Iruñe Astitz Larunbe / 2015-12-20 / 595 hitz
Duela hiru urtetik hona Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) euskarazko eskolak ematen ditu Euskara Taldeak. Bertako ikasleek eskolak doan ematen dituzte, unibertsitatea euskaldundu bidean. Unibertsitateko ikasle, irakasle, langile eta unibertsitate kanpoko edozeinek oinarrizko euskara ikasteko aukera du.
Ikasturte hasieran 15 pertsonako bi talde osatu zituzten, eta mintzapraktikarako taldea ere bai. Ikasleez gain, aurten unibertsitateko bi langilek eta bertan ikasten duen guraso koadrila batek eman dute izena. Astean bitan ematen dituzte eskolak, ordubeteko saio banatan.
Ikuspuntu akademikotik aldendu eta giro atsegina sortzen saiatzen dira irakasle bihurtutako ikasleak. Euskara ikasleek goza dezaten eta elkarren arteko harremanak sendoak izan daitezen saiatzen dira. Ohikoena, ikasleek euskararekin eta euskal kulturarekin harreman oso urria izatea da. Euskara Taldeko kideen ustez, irakasteko modu dibertigarria erabiltzeak eta eskolak musu-truk izateak jarrera ona eragiten du ikasleengan.
Euskara Taldea NUPeko Ikasle Abertzaleaken baitan sortu bazen ere, handik urtebetera Ikasle Abertzaleaketik atera eta campus mailako talde independente moduan kokatu zen. Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarak duen agerpen gabeziaz jabetuz, euskaraz bizi eta ikasi nahi duten ikasleek osatzen dute ordutik Euskara Taldea.
NUPen euskaraz ikasteko aukera murritzak daude, soilik Magisteritzari dagozkion graduak ikas daitezke euskaraz. Gainontzeko ikasketetan ikasgai gehienak dira erdaraz. Ikasgelatik kanpo euskaraz egitea ere zaila da. Administrazioko langileen artean eta kafetegian adibidez, euskaraz dakien norbait topatzea nekeza dela salatu izan dute urte luzez NUPen euskararen gaia jorratu duten ikasle taldeek.
Euskararen Eguna eta Korrika
Euskararen Eguna hasieratik ospatu dute, alde batetik euskarak unibertsitatean duen presentzia urria salatzeko, eta beste aldetik euskarari beharrezko tokia emateko.
Joan den ikasturtean, Korrika Iruñetik igaro zela probestuz LABeko kideekin eta UNEDeko euskara taldearekin batu eta horren inguruko hausnarketa egin zuten. Horretaz gain, Ikasle Abertzaleak eta Eraldaturekin batera Herri Unibertsitatea antolatu zuten NUPen.
Euskararen aldeko plataforma
2014-2015 ikasturteko errektoretza hauteskundeen harira, euskararen alde lan egin nahi duten ikasle, irakasle eta unibertsitateko langileak batu ziren eta euskararen aldeko plataforma sortu zuten. Errektoretza talde berriari euskararen inguruko gutxienekoen eskaera egin zioten, hiru ildotan banatuta.
Lehenik, irakaskuntzarekin lotutako gaiak leudeke; euskaraz eskaintzen diren kredituen kopurua eta irakasleen euskara maila handitzea. Bigarrenik, unibertsitaterako zerbitzuak kontratatzeko orduan euskara maila kontuan hartzea, baita kontratatuta zeudenei euskarazko formakuntza eskaintzea. Hirugarrenik, euskarazko eta euskara oinarri duten kultur jarduerak ugaritzea eskatu zuten.
Errektoretzarako hauteskundeen baitan eratutako taldea bada ere, gaur egun elkartzen jarraitzen du, eta tartean da Euskara Taldea.
Irakasleen %75,43k ez du euskarazko ezagutzarik
Nafarroako Unibertsitate Publikoa 1987an sortu zen. 2013-2014 ikasturteko datuen arabera, 7.780 ikasle inguru ditu eta 859 pertsona daude irakasle eta ikertzaile lanetan. 18 gradu titulazio, bi gradu bikoitz eta 20 unibertsitate master eskaintzen ditu. Eskaintza horretatik Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza Irakasleen Graduak baino ez dira osotasunean euskaraz. Gainerako graduetan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleak Prestatzeko masterrean euskarazko irakasgai gutxi batzuk hautatu ditzakete ikasleek.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Irakaskuntza antolatzeko errektoreordetzak hizkuntza plangintzarako zuzendaritzaren 2007-2015eko memorian jasotzen duenaren arabera, euskaraz dakiten ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora. 2004-2005 ikasturtean %18,79k zekien euskaraz eta 2014-2015 ikasturtean %27,45ak. Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, eta 2014-2015 ikasturtea kontuan hartuta, euskarazko C1 edo EGA du %14,57ak eta %10ak euskarazko ezagutzak ditu. Beraz, irakasleen hiru-laurdenak ez du euskarazko ezagutzarik.
Pablo Sotes, Nekane Oroz eta Carlos Vilches irakasleek 2013an NUPeko ikasleen jarrerak eta usteak elebitasunaren eta hezkuntza elebidunaren aurrean izeneko ikerketa aurkeztu zuten. 2005-2006 ikasturtean 2.048 ikasleri elkarrizketak egin zizkieten eta eztabaida taldeak ere bai. Besteak beste, haien hizkuntza gaitasuna ezagutu nahi zuten.
Inkestaren arabera, ikasleen %14k zuen euskara ama hizkuntza edo euskara eta beste hizkuntza bat ama hizkuntza; gaztelania soilik ama hizkuntza zutenak ikasleen %84 ziren. Dena den, inkestan parte hartutako ikasleen %40k euskaraz aritzeko gaitasuna zeukan. %20k euskarazko oinarrizko edo goi-mailako tituluren bat zuten.
Ikasleen %60 baino gehiagoren arabera euskara ez zegoen normalizatuta. %76,5ak euskarazko irakasgaiak ugaritzea komeni dela adierazi zuen, eskaintza urria delakoan.