Jakes Goikoetxea / 2016-01-22 / 171 hitz
Nirea, niretzat. Gurea, niretzat. Zuena, niretzat. Jakina eta asaldatzeko modukoa zen Eliza katolikoak Nafarroan mila ondasunetik gora jarri zituela bere izenean, bere egin zituela, besterik gabe, bereak zirela esanda. Ez da Nafarroako kontua bakarrik, ordea: Eliza katolikoak hala jokatu du Gipuzkoan (388 ondasun), Araban (72) eta Bizkaian (65) ere.
Arazoa Eliza katolikoa eta haren jokaera bada. Eliza katolikoaren hierarkia. Gainerakoei pobreziaz, moralaz, laguntzeaz, partekatzeaz, bizimodu zuzenaz, bestearen lekuan jartzeaz… lezioak ematen dizkien erakunde batek bere egin ditu hainbat ondasun eta ondare kolektibo, frankismoko lege batek eta Jose Maria Aznarren garaian onartutako beste batek lagunduta. Legeak uzten ez zuen kasuetan, zirrikituak baliatuta. Bereak direla esanda, besterik gabe, tokian tokiko gotzainaren esanean oinarrituta. Frogarik gabe, Jainkoa lekuko. Dirua eta jabetza pribatua jainkotuta, beste behin. Ezkutuan, inori ezer jakinarazi gabe, badaezpada.
Arazoa, hala ere, ez da Eliza katolikoa bakarrik. Baita Eliza katolikoari halakoak egitea eta gizartearen arlo gehienetan pribilegio anakronikoak eustea ahalbidetzen dion sistema eta agintariak ere. Herritar gehienen interesen gainetik ustezko jainko baten ustezko ordezkarien interesak jartzen dituztenak. Eta ez dira gutxi.