Mikel Zubimendi Berastegi / 2015-12-05 / 1.674 hitz
«Free Willy» pelikulako orka bezain famatua da Tilikum. Azken honek, ordea, hiru pertsona hil eta prentsa oso txarra izan zuen. Beti gatibu, estresak jota, psikologikoki traumatizatuta bizi izan zen. Hiltzeko bere joera zer zen, naturala ala patologikoa? Zer zen, isolamenduaren kontrako erresistentea ala genetikoki saileko hiltzailea?
Bost urte pasa dira jada Tilikum orkak Dawn Brancheau bere entrenatzailea –hiltzen zuen hirugarren pertsona– SeaWorld itsas parkean hil zuenetik eta, oraindik ere, gertaera hark utzi zituen ondorioak nabariak dira. Tilikumen inguruko prentsa txarrak bere horretan dirau, SeaWorld konpainiaren irabaziek eta akzioek maldan behera darraite, parkearen irudia ez da errekuperatu. Tilikum bera, baina, radarretatik desagertu egin da. Ez da gehiago bere historia aipatzen. Ez da bere patua ezagutzen. Bere jokaera “hiltzailea” istripu tragiko baten ondorio dela esan zen. Jaso genuen narratibak dioenez, entrenatzaileak egindako akats batek Tilikum “erotu” egin zuen eta horrek azaltzen omen du orka mitikoaren jokabidea.
Tilikumen historia ezabatzea, segur aski, sakonagoa den zerbaiten sintoma ere bada: gizakiek manipulatu ez badituzte, animaliek ez dutela historia propiorik dioen ustearena, mendeetan zehar errotutako ustearena. Animaliak nolabaiteko objektu pasiboak direla, alegia. Zergatik? Nahitasunik ez omen dutelako. Arrazionalizazio edo lengoaiarik ez dutelako. Arimarik ez dutelako. Izan ere, Jainkoak gizakiak bere itxurara egin zituen, eta, beraz, espezialak diren bakarrak gizakiak dira.
Gatibutasunaren aurkako ekintza
Tilikumek ederki asko zekien zein zen bere “lana”. Errutina bera ehunka aldiz, milaka aldiz, egina zuen. Bazekien zigorrak eta sariak zeintzuk ziren. Bere entrenatzailea hil zuen egunean, baina, ez zuen kooperatzerik nahi izan. «Ezin dut gehiago! Aski da!», pentsatu zuen bere baitarako antza, eta, hala, ez zuen ikuskizunean partu hartu nahi izan. Bukatu zen ordenak jaso eta otzan-otzan jarraitzearena.
Egun hartan, bat-batean, Dawn Brancheau bere entrenatzailea mototsetik hartu eta urperatu egin zuen. Tilikumen ekintza osoki nahita egindakoa izan zen. Deitu orka kriminala. Deitu igerilekuko hiltzailea. Deitu bale hiltzailea. Deitu nahi bezala. Baina ez esan zer egiten ari zen ez zekien “biktima” bat zenik Tilikum. Berea entrenatzailearen eta inposaturiko gatibutasunaren aurkako ekintza bat izan baitzen. Erresistentzia ekintza bat, idatzitako historia aldatu zuena. Eta horren aitorpena merezi du. SeaWorld konpainia eta haren praktikaren gainbeheraren protagonista nagusia izan baitzen.
Tilikumen jokabidea urteetan zehar pairatu zituen traumek eragindako psikosi biolento batek eragindakoa izan al zen? Edo, besterik gabe, izaera kontuak medio eta naturak hala aginduta, Tilikum beste orka batzuk baino urduriago jarri eta oldarkorragoa izan zen? Galderoi erantzuteko bere bizitza miserablean sakontzea ezinbestekoa da.
