Ander Gartzia Badiola / 2016-01-26 / 694 hitz
Euskal Herrian gero eta zale gehiago ditu ibilketa nordikoak. Makila pare bat eta oinetako pare bat baino ez dira behar horretan ibiltzeko. Onura guztiak aprobetxatzeko, baina, komenigarria da teknika barneratu eta praktikan jartzea. Kirol hori egiteko talde ugari osatu dira Euskal Herrian.
Ibilera bitxia dute. Kokotsa eta jarrera, biak zuzen. Makilez lagunduta, ukondoak tolestu gabe eragiten diete besoei. Kirola egiten ari dira: ibilketa nordikoa, alegia. Hirian nahiz landan egin daiteke, baita elurretan edo hondartzan ere, eta gero eta zale gehiago ditu Euskal Herrian. Finlandian du jatorria ibilketa nordikoak. Hango eskiatzaileek entrenamenduak moldatu behar izaten zituzten udan, garai horretan ez baitzuten elur nahikorik izaten. Makila berezi batzuekin hasi ziren elurrik gabeko lurzoruetan ibiltzen, eta hala sortu zen egun ibilketa nordikoa izenez ezagutzen den kirola.
Donejakue bidea egiten ari zela ikusi zituen aurreneko aldiz Xabier Madinak ibilketa nordikoan ari ziren erromes batzuk. «Ibilaldietarako makilak neramatzan, baina alemaniar haiek zeramatzatenak guztiz ezberdinak ziren». Material arinez eginda daude makilak. Eskumuturrari eusteko lokarri bat dute, esku uhal moduko bat, eta beheko muturra metalezko punta zorrotza da. Etxera iritsi, eta Google bilatzailean saiatu zen aurkitzen Madina: makilekin ibili. Orduantxe irakurri zituen lehendabizikoz Nordic Walking hitzak. Beste bilaketa bat egin zuen: Euskal Herria Nordic Walking. Bilatzaileak ez zuen ezer topatu. «Ez zegoen deus Euskal Herrian. Logroñora joan behar izan nuen hastapen ikastaroa egitera. Bost ordu: hiru, oinarriak ikasteko, eta bi, teknifikazioa lantzeko. Orain, sei orduko ikastaroak dira: hiru eta hiru».
Madina Euskadiko ibilketa nordikoko elkarteko presidentea da. «Gero eta jende gehiago animatzen da txangoetara». Zaila da jakitea Euskal Herrian zenbat jendek egiten duen. «Aurreneko urtean, 500 pertsonak egin zuten ikastaroa. Zifra hori asko handituko da. Euskadin 200 bat mendi elkarte daude. Horietako bakoitzetik hiruzpalau batuko balira, pentsa!». Aitortu du, ordea, orain arteko ibilbidea malkartsua izan dela. «Kostatu da. Euskal Herrian betiko klixeak daude. ‘Aizu, Xabier, bizitza osoa daramat mendira makilekin joaten. Orain zuk azaldu behar al didazu makilak nola erabili?’. Eta bigarrena: ‘Nik oraindik ez dut makilarik behar martxan ibiltzeko’. Horrek ez du ezer ulertu. Hau ez da patologia kontua. Gurekin 23, 30 eta 50 urteko jendea etortzen da».
Madina sinetsita dago datozen urteetan ibilketa nordikoa kirol ezaguna egingo dela. Eskandinavian, Suitzan, Austrian eta Alemanian aspalditik dago errotuta. Esaterako, Alemanian osasun publikoak ibilketa nordikoko ikastaroak ordaintzen ditu; bai errehabilitazio programetan, bai gaixotasunen prebentziorako tekniketan. Medinaren esanetan, ibilketa nordikoaren aurreneko oinarria osasuna da. Gorputz osorako ariketa fisikoa da; 600 bat gihar mugiarazten ditu, gorputzeko giharren %90. Gainera, laguntzen du lepo hezurreko tentsioak eta estresa gutxitzen, gorputzaren enborra indartzen, oreka mantentzen eta koordinazio gaitasunak garatzen.
Madina Euskal Herriko alfa coach bakarra da. Irakasle nagusia, alegia. Valladolid (Espainia), Girona eta Alacanten (Herrialde Katalanak) landu zituen teknikak, eta orain prestakuntza ematen die irakasle izan nahi dutenei. «Aurreneko kontzeptuak barneratzea erraza da. Baina teknika guztiz menderatzea gaitzagoa da. Kirol honek onura asko ekartzen dizkie hasiberriei, baina, teknikan sakonduz gero, onura handiagoak lor ditzakezu».
Egokitutako zentroak
Gaur egun talde ugari daude Euskal Herrian. Araban, esaterako, Agurainen, Asparrenan eta Kanpezun ibilketa nordikoa egiteko ibilbideak daude markatuta. Bizkaian, besteak beste, Balmasedan, Gorlizen eta Markina-Xemeinen. Gipuzkoan, berriz, Deban, Donostian eta Zumaian daude ibilbiderik aproposenak. Lapurdin, berriz, Baionan, Angelun, Hazparnen… Ibilketa nordikoa praktikatzeko taldeak osatu dira. Nazioarteko sistema aintzat harturik, lau mailatan sailkatzen dira ibilbideak: berdea, urdina, gorria eta beltza. Bakoitzak bere kolorea du. Horiek dira, hurrenez hurren, zailtasun gutxiena eta zailtasun handiena duten ibilbide mailak. Sailkatzeko garaian, kilometroak eta pendizak neurtzen dituzte, baina baita ibilbide hori osatzeko erabili beharreko teknika ere.
Beatriz Fernandez Euskadiko ibilketa nordikoko zentroko koordinatzailea da. Argi du hasiberrientzat kolore berdeko ibilbideak egitea dela egokiena. «Beti gomendatzen dugu errazenetatik hasteko. Gero urdinekin saiatzeko. Gainera, mundu guztiak ez ditu ibilbide gorriak edo beltzak egin behar. Jende asko oso eroso eta gustura sentitzen da ibilbide berdeetan eta urdinetan». Zentro bakoitzak informazio gune bat dauka, herriko turismo bulegoetan edo kiroldegietan aurki daitekeena. Makilak alokatzeko aukera izateaz gain, mapak ere eskuragarri daude informazio puntuetan. Gainera, ibilbidea aurretiaz prestatu nahi dutenentzat, nordicwalkinggunea.net webguneak mapak deskargatzeko aukera eskaintzen die. Bai GPS-rako eta bai Google Earth, Google maps eta Wikiloc aplikazioetarako. Fernandezen iritziz, mota askotako ibilbideak egin daitezke Euskal Herrian. «Paisaia aldetik aukera sorta handia dago. Gorlizen edo Zumaian labar artetik ibiltzeko aukera dago. Araban, berriz, lautadak eskaintzen dituen paisaiekin goza daiteke. Beraz, badago non aukeratu».