Koldo Nuñez / 2016-01-10 / 218 hitz
Antartikoa gizaki gehienok bizi garen lurraldeetatik urrun dago oso, eta, gainera, izotzak estalita. Arrazoi horiengatik, XIX. mendera arte espedizio gutxi egin zen hara. Azken handia 1914 eta 1917 artean egin zen. Haren burua Ernest Shackleton izan zen; helburua, Antartikoa zeharkatzea. Marinel eske, egunkarian jarri zuen iragarkia: «Gizonak behar dira bidaia arriskutsu baterako. Soldata eskasa, hotz handia, erabateko iluntasuna luzaroan. Ongi itzultzea, zalantzan. Helburua lortuz gero, ohorea eta izen handia». Iragarki beltz hari 5.000 lagun inguruk erantzun zioten, artean hiru neska «kirolarik»; gizonezko jantziak eramateko prest zeuden.
28 lagun aukeratuta, 1914ko abuztuan abiatu zen Endurance ontzia Ingalaterratik, eta azaroan Atlantikoaren hegoaldera iritsi. Antartikan udan sartu bazen ere, izotzak itsas bide guztiak oztopatu zituen, eta nekez egin zuten aurrera 1915eko otsailera arte: ontzia izotzetan harrapatuta, 1915 osoa iparralderantz mugitu zen. Okerrenak neguko hilabeteak izan ziren: iluntasuna eta izugarrizko hotza. Shackletonek, marinelen moralari goian eusteko, egunero kirola egitera behartu zituen, antzezlanak… Poliki, izotzaren indarrak ontzia lehertu zuen, eta azaroan izotz gainetik mugitzea deliberatu zuten, itsaso zabalera hurbiltzeko. 1916ko otsailean Elefantearen irlara iritsi ziren egoera txarrean; handik, Shackeltonek eta beste bost gizonek 1.300 kilometroko bidaia heroikoa egin zuten txalupa zahar batean Hegoaldeko Georgiara. Han laguntza lortu eta kide guztiak salbatzera itzuli ziren.
Egun izotzak atzera egin du eta hainbat lekutan kostara iristen dira ontziak arazorik gabe udan. Klima berotzearen ondorioa. Shackeltonek ezingo luke sinetsi.