Aitor Biain / 2016-01-20 / x hitz
«Egun mendian duguna artzaintzari esker dugu». Hala dio eta hala frogatu du Arantza Aldezabal EHUko ikerlariak (Pasaia, Gipuzkoa, 1967). Izan ere, mendiko artzaintza uzteak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertu ditu Aldezabal buru den EHUko Biologia eta Ekologiako ikerlari taldeak. Neiker-Teknaliarekin elkarlanean egin dute ikerketa, eta lehen ondorioak argitaratu berri dituzte. «Ondorio ekologikoetan zentratu gara batez ere». Hala ere, mendiko artzaintza desagertzeak ekarriko lituzkeen ondorioak askotarikoak direla dio; sozioekonomikoak, esaterako. Horiek neurtzen dihardute egun.
Egia esan, guk animalien, belarjaleen, larratzearen eragina aztertu dugu, artzaintza bera baino gehiago. Edo, hobeto esanda, larratze ezak gure mendietako larreetan ekarriko lituzkeen ondorio ekologikoak ikertu ditugu. Eta horrek, noski, lotura zuzena dauka mendiko artzaintzarekin. Horregatik, garrantzitsua da, era berean, artzaintzari begira izan ditzaketen inplikazio guztiak ere aztertzea. Hurbilketa esperimental bat egin dugu, simulazio bat.
Abereak mendiko larreetatik desagertzea simulatu duzue, beraz.
Bai, hala da. Berez, ikerketa duela hamar bat urte abiatu genuen, 2005 inguruan. Aralarko lurretan hainbat itxitura egin genituen orduan, altuera ezberdinetan, eta abereei bertan sartzea eragotzi genien. Bost urte pasatu ondoren, lurzorua aztertu genuen, eta, gero, artzaintza normaltasunez egin zen lurrarekin alderatu.
Ikerketaren bitartez ondorioztatu duzuenez, kalte ekologikoak eta sozioekonomikoak ekarriko lituzke. Zergatik?
Ikusten ari gara larratze efektu hori desagertuko balitz larrearen konposizio floristikoan aldaketak izango zirela, eta espezie batzuk apurka-apurka desagertuz joango zirela, eta askoz ere lehiakorragoak diren landare espezieak nagusitu eta dominatzaile bilakatu. Horrek esan nahi du larrea zakartuz joango zela. Gainera, ikusi dugu nagusituko liratekeen espezie horien kalitate nutritiboa askoz ere baxuagoa izango zela. Eta kalitate nutritiboa esaten dugunean, batez ere nitrogeno kopuruaz ari gara, funtsezko elikagaia delako landareen hazkunderako.
Eta horrek zein eragin izango luke sozioekonomian?
Kalitate nutritiboaren galera horrek aldaketa bat eragingo luke elikagaien zikloan. Eta, besteak beste, ekarriko luke belar horretaz elikatzen diren abereen esnearen kalitatearen galera. Eta horrek, noski, ondorio zuzena dauka esne horrekin egiten den gaztaren kalitatean, esaterako; eta horrek artzainaren sozioekonomian…
Kate bat da, azken finean.
Ondorioen kate luze bat; oso zaila neurtzen, bide batez. Emaitza zehatzak oraindik ez ditugu; orain ari gara datu horiek biltzen. Finantzaketa ere badaukagu horretarako. Ikerketa itxi gabe dago oraindik.
Ikerketak erakusten du, beraz, garrantzitsua dela mendiko artzaintza ingurumenarentzat, ezta?
Askotan ez gara historia ebolutiboaz konturatzen, baina orain guk mendian duguna larratzeari esker dugu. Euskal Herrian ditugun mendiko larreak berez ez lirateke bertan sortuko, mendien altuera dela eta. Beraz, modu erdi natural batean sortu eta mantendu dira, eta hori abeltzaintzari eta artzaintzari esker izan da. Hori dela eta, daukaguna mantendu nahi badugu, jarduerak bideragarria izan behar du, eta modu iraunkor batean kudeatu behar da.
Artzaintzaren azken urteetako bilakaera ikusita, nolako etorkizuna ikusten diozu?
Badirudi gain behera goazela, baina zenbait tokitan —Aralarren eta Aizkorrin— kasurako—, uste baino hobeto ari da mantentzen, zorionez.