Onintza Irureta Azkune / 2016-01-27 / 278 hitz
Hainbat hedabidetan eta sare sozialetan haien ideologiak alboratu eta itxuragatik eta janzteko moduagatik haien izenak zikindu dituztela adierazi dute.
Laidoak eta gutxiespenak Junts pel Sí-rekin inbestidurarako izan dituzten negoziazio garaian gertatu dira, CUPeko hainbat emakumek eremu publikoan indarra hartu dutenean. Urtarrilaren 27an, Bartzelonan egindako agerraldian CUPeko militanteek adierazi zuten irainen eta gutxiespen matxisten helburua haien izenak zikintzea eta baliogabetzea zela, “eraso nazkagarri, matxista eta bortitz baten” testuinguruan. Alabaina, azaldu zutenez, “bat erasotzen dutenean denok erasotzen gaituzte, eta erasotzaileen aurkako bumeran efektua eragin dezake”.
Agerraldi publikoan militante bakoitzak berari esandako irainak azaldu zituen:
“Gabriela Serra naiz, eta zaharra, zatarra eta gizena naiz, baina 64 urteetara borrokatzen iritsi naizelako epaitzea nahiko nuke”. Irainak ez dituzte anonimoengandik jaso. “Zatar amorratua” Barça futbol taldeko Alfons Godall presidenteorde ohiak deitu zion.
“Anna Gabriel naiz, traidore puta bat, ozpindua eta larrua gaizki jotakoa naiz, eta egin dudan gauza bakarra Herrialde Katalan askeak, sozialistak eta feministak defendatzea izan da”. “Traidore puta” Joan Guirado kazetari, sindikalista eta idazleak deitu zion txio bidez. Sindikalista gisa dimititu egin du.
“Mireia Boya naiz, eta zakur sarnaduna naizela esan didate lurraldea defendatzeagatik eta erakundeetan okzitanieraz hitz egiteagatik”.
“Eulalia Reguant naiz, eta atzeratua, tuntuna eta ergela naiz, osasun sistema ehuneko ehun publikoa eta kalitatezko hezkuntza defendatzeagatik”.
“Mireia Vehí naiz, eta nik oraindik ez dut ezer jaso, baina giza eskubideen urraketak salatzeagatik epaitzea nahiko nuke eta ez nire galtzen neurriagatik”.
Ciutadans alderdi politikoko lider Inés Arrimadasi esandakoak ere salatu zituzten agerraldian: “Arrimadasi egindako deskalifikazioak ere emakumeen aurkako erasoak dira”.
CUPeko ordezkariek ez dute epaitegietara joko, ez baitute konfiantzarik justiziaren sentsibilitate feminista urrian. Otsailaren 11n beste ekintza bat antolatuko dute Bartzelonan.
Albistea garatuago (gaztelaniaz) eta agerraldiko bideoa eldiario.es-eko helbide honetan.