Iker Tubia / 2016-01-15 / 1.174 hitz
Geroz eta makurragoa da Afrikako lehoiaren egoera. Dagoeneko 20.000 inguru baizik ez daude kontinentean, eta eremu askotatik desagertu dira. Batik bat, gizakien eskua dago mundu osoan sinbolo garrantzitsua den animalia honen galeraren atzean.
Desagertzen ari dira. Han eta hemen, denetariko sinbologian ikus daitezkeen lehoiak, geroz eta gutxiago dira. Hainbat ikerketak alarma piztu nahi izan dute, baina oraindik ere sirena hotsa ez da sobera ozena. Afrikako lehoien kopurua abiadura handian jaisten ari da. Are, horrela jarraituz gero, hogei urtean populazioaren erdia gal liteke Afrikako erdialdean, mendebaldean eta ekialdean. Neurririk hartu ezean, nekez ikusiko dira Zuberoa, Lapurdi edo Iruñeko armarrietatik kanpo. Sabana erregerik gabe gera liteke etorkizun ez oso urrun batean.
Cecil lehoiaren hilketak aztoratu egin zituen asko. Uztailean gertatu zen. Hura zen Zimbabweko Hwange parke nazionaleko animaliarik ezagunena. ZCTF animalien babeserako elkarteak orduan esan zuenez, Walter James Palmerrek hil zuen Cecil, arkua eta geziak erabiliz. Parkearen mugara eraman, eta han hil zuen. Horretarako, 50.000 euro ordaindu zituen.
Gainerako lehoien egoera txarra da oso. Dekadentzia izugarria izan da. Azkeneko 35 urteetan %75 jaitsi da populazioa. Baina, atzerago eginez gero, adibidez, orain dela mende bateko egoerarekin alderaturik, emaitza lazgarria da. Panthera elkarteak dio duela mende bat 200.000 lehoi basa bizi zirela Afrikan. Gaur egun, 20.000 inguru direla uste du munduko 38 felino handien espezieak eta haien ekosistemak babesteko elkarteak. Hau da, ehun urtean populazioa %90 jaitsi da. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak zehaztua du lehoiaren egoeraren maila: ahula.
Oxford Unibertsitateko ikerketa baten emaitza dira etorkizun beltza iragartzen duten datuak. Afrika erdialdean eta mendebaldean lehoien populazioa erdira jaisteko aukera %67 da. Ekialdean, txikiagoa da probabilitea: %37. Animalia horien egoera hobea da hegoaldean; Botswana, Namibia, Hego Afrika eta Zimbabwen, adibidez, eremu zaindu handi, ertain eta txiki asko baitaude lehoien babesleku, beste lurraldeetan baino finantzaketa eta giza baliabide gehiago dituztelako.
Paul Funstonek egoeraren berri eman du Namibiatik. Panthera elkarteko lehoi helduen programako zuzendaria da bera. «Afrika mendebaldean eta erdialdean parke anitz egoera larrian daude, agerikoena WAP/Pendjari parke gunea, Beninen, Burkina Fason eta Nigerren». Senegalgo Niokolokoba parke nazionalean lehoiak berriz sartzeko aukera ere badagoela dio.
Gehienak Afrikako ekialdean eta hegoaldean daude, baina toki batzuetan parke handietako segurtasun neurriak txikiak dira, eta ezin dituzte lehoiak erabat mantendu. «Abereak parke hauetara bideratzen dituzten abeltzainek hiltzen dituzte, edota beste animalia batzuk ehizatzeko jarritako harrapagailu edo tranpengatik hiltzen dira», azaldu du.
Gizakien eskua
Hain zuzen ere, hori da animalia hauek desagertzearen faktore nagusietako bat: gizakia. Harekin batera —eta hari loturik gehienetan—, ekosistemen galera. Faktore nagusia interes talka da. Izan ere, abeltzain askok lehoiak hil egiten dituzte beren abereak babesteko. «Lehoiek abereak jaten dituztenean, abeltzainek kontraerasora jotzen dute, eta erruz hiltzen dituzte», esan du Dereck Joubertek. National Geographic Societyko kameralari garrantzitsua da, eta The Last Lions (Azken lehoiak) filmeko zuzendaria. Lan handia egin du lehoien inguruan.
Arazo nagusietako bat da haien habitata desagertzea. «Beharbada mehatxurik handiena zera da: lehoiaren habitata nekazaritzarako eta etxebizitzak sortzeko erabiltzen dutela», azaldu du Funstonek. Izan ere, giza populazioa handitzen ari da. Luis Suarez WWF Munduko Natura Funtsako kideak esan duenez, horrek baliabide naturalen kudeaketa «geroz eta oldarkorragoa» eta «geroz eta ezin eutsizkoagoa» ekarri du.
Gizakiek habitata geroz eta gehiago hondatzen dute, eta ez hori bakarrik, lehoiek jateko behar dituzten animaliak ehizatzen dituzte; beraz, tokirik gabe uzteaz gainera, bazkarik gabe uzten dituzte. «Eremu babestuetatik —irla eremuetatik— harago joan beharko lukeen lurraren planifikazio falta handia dago», azaldu du Suarezek.
Faktore horiei, halabeharrez, ehiza gehitu behar zaie. Joubertek azaldu duenez, urtero 600 lehoi hiltzen dituzte aisialdi jarduera gisa. «Asko arrak dira, eta arrak 3.500 inguru direla kontuan hartzen badugu, argi dago kirolagatik haiei tiro egitea ez dela luzaz onargarria. Hori geldi dezakegu, eta berehala geldituko genuke urtero 600 animaliaren galera». Gainera, gogorarazi du, arra hiltzearen ondorioz desorekak eta gatazkak sortzen direla oihanean, eta horren ondorioz haren kumeak hil egiten direla. «Onartezina da», borobildu du.
