Iragana susmopean dago berriz

Julen Etxeberria / 2016-01-26 / 445 hitz

Olinpiar Jokoetako atletismo proben ia erdietan, badira hogei urte baino gehiago munduko markak ondu ez direla. Horietako batzuk, gainera, dopinaren itzalpean daude. Horregatik, munduko marka guztiak baliogabetzeko eskatu du Erresuma Batuko Atletismo Federazioak. Nazioarteko Federazioa kontra dago.

Olinpiar Jokoetako atletismoko probetako munduko marken zerrendari erreparatuta, zerbaitek atentzioa ematen du: bertan ageri diren marka asko aspaldi lortutakoak dira. Hain zuzen ere, olinpiar probetatik ia erdietan, orain dela hogei urte baino gehiago ezarri ziren munduko markak: 47tik 22tan (%46,8). Berez nahikoa esanguratsua den batez besteko horrek, gainera, gora egiten du emakumezkoen probak bakarrik kontuan hartuta: 23tik hamahirutan dauka munduko markak gutxienez hogei urte (%56,5). Gizonezkoetan, ordea, apalagoa da batez bestekoa, 24tik bederatzitan (%37,5). Beste datu esanguratsu bat hau da: 1988a da munduko marken taulan gehien errepikatzen den urtea, zazpi aldiz, hain zuzen ere. Hau da, duela 28 urte luze lortutakoak dira gehiengo.

Gero eta gertuago al dago muga? Ala azken urteetatik hona dopinaren aurkako borrokan eman diren pausoak eragina izaten ari dira? Hor dago koska. Ziurrenik, ez da baten edo bestearen ondorio, bien arteko nahasketa baizik. Batetik, agerikoa da gero eta zailagoa dela munduko markak ontzea. Gero eta gertuago dago muga, eta, horregatik, tantaka iristen dira munduko markak. Azterketak ere egon badaude diotenak hemendik urte batzuetara ez direla munduko marka gehiago hobetuko. Hego Koreako Politika Publikoen Eskolak egindako ikerketa da guztietan ezkorrena. Horren arabera, 2022rako gizakiak muga joko du atletismoan. Badira beste ikerketa baikorragoak, baina guztiak bat datoz: gizakia mugara iristen ari da.

Bestetik, agerikoa da azken urteetan dopinaren aurkako borrokan eman diren pausoek izango zutela eraginik markak lortzeko. Ez litzateke justua izango aspaldiko marka horiek guztiak susmopean jartzea, baina horien artean badira batzuk zalantzagarriak. Gainera, atletismoaren inguruko azken eskandaluek, Errusiari eta Nazioarteko Atletismo Federazioari (IAAF) lotutako horiek, susmo txarrak areagotu dituzte. Horrenbesteraino, Erresuma Batuko Atletismo Federazioak ezohiko proposamena egin berri du: egun indarrean dauden munduko marka guztiak baliogabetzea, hain zuzen. «Hori da bidea», esan du Ed Warnerrek, Erresuma Batuko Federazioko presidenteak. Arazo bakarra aurreikusi dio neurri hori hartzeari. «Zailena litzateke zehaztea zein marka diren faltsuak eta zeintzuk ez. Adibidez, Florence Griffith-Joynerrek ez zuen inoiz positibo eman. Baina badira munduko marka asko pentsaezinak direnak egungo irizpideak kontuan hartuta».

Ez da halako eskaera egiten den lehen aldia. 2003an, Europa iparraldeko hainbat herrialdek IAAFi eskatu zioten 2000 baino lehen lortutako munduko marka guztiak baliogabetzea, dopinarekin nahastuta zeudelakoan. IAAF horren kontra azaldu zen orduko hartan, eta baita orain ere. «Tentagarria da hori egitea, badirelako marka batzuk benetako hormak direla. Emakumezkoetan, adibidez, duela 30 eta 40 urte lortutako markak, ziurrenik, ez ziren legez egin. Baina, aldi berean, ez litzateke justua izango munduko marka guztiak baliogabetzea, hori eginda atleta garbiak zikinduko genituzkeelako», aitortu du Sebastian Coek, Erresuma Batuko atleta ospetsu izan eta egun IAAFeko presidente denak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.