Tilikum –AEBetako ipar-ekialdeko chinook jatorrizko hizkuntzan “laguna”, “ahaidea”, “gertukoa” esan nahi du– bizitza osoan zehar itsas parkeetako ikuskizunetan aritzeko entrenatu zuten. 3 urterekin Islandian harrapatu zuten, eta ama eta familiarengandik bananduta gatibu hazi eta bizi izan zen ordutik aurrera. Hastapenetan, orka kumea zela, hormigoizko igerileku txiki desolatu batean izan zuten, erabateko isolamenduan. Egin zezakeen bakarra zirkulu txikietan igeri egitea eta, xederik gabe, uretan egotea zen. Ozeano handietan familiarekin egunean zeharkatzen zituen 160 kilometroekin alderatuta, oso bestelako espazio eta bizimodu petrala.
Gero, lanolinaz –ardien artilearekin egindako olioa– estali eta zuri-zuri pintatu ondoren, bidaia, edo, nahi bada, hizkuntza kartzelarioan erabiltzen den jerga erabiliz, kunda baterako prestatu zuten: Islandiatik Kanadako Columbia Britainiarreko Sealand itsas parkeraino.
Bertan, 30×15 metroko azalera eta 10 metroko sakontasuna zuen igerileku batean eduki zuten, bi orka eme dominante eta oldarkorrekin batera. Orkok sarritan egiten zioten eraso Tilikumi, haginkadekin odoletan uzteraino. Janaria erretenitzen zioten entrenamendu teknika gisa, egunean zortzi aldiz eta astean zazpi egunez ikuskizunak errepikatzera behartzen zuten. Etengabeko estresak, nekearekin batera, urdailean ultzerak eragin zizkion. Areago, bizkar hegatsa kolapsatu zion –gatibu dauden orka askotxok dute, baina, aldiz, libre daudenen artean ia ikusi ez den fenomenoa da–, gaixotutako eta estresatutako orka baten seinale argia dena.
SeaWorld parkean gatibu emandako 26 urteetan, itsasoan libre balego egun batean zeharkatuko lukeen ur kopuruaren %0,0001 besterik hartzerik ez zuen depositu batean konfinatuta egon zen. Erabateko isolamenduan, itsasoarekin inolako harremanik gabe. Askotan, droga psikoaktibo eta sedatiboak sartzen zizkioten –SeaWorldeko arduradunek soilik interbentzio medikua behar zuenean ematen zitzaizkiola esan zuten arren–.
Horrek guztiak, izugarrizko estresaz gain, Tilikumek jokabide anormal eta errepikakorrak adieraztea eragin zuen. Hala nola, ur deposituaren paretak eta metalezko barroteak behin eta berriz karraskatzea, hortzak erabat desgastatzeraino.
Hiltzeko gustua?
1991. urteko otsailaren 21ean hil zuen Tilikumek lehen pertsona. Egun hartan, Sealand parkeko entrenatzailea zen Keltie Byrne irristatu eta igerilekura erori zen. Tilikumek besotik heldu eta hondoraino eraman zuen, eta, beste bi orkekin batera astindu ederra emanda, bertan hil zuen entrenatzailea. Bi ordu behar izan zituzten Keltie Byrneren gorpua uretatik erreskatatzeko.
Gutxira, Sealand konpainiak Tilikum saldu egin zuen, merkantzia paregabe eta garesti bat izango balitz bezala. Munduan dauden itsas parkeen ia %60 jabetzan dituen SeaWorld multinazionalak erosi zuen 6 tonako orka ar puska. Diru kutxa gizentzeko erakargarri oso baliagarria zen: munduan gatibutasunean existitzen zen orkarik handiena zen Tilikum. Hala, berehala erosi zuen SeaWorldek, “erasorako eta jendea hiltzeko” zuen ustezko tirantza hari jaramonik egiteke. Hastapenetan, errutina berriak barneratu eta espektakulu berrietan parte hartzeko prestatzen zuten bitartean, esperma banku bezala erabili zuten. Bere esperma erabili zuten parkeko orka kopurua handitzeko. Egun, SeaWorldek dituen orken %54k Tilikumen geneak dituzte.
