Julen Etxeberria / 2016-02-24 / 741 hitz
Ustelkeriarekin lotutako eskandaluen zurrunbiloan bete-betean sartuta aukeratuko du larunbat honetan presidentea FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak. Ikusteko dago lehendakari berriak beharrezkoa den astindua emango ote dion erakundeari, eta hori egiten utziko dioten.
Ohi baino mugimendu handiagoa dago egunotan Zuricheko (Suitza) Baur aur Lac hotelean. FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak batzarra egingo du larunbat honetan erakundeko presidentea aukeratzeko, eta, halakoetan, Baur aur Lac hotela FIFAren egoitza inprobisatua bilakatu ohi da. Aukeran datorkio. Hiriko hotelik esklusiboena da. Luxuak eta gehiegikeriak gainezka egiten dute bertan. Ez da harritzekoa, beraz, FIFA izatea hoteleko bezerorik finenetako bat. Kirolean gehiegikeriaren adibide nabarmenik baldin badago, hori FIFA da, futbolaren erakunde nagusia. Ustelkeriarena ere bada, azken bederatzi hilabeteetan harekin harreman zuzena edo zeharkakoa duten 40 lagunetik gora inputatu baitituzte, horietatik gehienak goi kargudunak.
Baur aur Lacen eta FIFAren arteko lotura, ordea, bezero-zerbitzari harremanaz haragokoa da. Hotel horretan gertatu zen erakundea dardarka jarri duen lurrikara. Iaz izan zen, maiatzaren 27ko goizaldean. AEBetako Justizia Departamentuak aginduta, Suitzako Poliziak FIFAko zazpi goi kargudun atxilotu zituen han: Eugenio Figueredo eta Jeffrey Webb lehendakariordeak, eta Eduardo Li, Jose Maria Marin, Julio Rocha, Costas Takkas eta Rafael Esquivel FIFAko kideak. Nicolas Leoz eta Jack Warner FIFAko kideen aurka ere karguak aurkeztu zituzten, baita FIFArekin harremana zuten bost enpresariren aurka ere. Ustelkeria, eroskeria eta diru zuritzea leporatu zieten guztiei.
Loretta E. Lynch AEBetako fiskal nagusiak orduan jakinarazi zuenez, eskandalu horrek, besteak beste, 2010eko Hegoafrikako Munduko Koparen aukeraketa eta Joseph Blatterren 2011ko hautaketa zipriztindu zitzakeen. Hori gutxi ez, eta eskandalu horri beste bat gehitu zitzaion. Izan ere, operazio hori egin zen egun berean Suitzako Fiskaltzak jakinarazi zuen ikerketa bat jarri zuela martxan, FIFAk hala eskatuta, argitzeko ea eroskeria eta diru zuritzea egon ziren 2018ko Errusiako eta 2022ko Qatarko munduko kopetako aukeraketetan.
Atxiloketak FIFAren batzar nagusia hasi bezperan egin zituzten. Halere, batzarra egin, egin zuten, eta batzarrak Blatter aukeratu zuen bosgarrenez presidente kargurako—1998an aukeratu zuten lehen aldiz—. Suitzarrak Ali Bin al Hussein jordaniarra izan zuen aurkari bozketan. Bezperan izandako gertakariak hain ziren larriak, ezen pentsatzekoa zen hautagaien arteko desoreka apur bat orekatuko zutela. Baina ez. Lehenbiziko bozketaren emaitza entzutea nahikoa izan zen konturatzeko ezetz, Blatterren agintaldiko hamaikagarren eskandalua ere ez zela nahikoa izango hura bazter batean uzteko. 209 bototik 133 lortu zituen. Hark baino 60 boz gutxiago jaso zituen Alik, 73. Jordaniarra berehala konturatu zen ezinezkoa zela Blatter mendean hartzea, eta bigarren bozketa egin aurretik bere hautagaitza erretiratu zuen. Betierekoa zirudien FIFAko buruak.
Bozketaren emaitzak hautsak harrotu zituen. Zaila zen sinesten Blatter haren inguruan gertatzen zenaren berririk ez izatea. Mundu osotik etorri zitzaizkion kritikak eta salaketak. Eta inor gutxik espero zuen erabakia hartu zuen lau egun geroago: dimisioa eman zuen. «FIFAko kideek beste legegintzaldi baterako aukeratu ninduten, baina badirudi ez dudala futbol mundu osoaren babesa. Horregatik utziko dut nire kargua, FIFAren irudia garbitzeko. Ezer baino gehiago maite dut FIFA, eta, horregatik, erakunde honetarako onena nahi dudalako hartu dut erabaki hau. FIFAk erabateko berrantolaketa bat behar du». Horra haren azalpenak dimisioa emateko. Blatterek, halaber, ezohiko batzar batera deitu zuen FIFA, haren ordezkoa aukeratzeko.
Blatterrek dimisioa eman bezain pronto hasi zen haren besaulkian esertzeko lasterketa. Lasterketa hasi orduko, faborito argia zegoen: Michel Platini UEFA Europako Futbol Elkarteen Batasuneko presidentea. Haren alde egin zuten askok Blatter ordezkatzeko. Dena zuen: jokalari gisa ibilbide ikusgarria egindakoa, UEFAko arduradun nagusia eta FIFAko presidenteordea, eta, garrantzitsuena, orbanik gabeko ibilbidea. Platinik uztail amaieran aurkeztu zuen bere burua.
Platiniren gainbehera
Platini, ordea, ez da asteburu honetan Zurichen izango. Bidean geratu zen urte amaieran. FIFAko Batzorde Etikoak zortzi urteko zigorra ezarri zien Platiniri eta Blatterri, ordainketa desleiala leporatuta. Suitzako Fiskaltzaren arabera, Blatterek 1,8 milioi euro ordaindu zizkion Platiniri, 1999 eta 2002 artean egindako obra batzuen truke. Ordainketa hori, baina, 2011n egin zuen Blatterrek, hain zuzen, UEFAk beste lau urtez FIFAko buru izateko babesa eman zionean. FIFAko Etika Batzordeak aintzat hartu zuen Suitzako Fiskaltzaren ikerketa Blatter eta Platini zigortzeko. Ez da izan Etika Batzordeak azkenaldian ezarri duen zigor bakarra. Joan zen astean hamabi urteko zigorra ezarri zion Jerome Valcke FIFAko idazkari nagusi ohiari, hainbat munduko kopatako sarreren salmentan egindako irregulartasunengatik.
Bost dira azkenean hautagaiak lehendakari izateko: Ali, Salman Bin Ebrahim al Jalifa, Jerome Champagne, Gianni Infantino eta Tokyo Sexwalle. Itxuraz, Al Jalifa eta Infantino dira faborito nagusiaak. Hala ere, FIFA tartean egonda, auskalo. Argi dagoena da irabazleak lan asko duela egiteko, eta bereziki bat: erakundearen ospea garbitzea, gaur egun ezin zikinago baitago. Datu bat: Transparency Internationalen arabera, zaleen %69k ez dute konfiantzarik FIFArengan. Besaulkira iristen dena hori aldatzen saiatuko da. Horretarako, astindu galanta eman beharko dio. Ikusteko dago hori egiten ausartuko den, edo hori egiten utziko dioten.