada, zirkuitu alternatibo oso interesgarriak ere badaudela argi izan. Donostian, Tabakalerara eraman berri duten Nosferatu ziklo mitikoa datorkit burura, adibidez. Beste hiri eta herrietan ere badira kultur etxeak eta zineforumak; baita unibertsitateetan eskaintzen diren filmak ere.
Tartaren banaketa
Demagun, borobilduz, 8 euroko kostua duela sarrera bakoitzak. Sarrera hori, esku artean hartuz gero eta zatitan banatu beharko bagenu:
– %21 BEZ zerga (1,68 euro).
– Egile-eskubideak, %3 (0,24 euro).
Hasierako banaketa horrekin, 6,08 euroko irabaziak geratzen dira. Ekoizlea, banatzailea eta zine-aretoaren artean banatzeko (datu hauek, negoziaketaren arabera aldatzen joaten dira).
– Zine aretoak, %35 (2,80 euro). Nabarmena, hau ez dela aretoen diru-sarrera bakarra. Horri, krispetak, edariak eta abar gehitu behar zaizkiolako.
– Gainontzekoa, %41, banatzailea (Majors deiturikoak: Sony, Universal…) eta ekoizlearen artean banatzeko (3,28 euro)