Bigarren heriotza 1999an heldu zen. Daniel P. Dukes izeneko gizonak parkean gauez sartu eta arropa kenduta orkekin bainu bat hartzea baino ideia hoberik ez zuen izan. Garesti ordaindu zuen atrebentzia. Tilikumek txikitu egin zuen. Autopsiak datu beldurgarriak azaleratu zituen: aldaka eta bizkarreko ornoak puskatuta zituen, barrabilak erauzita. Parkeko langileek, hurrengo goizean, Tilikumen bizkarrean kateatuta aurkitu zuten, eszena zinez danteskoan.
Hirugarren pertsona 2010eko udaran hil zuen Tilikumek, Dawn Brancheau entrenatzaile aski sonatua hain zuzen. 40 urteko Brancheau orka entrenatzaileak esperientzia, intuizio eta dohain atletiko handiak zituen. Oso mediatikoa zen: Orlandoko SeaWorld itsas parkearen poster ofizialetako entrenatzaile bizkor eta ilehoria zen. 9 urterekin SeaWorlden orken espektakulu bat ikusi zuenetik, bere lanbidea zein izango zen oso argi zuen.
Itsas parkea jendez lepo zela, eguneko ikuskizuna bukatu berri, Tilkumi sardinzar batzuk ematen ari zen Brancheau –egunean 90 kilo jaten dituzte–. Entrenatzailea orka laztantzen ere ari zen –ikaragarri maite dute orkek estimulazioa–, eta, ezustean, eguneroko errutina puskatu zuen Tilikumek. Mototsetik hartu zuen Brancheau eta igerilekuaren hondora eraman zuen biolentzia handiz. Urpean, lepoa, aldaka, besoa eta hankak puskatu zizkion, mototsa zuztarretik atera. Uretatik atera eta desfibriladrore batekin bere onera ekartzen saiatu arren, azkenean, itota, betiko galdu zuten Brancheau.
Tilikum koarentenan sartu zuten orduan, ur depositu are txikiago batean konfinatuta. Tripaz gora igeri egoten ematen zituen egunak eta egunak, naturan orken jokaeran sekula dokumentatu gabeko postura batean. Segur aski bertan bukatuko du sufrikarioz beteriko bere existentzia.
«Blackfish» dokumentala gako
20 milioi estatubatuarrek ikusi duten “Blackfish” dokumentalaren inpaktuak zerikusi handia izan du itsas parkeetan gatibu dituzten orken bizi baldintzak zalantzan jartzerako orduan. Tilikum orkaren bizitzan oinarritutako dokumentalak McDonald’s soilak bailiran kudeatzen diren itsas parke erraldoietan animaliei ematen zaien tratu krudela azalerazi zuen, erreakzio andana sortuz. Esaterako, AEBetako kontsumitzaileen elkarteak konpainia okerrenen sailkapenean sartu zuen SeaWorld, itsas parkean jotzen zuten musikariek uko egin zioten jotzeari, munduko 42 itsas parkeetatik 26ren jabe den konpainiaren akzioak maldan behera erori ziren… Baina, era berean, aterabide bat ere eskaini zitzaion konpainiari: orkek ahalik eta bizimodu naturalena izan zezaten itsas erreserba edo santutegiak sortzea. Hau da, parkeak erabat berrasmatu eta itsas bizitzaren erreserba bihurtzea orken habitat naturala nolabait berreskuratuz.
Agian beranduegi da orka horiei bizitza hobea emateko. Edo, agian ez. Gaur egun, hein batean “Blackfish” dokumentalaren eraginez, SeaWorlden akzioek erortzen segitzen dute. Bere zuzendari orokorrak dimititu egin du. Jendeak hobeto ezagutzen ditu animaliek jasaten dituzten bizi baldintza krudelak. AEBetako PETA Animalien Tratu Etikorako Elkarteak dei zehatza luzatu die konpainiei, salbaziorako bide bat erakutsiz: orkak errehabilitatu eta erretiratzeko itsas santutegiak bultzatzea. Horretarako behar den dirua bideratzea.
Izan ere, itsas parkeen irudi publikoa hobetzeko erabat desesperaturik daude konpainiak eta santutegiokin natur bizitzaren antza izango zukeen bizi esperientzia bat eskain diezaiekete orkei. Eta aditu askok dioten legez, segur aski, horixe du SeaWorld multinazionalak aukera bakarra eboluzionatu eta animaliek merezi duten ongizateari lehentasuna emateko.