Legez kanpoko ehiza arazo handia izaten da. Garaikurren eskaria handia da, baina ez hori bakarrik. Asiako medikuntza tradizionalean animalia horren atalak erabiltzen dira. Gainera, azken boladan, ugaritu egin da lehoiaren hezurren eskaria, eta material horren merkatua piztu da, batik bat Hego Afrikatik kanpo.
Joubert ehizaren aurka azaldu da, argi eta garbi. Dioenez, pertsona ez diren izakiak babesteko lan izugarri txarra egiten ari da gizakia. «Ordu oro bost elefante galtzen ditugu, egunero bost lehoi, eta zazpi ordutik behin errinozero bat. Ez, ez ditugu babesten, deuseztatu egiten ditugu».
Animaliaren iraupena kolokan jartzen du ehizak, baina bada beste eragile bat ere: barrutiko ehiza. Suarezek eman ditu azalpenak: «Garaikur ehiza geroz eta modu artifizialagoan kudeatzen da». Barrutiko ehizaren funtsa animaliak eremu itxi batean haztea da, gero horiek ehizatu ahal izateko. Gainera, garaikurra lortzeko aukerak oso handiak dira horrela. Hori ez da populazioaren jaitsieraren kausa. «Kasu horretan, arazoa etikoa da. Prozesu artifizial bat da, eta ez du onik egiten».
Ehizari dagokionez, Joubertek argi du zer egin: «Afrikako herrialdeek felino handien ehiza mugatu edota debekatu beharko lukete. Luxu bat da, eta odolez zipriztinduriko kirola». Bestalde, komunitatearen laguntza eta parte hartzea ezinbestekotzat jo ditu. Berak Botswanan egin ohi du lan, eta han hasi dira komunitatearekin batera jarduerak sustatzen. Adibidez, Maasailanden Maasai Olympics lasterketan 10.000 lagunek parte hartu zuten lelo baten pean: Ez lehoi gehiago hil.
Lanean hasteko beharra
Oraindik ere lehoiaren egoeraren alarma ez da behar bezain ozena. Hala uste du Suarezek. Dena den, onartu du geroz eta arreta handiagoa pizten duela aferak. «Hori da arazoari aurre egiteko lehenbiziko urratsa». Arazoetako bat sosak dira. Herrialde batzuek ez dute baliabide aski lehoien babesean inbertitzeko.
Dena den, Suarezek uste du nazioarteko komunitateak ere baduela ardura apur bat. Datuak eta analisiak eskaini ditzakeela uste du, eta babeserako planifikazioan lagundu: populazioak kontrolatuz, jarraipena eginez, legez kanpoko ehizaren aurka eginez, edota beste animalia batzuekin duten esperientzia eskainiz. «Espezie hau bizi den lurraldeetatik harago doa. Hain sinbolikoa da, ezen, guzion kalterako litzatekeela bera galtzea».
Joubertek uste du Afrikako herrialdeek gauza anitz egin ditzaketela. «Gobernuei presio egin behar ditugu haien baliabide naturalen ardura har dezaten, inbertsio estatalak egin ditzaten, eta jendea inguruaren babeserako presta dezaten». Eskasia dagoen tokietan, emaileengana eta agentzia multilateraletara biltzea proposatu du, guneak babesteko finantzaketa lortzeko. Bien bitartean, heldu diren hamabost urteetan lehoien ia 20.000ko populazioa 30.000 inguruko bihurtzea da Panthera elkartearen helburua.
Horrez gainera, bada beste afera garrantzitsu bat. IUCNk dio lehoiak ahul daudela. Askok uste dute lehoien egoera eremuka neurtu beharko litzatekeela, ez baita toki guzietan bera. «Afrikako mendebaldean eta erdialdean lehoia arrisku larrian dago, argi eta garbi», azaldu du Funstonek. Dioenez, ezberdintasun genetiko nabarmenak dituzte ekialdekoekin eta hegoaldekoekin alderaturik. «Babesean banaketa eginez gero, garaikur ehizaren debekua derrigortzeko aukera legoke, gutxienik mendebaldean».
Zinema lagun
Beste aukera bat egoeraren berri ematea da. Hori da Joubertek, Beverly Joubertekin batera egiten duena dokumentalen bidez. Esan du behin zientzialari talde bati galdetu ziola ea zer eginen lukeen nahi beste diru izanda. %80k erantzun zuten dokumentalak eginen lituzketela. «Dokumentalek eragin handia dute», azaldu du. «Filmak herrialdeetako politikak aldatzeko, felinoen ehizaren aurka hitz egiteko, kaiolak deuseztatzeko eta elefanteen hilketa gelditzeko erabili behar ditugu».
Filmetan mezu argia ematen dute: lehoia galtzea galera handia litzateke. Suarezek gordin azaldu du: «Biodibertsitatearen eta ingurugiroaren kontserbazioaren ikuspuntutik, porrota litzateke, baina baita arazo ekologiko bat ere». Ekosistemarako garrantzitsuak dira, naturaren zikloa orekatzen dutelako. Lehoirik gabe, ekosistemak aldatuko lirateke. Baina, gainera, balio kultural eta sinboliko erraldoia du. Bera baita, oraindik ere, oihaneko erregea.