Ihintza Elustondo / 2016-01-05 / 628 hitz
«Hizkuntza aldatzen bada, bizirik dagoen seinale». Koldo Zuazok (Eibar, Gipuzkoa, 1956) argi du egoera berrietara moldatu behar duela euskarak, baina badu kezka bat: euskalkiak galtzen ari direla ikusten du. Hori dela-eta zerbait egin nahian sortu du www.euskalkiak.eus webgunea.
Hainbat gauza daude webgunean: egungo euskalkiak, haien sorlekuak, euskara batua… Nola egin duzu bilketa hori?
Urte askotako lana da. Webgunean, gehienbat, ahozko euskararen aldarri bat egin nahi dugu, ikusten dugulako euskalkiaren egoera nahiko txarra dela eta inork ez duela ezer egiten horren alde. Eta euskalkia galtzean galtzen da euskara bera. Kontua ez da euskalkia galtzean euskara batua nagusitzen dela.
Euskara batuarekin bakarrik euskara ez da gai bizirik irauteko?
Euskara batua beharrezkoa da. Ikusi dugu sortu zenetik zer gauza onak ekarri dituen. Baina euskara batua hizkuntzaren zati bat da; euskaldun guztiok elkartzen garenean batak besteari erraz ulertzeko da. Baina hizkuntza ez da bakarrik hori. Hizkuntza da lagun artean egoteko; gure pozak, gure tristurak, gure haserreak, gure sentimenduak adierazteko. Eta, kasu horietan, gure euskalkia ateratzen zaigu. Jendeari kentzen badiogu euskalki hori eta euskara batua sartzen badiogu, gertatzen da gertatzen ari dena: euskara eskolako hizkuntzarekin lotzen duela jendeak, ingelesa balitz bezala. Eta ez dute erabiltzen.
Zer egin daiteke hori saihesteko?
Euskara batua ezin dugu egun batetik bestera sartu, eta ezin da modu berean sartu eremu erdaldunetan eta eremu euskaldunetan. Egunen batean denok ezagutu behar dugu, baina ezin dugu umeak lau urte dituenetik hasi hori irakasten. Herri euskaldunetan hoberena izango litzateke bertako euskalkitik abiatzea, eta, askotan, eskolak moztu egiten du aukera hori.
Gazteen artean euskara baturako joera bat ari da nagusitzen?
Askotan, euskara batuaren izenean, oso euskara arraroa egiten da. Nik duda egiten dut euskara ote den ere. Euskal Herri osoan ibili naiz, eta hitz hauek ez ditut inon entzun: esleitu, ekidin, ezaugarritu, harremandu, sukaldatu, burutzapen, bideragarri, ahalbidetu… Askotan ateratzen dudan ondorioa hau da: gaur egungo euskara ez ote den Marten-edo topatutako zerbait. Hizkuntza batek, jendeak erabiliko badu, oso gertukoa izan behar du; etxean ikasi duguna eta herrian entzuten duguna. Fernando Muniozgurenek esaten zuen «euskara afektiboa euskara efektiboa» dela.
Euskalkiak baziren XVI. menderako. Zer aldatu da ordutik hona?
XVI eta XVII. mendeetan euskalkiak batuago zeuden, eta, denboraren joanean, alde horiek handitu egin dira. Behin 1960az geroztik, atzera berriro elkartzeko dinamikan sartu dira; euskara batua sortu delako, eta euskarak esparru batzuk irabazi dituelako: eskola, hedabideak, administrazioa… Gaur egun, euskara ikusi egiten dugu, garai batean ez bezala. Dena dela, arazo bat da euskaldunok bi estaturen artean banatuta egotea. Estatu bakoitzean hizkuntza bat da ofizial, eta hor sortzen zaizkigu arazoak komunikatzeko.
Historian batek baino gehiagok sailkatu ditu euskalkiak. Zuk beste modu batera sailkatu dituzu.
Aldaketa nabarmenena da [Louis Lucien] Bonapartek zortzi euskalki ikusi zituela eta nik bost. Azken 50-60 urteotan, bilakaera konbergente bat daramagu euskaldunok, eta batasun horren ardatza Gipuzkoa da.
Ez duzu uste euskara batua Gipuzkoan oinarritzeak euskalkiei kalte egin dienik?
Berez ez lieke egin behar, eta, egin badie, garaiz gaude gauzak aldatzeko. Buruan sartu behar duguna da bai euskara batua eta bai euskalkiak beharrezkoak ditugula; eta euskara batuak dituela eginkizun batzuk, eta euskalkiak dituela beste batzuk. Zein da hobea? Nik beti esaten dut hizkuntza oinetakoa bezala dela. Zein dira hobeak, mendiko botak edo txankletak? Mendira joateko, botak, eta hondartzara joateko, txankletak. Hizkuntza batek zenbat eta hizkera gehiago eduki, hiztuna erosoago egongo da. Jendeak uste du euskara batu bakar bat edukitzea aberastasuna dela. Ez, hori pobrezia da. Aberastasuna da egoera bakoitzerako hizkera bat edukitzea.
Euskara batua leku bakoitzeko beharrizanetara egokitu behar dela uste duzu. Nola egin daiteke hori?
Euskal Herrian pentsatzen dugu kaltegarria dela hori, hizkuntza apurtu egingo delako. Eta ez da horrela. Munduko beste hizkuntza handiek badauzkate estandar lokalak. Gaztelaniaren adibidea hartzen badugu, Espainian egiten dena, Mexikon egiten dena eta Txilen egiten dena, ez dira berdinak. Euskal Herrian ezberdintasun nabarmena daukagu Bizkaitik Zuberoara, eta ez gara arduratzen euskara batu hori leku bakoitzera egokitzen.