Psikologikoki traumatizatua
Animaliak gurekin batera existitzen dira, baina ez daude hemen guretzat izateko. Tilikum orkaren gatibu bizitza miserable horrek hiru pertsona hiltzeko jokabidearekin zerikusirik ba al du? Urteetan pilatutako trauma eta frustrazioek bere erreakzioa esplikatu ahal dezakete? Zenbat hildako beharko dira gizakiok lezioren bat ikas dezagun?
Gatibu bizi diren orkek zinez bizitza txarra dute. Emozionalki txikituta daude. Psikologikoki traumatizatuta. Edozein unetan eztanda egin dezaketen “bonba” hutsak dira. Izan ere, kreatura liluragarri hauek, izurdeen familiako erraldoi sentikor eta azkar hauek –Tilikum Floridako SeaWorld parkean gatibu zuten orka ar handiena zen, ia 6 tonako pisu eta 6,75 metroko luzerarekin– burmuin miresgarria eta zinez ongi garatua dute. Latza izan behar du, benetan, hain inteligenteak diren animaliontzat, egunero-egunero gauza berdina egitea.
Giza odolarekiko gustua
Animalia batek gizakiari hiru aldiz eraso egin dionean giza odol edo haragiarekiko gustua garatu duela esan al daiteke? Naturan libre dauden orkek gizakien aurka egindako erasoen berririk dokumentatu ez den bezala, gatibu dauden orken makina bat erasoren berri badaukagu. Orkek, naturan, migrazio milenaristak egiten dituzte janariaren bila. Beren ahotsa 10 miliaraino entzun daiteke. Sartu, baina, animaliok igerileku txiki batean, eta, askotan, estres mentala eta oldarkortasuna garatuko dute, gizakiak erasotzeraino. Tilikumekin gertatu ez bezala, baina, oso orka gutxik errepikatu dute erasorako joera.
Afrikako hainbat lehoi aski ezagunen kasuan, berriz, bai dokumentatu dela erasorako joera. Baita tigre, krokodilo eta marrazoen kasuan ere. Val Kilmer eta Michael Douglas aktoreek jokatu zuten “The Ghost and the Darkness” filmean, adibidez, Kenyako Tsavo eskualdean trenbidea eraikitzeko lanetan ari ziren 35 langile hil zituzten bi lehoien istorio erreala kontatzen da, adibidez. Egon dira saileko gizaki-jaleak izandako beste lehoi mitiko batzuk ere, adibidez Tanzaniako Osama (50 biktima eragin zituen 2002 eta 2004 artean) edo Zambiako Chiengi Charlie (1909an 90 biktima eragin zituen guztira).
Lehoiez gain, Indian jokaera bera izan duten tigreak edo Afrikako ibai handietako krokodiloak ere sarri aipatu dira. Eta bertako herrietako kulturetan oso zabaldua da animaliontzat gizakiak ehizatzea oso adiktiboa den ustea. Hau da, behin urrats hori egin duen animaliak, berriz ere ahal duen guztietan egingo duela saiakera. Tilikumen kasuan, baina, berdina esan al daiteke?
Kartzela batean bizi osorako pertsona bat sartzea bezala, akuario batean bizi osoa bizitzea zinez miserablea da orkentzat. Ezin dute zirkuluan amaigabe igeri egin eta sardinzar hilen truke “aktore” bihurtu baino beste gauzarik egin. Ez dute nahi bezala jolastu edo libreki interaktuatzerik. Bikotekidea hautatu edo bizitza hobeago bat bizitzeko aukera kenduta Tilikumek eta beste edonork zer egingo zukeen esaterik ez dago. Aldez aurretik ez dagoelako jakiterik animalia bat –izan orka ala pertsona– goibel, deprimitu eta patologiko bilakatu denean zer egiteko gai den eta noraino irits daitekeen. Baina, badaezpada ere, argi ibili.